Bildarratzen jostailu akastuna

Karmele Ormazabal eta Maria Albisu
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Aspalditik ari gara Ordiziako Eskola Publikoko kideok eta hamaika txokotako eskolak pairatzen ditugun desorekak bideratzen lagunduko diguten neurri eta tresna eske. Olentzeroren oparia bailitzan iritsi zitzaigun, paper dotorez bildua, zaurgarritasun indizea eta ikastetxeen arteko desoreka bideratzeko tresna. Papera kentzen hasi orduko, ordea, konturatu ginen jostailuak akats larriak zituela. Nola liteke ikasle edota familien zaurgarritasun maila neurtzeko familia bakoitzari galdetzea Netflix duten ala ez, etxean zenbat bainugela dituzten, familia kideen smartphone, tablet edo e-book kopurua, Interneterako sarbiderik duten ala ez... eta ez hartzea kontuan objektiboagoak diren familien zerga aitorpena, jabetzak, jatorria, euskara ezagutza edo zerbitzu sozialen edota laguntza sozialeko zerbitzuen erabilera? Galdetegiak subjektibotasunerako tarte handia uzten du. Eta hori horrela, eskola plaza jokoan egon daitekeela jakitun, familiek komenigarrienak zaizkien erantzunak eman ditzakete.

Ordizian migrazio tasa orokorra %19koa da. 5 urtetik beherako haurren familien %37k jatorria atzerrian dute, baina adin tarte horretan Eskola Publikoan matrikulaturik daudenen proportzioa %56koa da. Proportzio hau are handiagoa da zaurgarritasun neurriak hartzen diren 2 urteko geletan. Ordizian eskolatuak dauden ikasleen guraso edo tutoreen %38 ez dira euskaraz moldatzeko gai; eskola publikoan matrikulaturiko ikasleen guraso eta tutoreen artean, proportzio hau %59koa da. Eta egoera sozioekonomiko zaila duten eta Gizarte Zerbitzuen esku-hartzea edo laguntza jasotzen duten Ordiziako familietako ikasle ia guztiek Eskola Publikoan ikasten dute.

Ordiziako eskolen artean, jatorriaren baitako desoreka ehuneko 31,5 puntukoa da. 25,5 puntu hazi da azken zortzi ikasturteetan. Eskola bakoitzeko familien euskara ezagutzan ehuneko 48 puntuko desoreka dago. Eta behar sozialak dituzten ikasle eta familia ia guztiak Eskola Publikoan daude.

Hau honela, zur eta lur utzi gintuen Hezkuntza Sailak Ordiziarako hasieran ezarritako zaurgarritasun indizea %15,96koa izateak eta Eskola Publikoarentzat %27,91koa. Matrikulazio prozesuaren ondoren zuzendu bazuen ere (Ordiziarako %34 eta Eskola Publikoarentzat %51), aurrez adierazitako zaurgarritasun adierazleetatik baxuenaren nabarmen azpitik ezarri dute behin betiko indizea, hartu beharreko neurrietan ondorio zuzenak eraginez.

Erabat eztabaidagarriak diren irizpide hauek eta errealitatearekin bat ez datozen datu hauek hartu ditu Jaurlaritzak ustezko orekatze neurriak aplikatzeko. Baina neurrien aplikazioan ere, jostailuak akats larriak ditu. Akatsak edo, hain zuzen ere, zaurgarritasun handiena duten ikastetxeak —kasurik gehienetan, ikastetxe publikoak— kaltetzen dituen joera. Hori gertatu da, besteak beste, Ordiziako Eskola Publikoan.

Ordizian Eskola Publikoak Haur Hezkuntzako 2. mailarako 47 matrikulazio eskaera jaso zituen; Jakintza Ikastolak, aldiz, 45. Behin betiko matrikulazioa honela gauzatuko balitz ere, Eskola Publikoak zazpi ikaspostu libre izango zituzkeen. Hezkuntza Sailak, ordea, guztiz subjektiboa eta eztabaidagarria den Zaurgarritasun Indizean oinarrituta, eta ikasturte honetan bi ikastetxeen arteko desoreka gehienez %10 murrizteko muga aintzakotzat hartuta, matrikulazio eskaera Eskola Publikoan egin zuten hiru ikasle ikastolara bideratu ditu. Aldiz, ikasle bat bideratu du ikastolatik Eskola Publikora. Azken emaitza: matrikulazio hobea eta plazak libre dituen Eskola Publikoa 45 ikaslerekin utzi du, eta Jakintza Ikastola 47rekin.

Hau da, zaurgarritasuna orekatzeko aitzakiarekin, Bildarratzen sailak, matrikulazioa irauli du Eskola Publikoa bi matrikula gutxiagorekin utziz Jakintza Ikastolaren mesedetan. Mugimendu guztiz harrigarri eta salagarria. Izan ere, desoreken murriztean oso antzeko eragina izango zukeen bi ikastetxeen matrikulazioa mantendu eta zaurgarri izendaturiko bi edo hiru ikasle Eskola Publikotik Jakintza Ikastolara bideratu izan balitu eta ez zaurgarri moduan izendaturiko kopuru bera Jakintza Ikastolatik Eskola Publikora. Honek desoreka modu antzekoan murriztuko zukeen, hasierako matrikulazio eskaerak bere horretan mantenduko lituzke, zaurgarritasun handiena duen ikastetxearen egoera hobetuko luke, eta Eskola Publikoa ez luke kaltetuko.

Zergatik hartu du Hezkuntza Sailak zaurgarritasun maila handiena duen ikastetxea kaltetzen duen erabakia? Zergatik ez du babestu eta lehenetsi Eskola Publikoa?

Hauek Ordiziako datuak eta erabakiak dira, baina ziurrenik gauza bera gertatu da zaurgarritasun maila altua duten EAEko gainerako ikastetxe publikoetan.

Hezkuntza Saila eskola segregazioa ukatzetik onartzera pasatu da. Ez da gutxi. Orain, ordea, hori modu eraginkorrean, segregazioa gehien pairatzen duten ikastetxeak kaltetu gabe eta Eskola Publikoa babestuz eta lehenetsiz egitea falta zaio. Gainera, Ordizia edo antzeko desoreka handiak dituzten guneetan pauso esanguratsuak emateko plan bereziak ezinbestekoak dira.

Bildarratz jauna, zure jostailuaren akats larriak ikusita, paper dotorean berriro ere bildu eta bueltan bidaltzen dizugu. Lehenbailehen jostailuaren akatsak zuzendu eta berri bat bidaltzea eskatzen dizugu. Gabonak gertu ditugu eta matrikulazio prozesu berria ate joka, ezin dugu denbora gehiago galdu. Olentzeroren bitartez bidali nahi baduzu, bikain, baina arren, ez dugu ikatz gehiago merezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.