Diesel motorren etorkizun iluna

Aitor Urresti Gonzalez
2018ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Orain dela aste pare bat, Espainiako Trantsizio Ekologikorako ministroak, Teresa Riberak, automobil fabrikatzaile guztiak sutan jarri zituen diesel motorren etorkizuna kolokan jarri zuenean. Egia esan, ez zuen ezer berririk esan, behintzat energiaren alorrean gabiltzanok diesel motorrak dauzkan abantailak eta desabantailak ongi ezagutzen ditugu. Eta diesel motorraren etorkizuna oso iluna dela, argi dago aspalditik, behintzat pertsonen garraio pribatuari dagokionez.

Garraio sektoreak garrantzi handia hartu du azken urteetan, bere kontsumo energetikoa eta negutegi efektuko gasen isuriak modu nabarmenean hasi direlarik. Garraioak kontsumo energetikoaren %40a suposatzen du Euskal Herrian, eta batez ere erregai fosiletan oinarritzen da, gasolina eta diesela.

Azken urteetan, diesel motorrak maiz agertu dira prentsan. Besteak beste, dieselgate kasuan, diesel fabrikatzaileek, kotxe horien emisioetan iruzur egiten zutela argi gelditu zen. Eskandalu hauek diesel motorren izen ona kolokan jarri dute. Baina, motore hauek benetan kaltegarriak al dira?

Diesel motorrek, erregai fosiletan oinarritutako motor guztiak bezala, negutegi efektuko gasak isurtzen dituzte. Ezagunena CO2a da, baina ez da sortzen den gas bakarra. Diesel motorrek eta gasolinakoek, CO2 isuri antzekoak dauzkate, pixkat txikiagoak dieseletan. Baina diesel motorrek beste isuri kaltegarri batzuk ere badauzkate. Besteak beste, NOx, nitrogenoko oxidoek, CO2a baino 200-300 bider indartsuagoak dira berotegi efektuarekiko. Eta diesel motorrek zortzi edo hamar bider gehiago sortzen dituzte.

Diesel motorren arazoa ez dago klima aldaketarekin bakarrik lotuta. Osasunarekiko kaltegarriak ere badira. Izatez, aldez aurretik aipatutako NOx-ak kaltegarriak dira arnasketa sistemarako; arnasbideak sumintzen ditu. Gainera, hirietako smog-aren sortzaileak dira, eta partikulen isuriak ere nabarmenak dira. Azken urteetan, hainbat hirietan trafikoa murrizteko neurriak aurrera atera dira, kotxeen isuriak murrizteko, bereziki diesel motorrenak. Urtero, mundu mailan, 160.000 pertsona hiltzen dira trafikoaren kutsadura dela eta. Eta zifra hau goraka doa urtetik urtera.

Garraio sistemak bere trantsizio ekologikoa egin behar du. Trantsizioaren irizpideak jarraituz: aurreztea, eraginkortasuna, eta energia berriztagarrien erabilera. Irizpide hauek garraio sistemara zabaltzeko jarraibideak oso errazak dira. Garraio sistema osoa birplanteatu beharra dago, garraio publikoa eta partekatua lehenetsiz, eta motorerik gabeko mugikortasuna bultzatuz (bizikleta, oinez...). Aldi berean, teknologiarik kutsagarrienak alde batera utzi behar dira, eta hemen argi dago kaltegarriena diesel motorra dela. Azkenik, energia berriztagarriak erabiltzeko modurik errazena garraio sistema elektrifikatzea da. Trenbidea oinarrizko azpiegitura izan beharko litzateke, trenbide sozial bat bultzatuz, herrien arteko mugikortasuna sustatzeko. Eta ez bakarrik jendearentzat, baita produktuen garraiorako ere; trenbidea irtenbide interesgarria da. Horrek guztiak pentsamolde aldaketa sakona suposatzen du, baina itzela da irabazteko daukaguna, klima aldaketaren murrizketari eta osasunaren hobetzeari dagokionez. Ekin diezaiogun aldaketari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.