Desoreka injustua

2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Beti ez dago asmatzerik, eta oraingoan Foro Sozial Iraunkorrak ez du asmatu. Nire iritzia da, erakunde horrek merezi didan errespetu osoz. Badakit gaia delikatua dela, eta sentikorra, baina espero dut eztabaida publikoak ez diola inori kalterik egingo, nahiz eta, batek daki, azken boladan, oso azal fina baitaukate batzuek.

Kartzelalditik irtetean presoak ekitaldi pribatuan agurtzea gomendatzen du Foro Sozial Iraukorrak, antzeman dutenez, agurrek«biktimen artean mina areagotzen dutelako», eta «konponketaren alde daudenen artean zatiketa-elementu bihurtzen ari direlako agurrak». Arrazoiaren lehen zatia ulergarria den bezalaxe, bigarrena erabat harrigarria egiten zait, uste bainuen konponketan sartzen diren «elementuak» ez direla zatigarri, konpongarri baizik. Hori Urkulluk esatea tira, estatuak esatea bale, biktimen elkarteek esatea bego, azken batean erantzule bakarraren kontakizun edo errelato interesatua ezarri nahi baitute (bazen garai bat non euskal herritar gaizto batzuek komunitateko lagunak bidegabeki hiltzen zituzten), baina konbibentziaren «eraikitzaile», bi aldetako biktimen arteko «zubigile», arbitro edo dena delako izan nahi dutenen proposamena izateari ulertezin bezain mingarria deritzot.

Nire galdera da, bide horri jarraikiz, zenbat falta den eskatzeko presoen aldeko elkarretaratze publikoak ez egitea, urteko eta aldian behingo manifestazioak bertan behera uztea, senideek autobusa hartzen dutenean inoren laguntza ukatzea.

Desoreka

Baina zergatik diot Foro Sozial Iraunkorrak oraingoan ez duela asmatu? Bada, egin duen proposamena oso desorekatua delako, soilik alde bateko jendeari egiten baitio eskaria, praktikan gatazkaren ondorioen zama alde bakarrean ezarriz, era horretara errelato bakarraren eskakizun neurrigabeekin kointzidituz. Dirudienez, soilik ETAren biktimei areagotzen zaie sufrimendua aldian behin, preso politikoek eta haien senideek eta lagunek ez dute minik sentitzen ehunka kilometro egin behar duten bakoitzean, espetxe barruan gertatzen diren bidegabekeriekin, herriratzearen ordez hurbilketa ziztrina eta tantaka inposatu zaienean, agintari autonomikoek haien eskutitzei erantzun ere egiten ez dietenean, edozein ahalegin ez nahikotzat jo eta soilik damuketa eskatzen zaienean, etab. Arrazoi berberarekin, zer dela-eta ez dira pribatuan egiten gainontzeko omenaldi, oroimen-saio, domina-banaketa, urtealdiak etab? Badakit Foro Sozial Iraunkorrak aitortzen duela senideen sufrimendua, baina gomendioa soilik haiei egitean kontrakoa dirudi. Eta injustua da.

Agurrak pribatizatzea eta presoen egoera hobetzea (bigarren edo hirugarren graduak abiatuz omen) ez daude maila berean. Estatuak beti dauka erantzukizun handiagoa herritarren egoera konpontzeko orduan (eta deskonpontzekoan ere bai), are gehiago konpromisoak nekez betetzen dituenean.

Ongietorriak direla-eta, Foro Sozial Iraunkorrak presoen auziaren konponketarako «lortutako kontsentsuak arriskuan» jar daitezkeela esateak norbaiten xantaia-kutsua du. Eskubideekin jokatzen ari gara, ez portaeraren araberako justiziarekin.

Edozein moduz, hemen beste kontu bat dago: alegia, denekin aldi berean ezin dela berdin enpatiko izan, eta estatuaren logikan sartuz gero batik bat hari egin behar zaiola men, eta konturatu gabe otzantzen ari garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.