'Gaslight'

2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Ingrid Bergman aktoreak 1945. urtean emakumezko aktorerik onenaren Oscar saria eskuratu zuen Gaslight (gas argia) pelikulan egindako antzezpenarengatik. Antzerki obra batean oinarrituriko pelikula bat da George Cukorren hori, eta Bergmanek Paularen rol protagonista antzezten du, eta, filmean, senarrak sinetsarazten dio bere irudimenaren emaitza direla bai senarrak berak gas argian eragiten dituen intentsitate aldaketak eta bai etxean entzuten diren zarata arraroak. Senarraren manipulazio horrek eramaten du Paula bere burua erotzat jotzera.

Bereziki, 1970eko hamarkadatik aurrera, filmaren izenburua esamolde bihurtu zen, eta gaslighting egitea erabiltzen hasi zen Paulak jasan zuen manipulazio psikologiko mota izendatzeko, bai hizkera arruntean eta baita psikologiako eskuliburuetan ere. Geroago, feminismoak asko landu du termino hori, indarkeria matxista jasaten duten emakume askok pairatzen baitituzte gaslighting-aren ondorioak. Mekanismo psikologiko horren oinarria da pixkanaka informazio kontraesankorra edo osatugabea eskaintzea da. Horren ondorioz, biktimak bere oroimenean, pertzepzioan eta zentzutasunean duen konfiantza galtzen du.

Abuztuaren 9an sare sozialetan zabaldu zuen mezu batean, lehendakariak «zer gertatzen ari zaigu, Jaurlaritzako Osasun sailburuak etengabe emandako mezu larrien eta egunero gertuko zein urrutiko egoera larria islatzen duen informazioaren aurrean, martxoaren 13tik ekainaren 18ra arteko garaia bizi izan ez bagenu bezala jokatzen badugu?» galdetu zigun hiritarrei. Galdera hori irakurtzean, Ingrid Bergmanen aurpegi izutua gogora etorri zitzaidan, hor baitzegoen erantzunaren gakoa: gertatzen dena da euskal gizartea gaslighting-a jasaten ari dela.

Sare sozialetan mezu hori zabaldu baino hilabete bat lehenago, lehendakariak ondorengoa adierazi zuen: «Mendira joatea, hondartzara joatea edo asteburua pasatzea segurua bada, botoa ematera joatea are gehiago». Baina abuztuaren 6an, Nekane Murga Jaurlaritzako Osasun sailburuak kontrakoa zioen: «Hainbeste kasurekin, normaltasun berria ez da posible: ohiturak aldatu behar ditugu, eta jendearengandik urrundu»; ez hori bakarrik, hildakoak egongo zirela ere ziurtatzen zuen, baina ez zuen ematen hori ekiditeko inongo neurriren berri.

Baten batek esango dit datuak bestelakoak direla orain, mezuak datuek islatzen duten errealitatera egokitzen direla eta, beraz, aldakorrak ere badirela. Ados egongo nintzateke agintariek zabaldutako mezuetan izan diren aldaketa horiek hain erabatekoak, azkarrak eta duela gutxikoak izango ez balira. Jakin badakit egoera konplexua dela eta aurreko esperientziarik ez dugula. Ez naiz ari Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak martxoan bota zituen zentzugabekeriei buruz, edota Nekane Murgak apirilean maskararik ez zuela erabiltzen esan zueneko momentu hari buruz, Pedro Sanchezek erabiltzen bazuen «koronabirusa daukalako» izango zela iradoki baitzuen. Denborarekin, asko ikasi dugu denok; orain duela lau hilabete esaten zituztenak ez dizkiet leporatuko, beraz, baina udara honetan esandakoak beste kontu bat dira. Deskonfinamendua hasi zenetik, birusa oraindik ere gurekin dagoela aho txikiarekin esaten duten bitartean, agintariek mugak inauguratu, hauteskundeak egin edo Donostiako Miramar jauregian festak antolatu dituzte.

Gaslight-aren ondorio nagusia norbera burua galtzen ari dela sentitzea da: beldurra, segurtasun falta, ideia nahasketa, desorientazioa eta erabakiak hartzeko ezintasuna nagusitzen dira. Orduan, hori pairatzen duen pertsonak egia dena edo ez dena ezin du argitu, eta, beraz, egunerokotasunera eta errealitatera egokitzeko geroz eta zailtasun handiagoak ditu. Zaila da, lehendakariak eskatzen zuen «erantzukizuna eta erantzukidetasuna» lortzea etengabe mezu kontrajarriak jasotzen ditugunean. Tabernetara kontsumitzera joan behar gara, baina etxean geratzea hobe; turismoa ekarri behar dugu, baina «tsunamia» dator; Donostiako Aste Nagusia ospatu dezakegu baina osasun larrialdi egoeran gaude; bakoitzak bere harremanetan dituen pertsona kopuruak murriztu beharko ditu, baina gainezka dagoen autobusean edo trenean joan behar gara lanera.

Pandemia gainditzeko eta bereziki zaurgarriak diren pertsonak zaintzeko denon konpromisoa eta ardura ezinbestekoak dira, noski. Baina ez dago erantzukizun indibiduala eskatzerik erantzukizun instituzionala ez dagoen bitartean, biak estuki loturik baitaude; hori da benetan eskatu behar dugun erantzukidetasuna. Agian, beldurra eta alarma eta, aldi berean, segurtasun sentsazioa eta axolagabetasuna zabaldu ordez, Eusko Jaurlaritzak ulertu beharko luke«ardura indibiduala» ezin dela lortu beldurraren bitartez, baizik eta gertatzen ari dena ondo irudikatuz, horrela kolektiboarekiko konpromisoa eta solidaritatearen garrantzia erakusteko eta horien barneraketa errazteko. Koherentzia faltak dagoeneko ezarri diren jarrerak indartzen ditu bakarrik: beldurraren diskurtsoak beldurra dutenen izua handitzen du eta segurtasun sentsazioarenak berez arduragabeak diren jarrerak areagotu. Agian, gaslighting egin ordez, mezu koherenteak zabaldu, datu gardenak argitaratu eta neurri zehatzak hartu beharko lituzkete gure ordezkariek, arreta primarioa eta psikologia zerbitzuak indartuz eta kurtso hasiera ondo planifikatuz, hasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.