Maskara sasoian maskaradak Zuberoan

2023ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Zazpiak bat ahotan, oraindik batzuok mintzatzen garelarik ere, zer dakigu, egiatan, aste honetan, Maule-Lextarren hasiko den maskaradaz hegoaldeko manexok?

Zuberoa, bihotz-mihitan su beroa. Zuberoa oso txikia da. Guztira, 18.000 bizilagun ditu, eta gehienak Maule-Lextarren (3.500), hiriburuan, bizi dira. Kopuru horri gehituz gero inguruko herri auzo hurbiletan (Sohüta, Garindaine, Bildoze-Onizepea eta Gotaine-Irabarnen) bizi direnak (6.800), Zuberoako biztanleriaren ia erdia hiru bat kilometroko esparru batean dago. Arrazoia, XIX. mende amaiera, eta XX. mende hasierako industrializazioa: espartingintza, zapatagintza, eta ehungintza, batez ere. Halarik ere, kopuruz horren txikia bada ere, zer du maskaradak hamalau astez, asteburuero, herri ezberdinetan (Maule-Lextarren, Muskildin, Urdiñarben, Atharratzen, Barkoxen, Pagolan...) horren handi egiteko Zuberoa?

Maskaradetan dantzek, bertsoek eta kantuek leku berezia dute. Garai batean 80tik gora partaide zituzten; egun, gehienetan, hogei bat lagunek osatzen dute segizioa. Batzuk gorriz egoten dira dotore jantzita (Txerrero, Gathuzain, Kantiniersa, Zamaltzain...). Beste batzuk beltzez narraz, eta aurpegiak apainduta (Kherestuak, Xorrotxak, Buhameak, Kauterak...). Sasoi batean onak gorriak ziren, eta txarrak, besteak. Egun, aldiz, ikertzaile batzuen (Roslyn Frank, Urbeltz...) iritzia jakin eta gero, badakigu maskaradetan onik ez dagoela, baizik eta txarrak eta txarragoak. Izan ere, ikertzaile horien ustez, maskaradetako gorriek gizakientzat arriskutsua, txarra dena sinbolizatzen dute, eta beltzez, berriz, oraindik okerrago dena, izurritea bera. Zuberoako maskaradak XVI. mendean omen du jatorria.

Maskaradak bi zati ditu: goizean, barrikadak, eta bazkalostean emanaldi nagusiak edo ofizioak.

Barrikadaren haustea. Goizean, behin herrira heldutakoan, erakustaldia prestatzeko segizioa herrian zehar ibiltzen da. Zuberotarrentzat, maskaradak beraien arteko harremanak sendotzeko aitzakiak izan ohi dira. Hori dela eta, barrikada osteko geldialdi bakoitzean mahaietan jarritako jan-edariak dastatzeko eta beraien artean mintzatzeko batzarrak izan ohi dira. Eguerdi aldera, plazara heltzean, jauziak ematen dituzte denek elkarrekin, eta ostean antzezleak bazkaltzera joaten dira, askotan herritarren etxeetara.

Ofizioak. Arratsaldeko saioari ofizioak esaten zaio, eta, hasieran, goizean egindako barrikada egiten dute. Izan ere, maskaradan parte hartzen duten ofizioetako bakoitzak bere antzerki-dantza saioa egiten du, bere ofizioa ardatz duen antzerki-erritual bat eskainiz. Xorrotxek dute ofizio bakoitza kantuz aurkezteko ardura, plazari itzulika, eta ofizioen artean tartekatzen dira dantzarien emanaldiak.

Pertsonaia batzuk:

Txerrero: maskarada irekitzen duena. Zaldi buztana duen makila luze bat darama eskuan, eta gerrian dozena erdi ezkila.

Zamaltzain: ikusgarriena, dantzaririk trebeena, zaldi itxurakoa. Antzeko pertsonaiak Lantzeko ihauterietan (Zaldiko), eta Iruñeko sanferminetan (Zaldiko Maldiko).

Entseñaria: Zuberoako entseña eskuan daramana.

Marexalak: ferratzaileak dira. Zamaltzaina ferratu behar dute.

Kherestuak: zikiratzaileak dira. Beraien egitekoa zamaltzaina zikiratzea da. Biarnesez eta euskaraz mintzo dira.

Xorrotxak: kapela gainean urtxintxa bana daramate. Euskaraz abesten badute ere, solasean frantsesa nahasten dute. Jaunaren ezpata zorroztu behar dute.

Buhameak: ijito moztaileak dira. Basakerietan ematen dute eguna. Lanbidez zaldien ilea mozten zutenak.

Kauterak: hauek ere ijitoak dira, baina kalderash (kaldereroak) taldekoak. Beraien dantza berezia egiten dute, eta Kabana Handiak bere predikua egiten du.

Jolasak. Ofizio-joko horien artean egiten dituzte dantza ezberdinak. Ezagunena Godalet-dantza da. Halarik ere, dantzarietan oso gutxi dira edalontziaren gainean edalontzia zapaltzen dutenak. Zamaltzaina edo kantiniersa izan ohi dira. Zuberotarrentzat, Godalet-dantzaren benetako zailtasuna edalontziaren inguruan egin beharreko urratsak basotik ahalik eta hurbilen egitean datza. Azken jauzietan ikusleak ere gonbidatzen dituzte beraiekin dantza egitera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.