Aberri Eguna, herri aukera

2020ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Alarma egoeraren une honetan gu guztion lehentasuna osasuna zaintzea da, gurea eta gure ondokoena, eta, horretarako, osasun sistema indartzea eta sendotzea izan behar dugu helburu. Hasi gara ohartzen, hala ere, osasun krisialdi honek osasun arloko ondorio zuzenez gain —itxura guztien arabera, gure artean luzaro iraungo dutenak— beste arlo batzuetan ere zuzenean eragiten ari dela. Nolanahi ere, uste dut oraindik ez garela jabetu zer-nolako eraldaketa dugun aurrean.

COVID-19ak eragindako geldialdia gertatu baino lehen, askoren ahotan eta idazlumetan trantsizio globalaren ideia zegoen. Globalizazioaren demokratizazioaz eta jasangarritasunaz hitz egiten zen. Denok jabetzen ginen, modu batean edo bestean, generaman bizitza erritmoa ez zela normala; gure ingurukoentzat denbora ez edukitzea ez zela zilegia; gure kontsumitzeko erak ezin zuela iraun, are gutxiago jende askok jatekorik edota lo egiteko aterperik ere ez duenean... Azken finean, gure bizi eredu kontsumistak, indibidualistak eta kutsagarriak porrot egin behar zuela, berandu baino lehen. Eta heldu da unea.

COVID-19ak ondorio ekonomiko eta sozial larriak utziko dizkigu, baina ezin diegu aurre egin osasun larrialdiaren aurretik genuen mentalitate eta kultura demokratiko berarekin, bestela, putzu handiago batean sartuko gara. Geldialdiak ingurumenari on egin dio, denbora eskaini digu gauza garrantzitsuez hausnartzeko, eta aukera paregabea eskaintzen digu krisialdiaren ondorio ekonomikoei, sozialei eta kultur edo hizkuntza arlokoei beste konpromiso eta ardura batekin heltzeko. Ahaldunduago eta menpekotasun gutxiagorekin atera behar dugu krisialditik. Orain arteko hamaika itxurakeriak baztertuz, aukera paregabea dugu berdintasunean, duintasunez, elkartasunez eta askatasunez bizitzeko ereduari heltzeko, eta krisiari aurre egiteko gai den herri gisa azaltzeko.

Kezka dut erronka horiei aurre egiteko dugun gaitasun demokratikoarekin, ordea. Ardura sortzen dit Espainiako Gobernu aurrerakoiak eredu zentralista eta militarista erabili izanak alarma egoera kudeatzeko. Kezka eragiten dit euskal alderdi politikoen artean lankidetza eredurik ez egoteak krisialdia eta bere ondorioak kudeatzeko. Premia ikusten dut legebiltzarren eta gobernuen artean elkarrizketa eraikitzaile iraunkorra egoteko. Lidergo partekatuak eta kudeaketa demokratikoak behar ditugu une honetan herri gisa sendo ateratzeko. Ez gaitu inork salbatuko; aitzitik, elkarrekin sortu behar dugu eredu berri bat. Euskal Herria irudikatzeko gai izan ziren gure aurreko belaunaldiak, eta horri esker urratsak egin ditugu gaur egunera arte euskal herritar gisa. Krisitik ateratzeko ere Euskal Herria izan behar dugu buruan, eskuetan eta bihotzean, bere aniztasun eta erritmo ezberdin guztiak aintzat hartuta.

Igande honetan Aberri Eguna da. Hedoi Etxartek azaldu duenez, 1916ko Irlandako independentziaren aldeko Pazkoko asteleheneko matxinadarekin lotuta hasi ginen Euskal Herrian ospakizun hau egiten. Sarraski horren aurrean, herriek askatasuna behar dugula eta eskubideak baditugula aldarrikatzeko modua izan zen. Hainbat sentsibilitatetako herritarrak bildu izan ditu urtez urte. Nolanahi ere, XXI. mendean, komunitatea hartu behar du ardatz, eta gaur egun herritarrok ditugun behar eta itxaropenekin lotu behar dugu zentzua izaten jarraitzeko. Etorkizuna elkarrekin eta lankidetzan eraikitzeko herritarren aldarria behar du izan, nire ustez.

Aberri Egun bateratua egingo dugu aurten. Elkarrekin ospatuko dugu herri bat garela. Krisialdia baino lehen ezinezkoa zena posible da gaur egun. Batzuok etxeko balkoitik topa egingo dugu; beste batzuek, ospitaletik edo aterpetxeetatik. Batzuk, osasuntsu; beste batzuk, makalago. Batzuk, lasaiago, eta besteak, larriago. Batzuk aurreko bizitza berreskuratzeko irrikan egongo dira; beste batzuk, bizitza berria eraiki nahian. Krisialdi osteko Euskal Herrian pertsona horientzat guztientzat babes —eta segurtasun— sarea ehundu behar dugu, izan hemengo zein hango, mundu mailan harreman osasuntsuago eta orekatuago bat eraikitzeko.

Aberri Eguna elkarrekin ospatzera goaz, herri libre bateko herritar zoriontsuak izan nahi dugulako eta gure etorkizuna hemen erabaki nahi dugulako. Baina, horrez gain, konpromisoa eta jarrera adierazi beharko genuke krisialditik ateratzeko, gure esku dugun boterea eta gaitasun politikoa demokratikoki eta elkarrekin erabiltzeko. Gu guztion etorkizuna dago jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.