Klima aldaketari aurre egiteko bidea

2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Nafarroan legegintzako erantzun bat zirriborratzen ari dira, klimaren, energiaren eta lehengaien krisi larriari ez ezik bioaniztasunaren galerari ere aurre egiteko, okerreko zumeak baliatuz zirriborratu ere. Berandu goaz, eta bide okerrean. IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen txostenetan, ondorio argi eta garbiak jaso dituzte: nabarmen seinalatzen dute klima aldaketari ez heltzeak arrisku larria dakarkiela gizakiei eta herririk ahulenei, baina ondorio horiek ez dute behar bezalako erantzunik Nafarroako klase politikoan.

Nafarroan hartzen ari diren neurriek ez dute inolako eraginkortasunik. Horren erakusgarri, duela gutxiko bi adibideok: Klima Aldaketaren Legea eta Nafarroako Foru Erkidegorako Larrialdi Neurrien Foru Legearen Dekretua, Ukrainako gerrak eragin dituen ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko neurriei buruzkoa.

Klima Aldaketaren Legeak, hain zuzen, klima larrialdi honetara ekarri gaituen ekoizpen eta kontsumo eredu bera sendotzen du. Lege horrek ez du aintzat hartu garai historiko honetako helburu funtsezkoetako bat: gure gizarteak euskarritzat duen energia kontsumo itzel bezain alferrekoa modu arrazional, ordenatu eta justuan murrizteko premia. Aitzitik, lege horrek ez du zalantzan jartzen Nafarroako energia eta lurraldea harrapakaririk suntsitzaileenaren pare xahutzen duen ezein proiektu, ezta emisiorik kutsagarrienak ere: AHTa, Nafarroako ubidea, mea ustiategi eramanezinak, makroetxaldeak, legez kanpoko zentral termikoak, hondakinen kudeaketa, ibilgailu pribatuan eta errepideko garraioan oinarrituriko mugikortasuna. Lege horretan apenas ondorioztatzen den proposamenik oraintxeko larrialdiari zuztarretik heltzeko. Eta ez da ikusten, ezta lausoki ere, jarduera ekonomikoak moldatzeko inolako plan ekologiko jasangarririk, berekin dakarrenik lan produktiboa eta erreproduktiboa banatzeko neurririk. Segi dezagun ezer gertatuko ez balitz bezala, eta nork bere burua salba dezala!

Lege horrek sinetsarazi nahi digu gaur egungo hazkunde parametro eta bizimolde berberei eutsi ahal diegula, erregai fosilak energia berriztagarriekin ordeztuta. Bost axola zer planteatzen duten zientzialariek! Segitzen dute sinesten hazkunde infinitua izan daitekeela planeta finitu batean. Autokontsumoaz baliatzeko eta instalazio fotovoltaikoetarako estalkiak erabiltzeko keinuez harago, lege horrek alfonbra gorria zabaldu dio eguzki eta haize makropoligonoak hedatzeari. Plangintza demokratikoaren ikuspegitik egiten al du? Ez. Lehentasun gisa eredu lokal, deszentralizatu eta deskontzentratu baten alde egiten al du? Hori ere ez. Energia bera ondasun komuntzat eta modu publiko eta sozialean ekoitzi eta kudeatu beharreko gaitzat harturik egiten al du? Are gutxiago. Hemen, merkatuaren legea (edo diktadura) gailentzen da. Hala erantzuten dio Nafarroako Gobernuak edozein planteamendu alternatibori. Kontua da kapitalak erakartzea, «industria berdea» sortzea, etekin pribatuak ematea. Hori bai, den-denon artean ordainduko ditugu ingurumenari, despopulatzeari, kutsadurari, pobretzeari, oinarrizko produktuen garestitzeari, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza jardueren galerari, kolapso energetikoari eta abarri dagozkien kostuak.

Eta, berriro ere, energia eredu sozialki injustu eta ingurumenaren ikuspegitik jasanezina den horren alde egin dute, eta hala ispilatuta dago bai Nafarroako Foru Komunitatean larrialdiko neurriak hartzeari buruzko Foru Legearen Dekretuan —Ukrainako gerrak eragin dituen ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko diren horiei buruzkoan— eta bai 6/2022 Errege Lege-Dekretuan —zeina martxoaren 29an onartu baitzuten Madrilgo Parlamentuan—.Aldian aldiko neurri sozialen gainetik,zeinak propaganda eite nabarmenekoak baitira eta aste gutxiren buruan eraginkortasuna galtzen baitute, dekretu horiek helburu ilunago batzuk dituzte ezkutuan, betiko oligopolio elektrikoen onuragarri.

Zeharo ulertzeko zenbaterainokoak diren energia berriztagarrien instalazioetarako baimenen prozedurak soiltzeko eta arintzeko neurriak, zera ekarri behar dugu gogora: aurreko legegintzaldiaz geroztik, eta Iberdrolak, Accionak, Siemens Gamesak, Ehnolek... eta beste hainbat enpresak parte hartzen duten zenbait forotan eta kongresutan, behin eta berriro eskatu izan da administrazioak erraztu eta arindu dezala makroproiektuen tramitazioa, bazter utzita herri protestak eta bestelako energia eredu baten aldeko eskakizunak.

Esan eta egin. Ukrainako gerra zorigaiztokoak sortu duen shocka baliaturik, isil-gordean lerratu da enpresa handien eskaria. Neurri horien bidez, oligopolio elektrikoek ez dituzte beteko tramite asko eta asko, beren eguzki eta haizemakroproiektuak ezartzeko orduan. Hartara, denbora erdian aztertu beharko dute aurkezten diren proiektuek ingurumenari zer ondorio dakarkioten. Eta horrek informazio egokia izatea eragotziko du, eta mugatu egingo du proiektu horiek modu publikoan aztertu eta kontrolatzen parte hartzeko eskubidea. Botere handiagoa izango da enpresentzat, eta herri kaltetuak isilarazten ahaleginduko dira, ondorioak seinalatu eta alegaziorik egin ez dezaten. Halaber, administrazio erakundeek epe laburragoan egin beharko dituzte arauzko txostenak, eta, horren eraginez, azalekoagoak izango dira, ez hain zorrotzak, kaskarragoak, azken batean.

Hasieran genioen moduan, holako zumeen bidez nekez eutsi ahalko zaio klima eta energia larrialdiari; are gutxiago, erraztasun handiagoak emanik boteretsuei eta makroproiektuen bidez etekin pribatuen bila dabiltzan horiei. Ezinbesteko da bide ordenatu eta justu bati ekitea aurrerantzean, Nafarroan energia gutxiago kontsumi dezagun. Argi daude ingurumenari eta gizarteari begira dauden arrazoiak: planetaren muga fisikoak, erregai fosilen eta bestelako materialen gehienezko erauzketa egin izana, CO2 isurien bidez ekosistemak eta atmosfera kutsatu izana, klima aldaketa, gerra ekonomikoak eta energetikoak, desberdinkeriak... Horrek guztiak premia larri bat dakarkigu nahitaez: ekoizpen, kontsumo eta jabetza ereduak eraldatzea. Eta jokaleku horretan, energia berriztagarriek beren egitekoa beteko dute, baina ez tokiko ekosistemak eta lurraldeak gero eta gehiago suntsituta. Izan ere, suntsipen horrek behin eta berriro okerragotzen du klima, energia eta gizarte krisia. Denborak esango du.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.