Gizarte Hezkuntzaren eguna

Ainhoa Martin, Jon Mikel Luzarraga eta Jose Inazio Imaz
2023ko irailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Astelehenean, urriaren 2an, Gizarte Hezkuntzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Baina ba ote daki jendeak Gizarte Hezkuntza zer den? Esan izan bagenu Irakasleen Eguna dela, ez legoke esplikatu beharrik irakasleek zer egiten duten. Gizarte Hezkuntza, ordea, azken hamarkadetan profesionalizatu den arloa da, eta horregatik oraindik ere bere ikusgarritasuna landu beharra dauka.

Gure garaiko gizarte modernoetan, irakasleak ez dira hezkuntza arloan lan egiten duten profesional bakarrak, eta eskola ez da hezkuntza instituzio bakarra. Ulertu behar dugu hezkuntza bizitza osoan zehar jasotzen dugula, testuinguru ezberdinetan gainera, bai formaletan, bai ez-formaletan eta baita informaletan ere. Gizarte hezitzaileak hezkuntza ez-formaleko eremuetan ariko dira batez ere. Gertatzen dena da, oraindik ere ezezagunak direla gehiengoarentzat arlo horietako gehienak. Logikoa ere bada opakoak izatea, kolektibo zaurgarriekin lan egiten baitute askotan gizarte hezitzaileek, eta haien intimitatea babestu behar da.

Baina, era berean, lanbide honen garrantzia ere aldarrikatu beharra dago:gizarte segurantzarekin batera (erretiro pentsioak, gaixotasun bajak...), hezkuntza sistema publikoarekin batera eta osasungintza publikoarekin batera, politika sozialek eta gizarte zerbitzuek osatzen baitute gure ongizate estatuen laugarren hanka funtsezkoa. Eta hor gizarte hezitzaileek ahalbidetzen dituzten esku-hartze sozio-hezitzaileak ezinbestekoak dira.

Gizarte hezitzaileak gizarte eta hezkuntza arloko profesionalak dira, eta aldaketa-prozesuak sortzen dituzte, helburua pertsonen, kolektiboen eta komunitatearen bizi-baldintzak hobetzea izanik, arreta berezia eskainiz kolektibo zaurgarriei eta desabantaila egoeran daudenei.

Gizarte hezkuntzako jardun nagusia, esan bezala, gizarte zerbitzuetako esparruan ematen da, adibidez haur eta nerabeen babes sisteman, harrera etxeetan, esku-hartzeak eginez familiekin, kale heziketan, urritasunen eta aniztasun funtzionalaren arloan, hirugarren adinean, bazterketa sozial egoeratan...

Baina, horiez gain, gure gizartean funtsezkoak diren beste hainbat arlotan ere ari dira gizarte hezitzaileak: gazteriaren sustapen arloan (haur, nerabe eta gazteen aisialdia dinamizatzeko programetan, ezagunak diren haurtxoko edota gazte-lekuetan adibidez), eskolan (ikasle kolektibo konkretuekin esku hartzeak eginez, bizikidetzarako programak landuaz, helduen alfabetatzean), osasun arloan (osasun mentalean, sentsibilizazio eta prebentzioan, menpekotasun arazoetan...), enplegurako orientazioan edota kolektibo zehatzentzat enplegurako formazioan eta babestutako enpleguetan, justizia arloan (adin txikoekin epaitegietako talde psiko-sozialetan, erreforma zentroetan, kartzelarekiko alternatiba izan nahi duten programetan), kulturartekotasuna sustatzen, genero berdintasunean (indarkeria matxistaren aurka, emakumeen etxeen dinamizazioan), immigrazioan (bitartekaritza, dokumentazio erregularizazio prozesuetan), edota garapen komunitarioan (parte hartze prozesuak, esku hartze komunitarioak, sentsibilizazioa).

Lehen ere, gizarte gehienetan existitu izan dira behar gehien dutenentzako laguntza sistemak. Gertatzen dena da, azken hamarkadak arte, karitatean oinarritu izan direla kasu askotan, eta boluntarioen esku geratzen zela. 1990. urtetik aurrera, ordea, Gizarte Hezkuntza gradua sortzen da. 2003an Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoa sortu zen. Eta lanbidea profesionalizatzen joan da, bestelako printzipioetan oinarrituta: giza eskubideak, justizia soziala... Administrazio eta gobernu ezberdinek ere beraien ardura onartu behar izan dute pertsona guztien duintasuna bermatzeko, eta hirugarren sektoreko edo gizarte zibileko bestelako erakunde eta entitateekin batera, behar hauek betetzen joan dira.

25 urte pasa dira 1997-1998 ikasturtean gizarte hezkuntzako lehen promozioa diplomatu zenetik, eta 25 urte hauetan ehunka hezitzaile atera dira Euskal Herriko unibertsitateetatik, ahalegin handiz lanbide honen errealitatea eraikitzen aritu direlarik. Eta horietatik gehienek aukera izan dute lanpostu bat bilatzeko, kasu gehienetan gainera ikasitakoarekin zerikusia dutelarik beraien lanpostuek (ikusi Lanbideren txostenak).

Lanbidea finkatzen eta indartzen jarraitzeko, Gizarte Hezitzaileen Euskadiko Elkargoak (ceespv.org), EHU Euskal Herriko Unibertsitateak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanerako batzorde bat sortu dugu azken urteetan, arlo profesional eta akademikoak bat eginik, profil profesionalaren jarraipena egiteko, lanbidearen zehaztapena eta defentsa egiteko, ikerketa sustatzeko, egindakoa sistematizatzeko eta gizartean lanbide honen zabalkundea egiteko.

Gizarte batean zubiak eta igogailuak egitea garrantzitsua da, baina baita hezkuntza ere. Esku-hartze sozio-hezitzaileen bidez, gizarte hezitzaileek funtsezko ekarpena egiten diote gure gizarteari. Errekonozitu, ikusarazi eta balioa eman diezaiogun beraz Gizarte Hezkuntzari!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.