Euskaldunak eskolatik kanpo, eta harro gaude

Goizargi Santxo Gaskue, Ainara Oiz Elgorriaga eta Aitor Hernaiz Ormaetxea
2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Euskaldun guraso talde bat gara, eta harro euskaldun izateaz. Eta maite dugun hori zaintzeaz harro:euskara eta seme-alabak. Hauek ere harro euskaraz eskolan, etxean, lagunartean... aritzeaz. Baina zer gertatzen da eskolaz kanpoko ekintzekin?

Abuztuaren erdia behin pasa zaigunean, ikasturte berriari begira jarri gara dagoeneko guraso asko, eta gure haurren eskolaz kanpokoak aukeratzen. Baina urtero bezala, gainditu beharreko paretatzar batekin egin dugu topo. Ikerlari eta miaketa lanak egitea egokitu zaigu gure umeek euskarazko eskaintza izan dezaten. Batera eta bestera deitu, han eta hemen galdetu... eta oztopoak besterik ez gure umeek musika, marrazketa, zirkua, karatea, eskalada, antzerkia, igeriketa, yoga... euskaraz egiteko: batzuetan eskaintzarik ez dagoela, besteetan irakaslea euskalduna bai dagoela baina ezin dela taldea euskalduna izanen den ziurtatu, ume erdaldunek ere izena emateko eskubidea dutela, lehentasuna umeen adin eta jakintza mailari ematen zaiola taldekatzeak egiterakoan, eta abar. Beraz, bigarren maila batean geratzen dira euskara eta ume euskaldunak, Nafarroako hiriburuan eta inguruko auzo zein herri ugaritan.

Hauek guztiak eskaintza pribatuko zein publikoko zentroetan topatu ditugu. Talde euskaldunen falta sumatzen dugu kirol federazioetan, administrazioak kudeaturiko musika eskoletan zein kirol instalazioetan, entitate pribatuen eskaintzetan... Zergatia zein ote? Utzikeria, edota adore falta, edo erlaxazioa edo... Bigarren mailako hizkuntza gisa tratatzea akaso? Edota euskara sobera gutxi maitatzea eta euskaldun izateaz harro ez egotea?

Euskaldunak gara eta euskaraz bizi nahi dugu etxean, kalean, eskolan... baita kirola egiten dugunean ere, musika ikasten dugunean eta igerilekuan plista-plasta gabiltzanean, paretan gora kaskoa jarrita goazenean edota balleta dantzatzen dugunean ere.

Aukeratzen dugun jarduera dena delakoa izanik ere, euskaraz egin nahi dugu: igeriketa estilo guztien izenak euskaraz jakin nahi ditugulako, gure entrenatzaileek euskaraz animatzea nahi dugulako, musika talde euskaldunak nahi ditugulako, euskaraz erlaxatu nahi dugulako...

Gu, euskaldunak garelako, harro gaudelako eta toki eta jarduera guztietan euskaraz aritzeak egiten gaituelako euskaldun! Euskaraz bizi eta funtzionatu nahi dugulako! Euskara bizigarri delako eta bizimodua euskaraz egitea bermatu beharreko eskubide bat delako... ahaldundu gaitezen euskaratik eta euskaraz.

Eskolaz kanpoko jarduerak antolatzen dituzuen horiei guztiei, euskara eskaini dezazuen eskatzen dizuegu. Gure txikiak euskaldun oso izan daitezen, zuek ere euskaldun izan zaitezten; toki eta jarduera guztietan euskaraz aritzeak egiten gaituelako euskaldun oso!

ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:Aitziber Garcia Huarte, Aloña Huerta Alducin, Angela Campo Lumbreras, Bakartxo Blanco Gaskue, Erkuden Barandiaran Goñi, Garikoitz Torregrosa Armendariz, Jaione Lamariano Ausejo, Jaione Urtasun Izal, Jon Subijana Ayestaran, Nestor Esteban Scaloni, Ventura Ruiz eta Xatur Ezpeleta Otamendi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.