Osakidetzak ez du betetzen 1299/2006 dekretua

2019ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Lanbide Gaixotasunei buruzko 1299/2006 dekretuak honako hau xedatzen du 5. artikuluan: «Estatuko Osasun Sistemako fakultatiboek [gure kasuan, Osakidetzakoek], euren lan jardunean baldin badute lanbide-gaixotasuntzat jo daitekeen edo lanean jatorria duen gaixotasun baten berri (1. eranskinean edo Errege Dekretu bereko 2. eranskinean jasotakoa, hurrenez hurren), jakinarazi egin beharko diote, dagozkion ondorioetarako, erakunde kudeatzaileari 3. artikuluan zehaztutako sailkapen ondorioetarako. Jakinarazpen hori, dena delako erakunde eskumendunen bitartez egingo da».

Eskandaluzkoa da Osakidetzak lege hori ez betetzea, batez ere minbiziaren kasuan, gaixo zegoen pertsonak ez bazuen gaixo agiririk hartu erretiratua edo lanik gabe zegoelako, kasurik gehientsuenetan gertatu ohi den bezala. Euskadiko 2018-2023 Onkologia Planean, lotsa apurrik gabe aipatzen dute 2012. urtean gizonezkoetan 645 minbizi diagnostikatu zirela, eta emakumezkoetan 124, laneko esposizioari egotziak. Zergatik ez zuten horien susmoa jakinarazi? Zergatik hartzen dituzte beren gain osasun kostuak, berez lanbideko arriskuei badagozkie? «Nahikoa da susmoa jakinaraztea» argudioaren bidez engainatzen dituzte beste bakan batzuk. Urtebeteren edo biren buruan, baldin eta eriak ez badio aurkeztu Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari ezintasun iraunkorra lortzeko eskabidea, lanbide gaixotasuna ez diote halakotzat aitortuko, eta gaixoaren asmoak zapuztuta geratuko dira. Ezbairik gabe, bada konspirazio bat lanbide gaixotasunak isilarazteko eta ezkutatzeko, eta Osakidetzako zuzendariak horren jakinaren gainean daude.

Osasun alorreko profesionalei ahaztu egiten zaie beren ikasleei hau galdetzea, XVII. mendean Bernardino Ramazzini italiar mediku eta Medikuntza Okupazionaleko irakasle ere bazenak aholkatu ohi zien moduan: «Galdetu ohean etzanda dagoen gaixoari ea zer bizibide duen, zerikusia izan baitezake haren gaixotasunarekin». Ez da existitzen prebentziorik, lan munduan presente dauden substantzia kantzerigeno ugariekiko arriskuei dagokienez; norbanakoen ohiturez bakarrik kezkatzen dira: erretzen al duzu? Edaten al duzu?

Europako Batasunak egindako ikerlan baten arabera, Espainiako Erresuman dago langilerik gehien beren lanpostuetan substantzia kantzerigenoekiko esposizioan dihardutenak (Europako langile guztietatik %26,8), eta, ezbairik gabe, Euskadi dago horien guztien buruan. Ez da kasualitatea, halaber, Euskadin minbizia izatea heriotza eragile nagusia, Espainiako Erresumako gainerako komunitateetan ez bezala, eta ez arrazoi genetikoengatik edo erretzeko ohitura handiagoa izateagatik. Europako Batzordeak berak ere minbizia aipatzen du heriotza eragile nagusi gisa, eta lanbideko heriotzen %53rena.

Bai lehen nire jardun sindikalean bai orain Asviamie elkartean, aspertuta nago hainbat kasuren inguruko txostenak ikusteaz industriako langile izandakoen artean: hala nola mesoteliomaren edo pleurako minbiziaren, asbestosiaren, biriketako fibrosiaren, pleurako plaken edota biriketako adeniokartzinomen ingurukoak; profesionalek «jakinarazten» ez dituzten gaixotasunak denak, ezin eztabaidatuzkoa izanik ere lanbidean dutela jatorria. Beste horrenbeste gertatzen da hipoakusia edo entzumen galera, muskulu eta hezur sistemako lesio ugariekin ere (karpoko erretena, tendinitisa), horiek ere gaixotasun arrunt gisa tratatzen baitira, argi eta garbi egonagatik lanbidean dutela jatorria gehienbat. Zer dela-eta, bada, halako zabarkeria?

Ikusten dut, orobat, amiantoarekiko esposizioan jardundakoen zerrendan dauden ehunka pertsona —ni bezala—, lanbide horretan jardun osteko zaintzarako eskubidea dutenak, ez dituztela deitzen osasun azterketak egitera (edo urteetako tartearekin deitzen dituzte), protokoloak agintzen duen moduan, ezpada gaixotasunak erasanda dagoenak behin eta berriz halakoaren eskea eginda. Osasun zaintza hori, substantzia kantzerigenoekiko esposizioan jardun genuenoi legez dagokigun eskubidea ez ezik, giltzarri bat ere bada amiantoaren gaixotasunak goiz detektatu ahal izateko.

Osakidetzako zuzendari eta profesional batzuek legea hala ez betetzea, hain zuzen, gaixo dagoenaren kalterako da: galdu egiten ditu Gizarte Segurantzaren diru laguntzak —eskubidez dagozkion horiek—, eta iruzur egitea dakar lanpostuko prebentzio neurrietan, ezkutuan geratzen baita gaixotasun horiek lanbidean dutela jatorria; eta, areago oraindik, Osakidetzak bere gain hartzen ditu Lanbideko Kontingentziei dagozkien osasun gastuak. Zer osasun gastu eskatu dizkiete mutualitateei edo Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari urteotan hauteman ahal izan ditugun lanbideko minbiziengatik?

Lan jatorriko gaixotasunak direlako «susmoa jakinarazi» gabe uzteak bide ematen die Osasun Publikoko aurrekontu murrizketei —baliabideen ihesa dela eta—, patronalen mutualitateen onurarako.

Asviamie, amiantoaren biktimen euskal elkartea den aldetik, auzi eske bat prestatzen ari da Osakidetzaren kontra, gaixo dauden pertsona horiei galera ekonomikoak eragiteagatik, dena delako gaixotasuna zutelako «susmoa jakinarazi» gabe eduki baitituzte hainbeste urtean. Ez dugu onartuko minbiziak edo arnasbideko gaixotasun larriak dituzten pentsiodunek diru laguntzak galtzerik, eskubidez baitagozkie laneko esposizio toxikoengatik; eta are gutxiago onartuko dugu Osakidetzako zuzendari eta profesional batzuen jarrera intsumisoagatik galtzerik eskubide horiek.

Nolanahi ere, kezkagarria da parlamentuko indarren pasibotasuna —batez ere ezkerrarena eta eragile sozialena— osasun publikoko baliabide ekonomikoetan egindako iruzur horien inguruan; izan ere, arazo larria da gaixotasunen jatorria ezkutatzea, batez ere minbiziarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.