Gerra eta 'manipulabideak'

2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Eduardo Galeano kazetari eta idazleak zioen gerra guztiak lapurtzeko zirela. Niretzat, hori egia berdadero bakarra da. Gerrak boteretsuek antolatzen dituzte, pobreak hiltzen dira eta aberatsak aberasten dira. Sinplea baina erraz ulertzekoa da, gainerakoa fisika kuantikoa besteko zaila da ulertzea eta beretzea.

Hedabideetan ere gerra giroa dago, telebistak paperen aurka, manipulabideak hedabideen aurka. Manipulabideak eta hedabideak, manikeismo sinplista eta azterketa konplexu eta poliedriko horretan datza borroka.

Egun, aztertzen badugu zer gertatzen ari den Ukrainan telebistara begira, onak eta txarrak daude: Ukrainako herritarrak eta Putinen gobernua; ez da aztertzen Ukrainako nazia den gobernua edo 2014az gero dagoen gatazka Donbassen eta Krimean. Manipulabideek dekretatu dute gerra dagoela, fokua jarri dute Ukrainan; Yemen, Palestina, Mediterraneoko hilerria eta beste gerra guztiak kamerako alde lausotuan galdu dira. Hedabideek, batez ere paperezkoek edo egunkari digital batzuek, diote gerra bazegoela Ukrainan; 2014az gero Donbassko lurraldean, adibidez. Manipulabideek esaten dute Putinzoroa erruduna dela; hedabideek diote errudun asko daudela: Putinen kapitalaren gobernua, Ukrainako gobernu nazia, militarista den NATO eta inperialista den AEBetako gobernua. Manipulabideek ekartzen digute argi eta garbi Ukrainako herritarren sufrimendua, eta ezkutatzen dizkigute azpian dauden interes ekonomiko eta geoestrategikoak; baita NATO gero eta gehiago inguratzen ari dela Errusia. Hedabideak, aldiz, saiatzen dira guda honen alde guztiak argitaratzen: Donbassko gatazka, Maidaneko txikizioa, gasaren interesak, NATOren militarismoa, Errusiako eta AEBetako gobernuen interes ekonomiko eta geoestrategikoak.

Egiara hurbiltzea oso neketsua da; izan ere, egia konplexua da beti. Batez ere, nazioarteko gatazketan. Ezin dira aztertu orain gertatzen ari diren gauzak iraganeko aldagaiei begiratu barik, jatorria arakatu gabe, besteen interesak ikertu gabe. Ukrainako gerrarekin batera, beste herrialde batzuetan ere badaude gerrak, dozenaka, gehienak Afrikan. Adibide txiki batek balioko du ikusteko zenbateraino manipulatzen gaituzten. Jende asko ados egongo da Europako Batasunak hartutako neurri ekonomikoekin Putin eta bere gobernua estutzeko; baina galdera da: zergatik ez dira estutzeko neurri ekonomiko horiek hartzen Saudi Arabiaren edo Israelen aurka? Palestinak eta Yemenek ez dute merezi gure laguntza eta elkartasunik?

Telebistek lortu dute Putin satrapa eta psikopata moduan agertzea, Libian Muammar Gaddafirekin gertatu zen moduan; Libiako inbasioaren atarikoa izanik. Aznarrek, Bushek, Bidenek eta boteretsu askok ze motatako profil psikologikoa izango ote dute? Ondo arakatuz gero, antzerako diagnosia izango lukete: nartzisismo soziopatikoa, hain zuzen ere. Azkenean, manipulabideei edo telebistei interesatzen zaie entzule kopurua, ez egia, eta aldi berean, boteretsuen mezua zabaltzea, eurenak dira eta.

Laburbilduta, gure munduan bakea armen negozioa dutenen eskuetan dago. Si vis pacem para bellum esaldi madarikatuak gobernatzen du gure bizitzaren gurpila. Larregiko testosterona eta soziopatia gobernu gehienetan. Jose Saramagok zioen etorkizuneko faxistek ez zituztela errepikatuko Hitlerren eta Mussoliniren estereotipoak; faxista berriek, keinu militarrik gabe, hitz egingo dutela gehiengo batek nahi duenari begira: askatasuna, ongitasuna, familia, ohitura onak, erlijioa eta etika. Jende asko ez da konturatuko historia errepikatzen ari dela.

Gu eta besteak binomio hori gerren sustrai ideologikoa da, binomio hori desegin arte hierarkiak izango dira; eta guk ordaindutako armekin besteak hilko dituzte edota besteek gu hilko gaituzte binomioaren isiltasunean. Gu orokortzeko eta besteak desegin ahal izateko hierarkiak bota behar ditugu; izan ere, hierarkek besteen kontura bizirauten dute. Gerrari intsumisioa, hori bai; justiziarik gabeko egoerei aurre egin behar zaie, gure geldotasuna eta isiltasuna nepotismoaren konplizeak dira eta; beraz, indarrak eta kemena ondo zuzenduta, hierarkiaren aurka borroka gehiago, bai generoarena, bai klasearena eta arrazarena. Horretarako itzungi telebista, zabaldu liburuak, aukerako prentsa irakurri eta kaleak bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.