Apokalipsiaren birusa

2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Salbuespen egoerak gainditu ahal izateko, diktadura komisarioa ezartzen zuten Erroman. Senatuak dictator baten esku uzten zuen errepublikako botere guztia, aldi batez eta atzera itzultzeko aginduarekin; krisialdia gainditu orduko garai hartako barbaroei aurre egiteko, argi zuten gure erakunde juridiko garrantzitsuenen sortzaile bizkor haiek agintea erabakigune bakarrera ekarri behar zela eraginkortasunaren mesedetan. Kalkulua logikoa zen erabat: albo kalteak eta sakrifizioak ekarriko dituzten erabaki zailak azkar hartu behar badira, ezin gara galdu senatarien arteko eztabaida politiko luze eta korapilatsuetan. Erasoari zirt edo zart erantzuteko, agora baino gehiago, milizia behar dugu.

Txinak hiru astean gelditu du koronabirusaren zabalkundea. Lidergo politiko hierarkikoa ez da larrialdi honetarako berariaz ezarri, bi hamarkadotan potentzia globala bihurtu den herriak aurreko erregimenaren diziplina galdu gabe ekin baitio milurteko berriari. Ideologiak bezainbeste kultura politiko kolektibista zaharrak asko lagundu die, noski. Onartuko al genuke horrelakorik gurean? Bideragarria al da tamainako larrialdien kudeaketa demokratikoa?

Krisi biopolitikoak ugalduko dira aurrerantzean: zabor luizi kutsagarriak, klima aldaketak eragindako hondamendi meteorologikoak edo istripu teknologiko kontrolaezinak... Gure osasunean eragin zuzena izango duten ustekabeko krisiak pairatuko ditugu etorkizunean, atoan kudeatu beharrekoak. Nola, baina? Mahai inguruaren eredua aldarrikatu zuen Ulrich Beck-ek 1998an, arriskuaren gizarte globala deskribatu zuenean. Globalizazioak dakartzan arriskuak kudeatzeko ezin dira gobernantza eredu hierarkiko ohikoak erabili, demokrazia ordezkatzaile hutsean oinarritutakoak. Arazoaren konponbide material eraginkorra legitimitate demokratikoarekin uztartu beharra dago, erabaki eredu irekiak eta zabalak antolatuz: adituak, agintariak, eragile soziopolitikoak eta herritarrak bilduko dituztenak. Zentzu horretan, azken asteotan gurean lehertu diren krisien ingurumarian gobernantza demokratikoan sakontzeko aldarrikapenak ugaldu dira, eragile eta erakundeen arteko lankidetza eta talde-lidergoa lehenetsi beharra azpimarratuz. Hitz ederrak, ezbairik gabe.

Dena dela, zenbait aldagai paradoxiko hartu beharko genuke kontuan logika deliberatzaile zentzudun hau garatzeko asmotan bagabiltza:

Lehenik, erromatarren garaian bezala nihil novum sub sole, erabakitze prozesu demokratikoak eskatzen dituen deliberazio luze eta patxadatsuak burutzea zaila da larrialdietan. Alabaina, aldi berean, preseski horrelako krisietan hartu behar diren neurrien eraginkortasuna haien legitimotasunaren menpe dago.

Bigarrenik, mahai inguru eredu hori jada indarrean dago gurean, bertan biltzen eta agintzen duten interesak mugatuak diren arren, merkatuak agindutako logika ekonomikoarekin erabat uztartuta dagoen kudeaketa teknokratikoa baita nagusi. Alabaina, aldi berean, informazioaren edo jakituria teknikoaren oligarkiatik oilogarkia-ra pasatu garela esango nuke, oilo eta oilar influencer apokaliptikoak batu baitira mahaira, krisien kudeaketa zentzuduna asko zailduz. Gezurra beti baita egia baino dibertigarriagoa.

Hirugarrenik, krisi guztiak ez dira berdinak. Sistemikoa izanda ere, Zaldibarreko tokiko krisian lankidetza ereduari ekitea bideragarriagoa da koronabirusaren arazo globalean baino. Kasu honetan mahai politikoan bildu beharreko ahotsak zenbaezinak baitira. Bestalde, arrisku biologikoen kasuan birusak eragindako gaixotasuna, oraingoan, gizartearen ulerkera immunitarioa edo organizista hedatuko da, mahai inguru horren politikotasuna ahulduz. Despolitizazioa areagotzeko kanpo etsai ideala baita birusa: kalte demokratikoak eragiten ditu ministroak eta pentsionistak berdin gaixotzen dira, inork ez du ukatuko gupidarik gabe garaitu behar dela, inork ez du ukatuko etsaiaren kontra erabili beharreko bitartekoen legitimotasuna eta ez ditu inortxok justifikatuko mikrobioak eragindako heriotzak. Politikotasunaren muina den gatazka desagertuko da ondorioz, Zizekek salatzen duen archipolitika komunitarioaren kontsentsuaren izenean. Alabaina, aldi berean, izpiritu komunitarioa —zaintza partekatua, hitz larriz—, sendotu egingo da horrelako krisietan, politikaren alderik etikoena hauspotuz.

Amaitzeko, krisiaren kudeaketa demokratikoaren azken oztopoak balioen ulermen garaikidearekin du zerikusia. Byung-chul-han filosofoaren lana gogora ekarriz, bizirik irautea gure gizartearen balio nagusia bilakatu da, alegia, bizitza biologikoaren aldarean sakrifikatzen ari gara bizitza politikoa. Eta superbibentzia bera ardura guztien gainetik jartzen badugu —segurtasun indibiduala—, eztabaida politiko demokratikoak ez zaizkigu lehentasunezko gaiak irudituko. Alabaina, aldi berean, errutina sistemiko guztien erabateko suntsipena dakar pandemia honek, eta bizitza fisiko soilak zentzua galduz gero gimnasio, kontzertu, sagardotegi edo futbolik gabe ez baitago duintasunik, bizitza duinaren nahia piztuko zaigu, bizitza fisikoa bera arriskuan jartzeko prestutasuna erakusteraino: auzolana kutsakorra bezain gozagarria baita.

Aldagai kontraesankor horien baitan ebatsiko da krisi biral honen ostekoa. Subiranoa bilakatu zen diktadura komisario batek eraitsi zuen errepublika erromatarra. Agambenek esan bezala, ikusteko dago ea gurean aspaldian ezarri zen diktadura subiranoa koronabirusaren pandemiak berretsi egingo ote duen. Beraz, krisia gainditzeko ordaindu beharreko prezioa erabakita duen kapitalaren diktaduraren jarraipena izango dugun, eta, behin gaindituta, «negozioak betikoan» jarraituko duen, ala, kontrara, egoera apokaliptikoari atea zabalduko ote dion pandemiak. Alegia, mundua berriro, zerotik, berrabiatzeko aukera emango ote duen krisi honek, utopiaren esperantza saltzen diguten distopia biopolitiko desberdinek erakusten diguten moduan. Aukeran, The Book of Eli, edo diktadura monoteista eraberritu sortzez garbia; The Road filmaren hondamendiaren baitako grina humanistikoa ala Fritz Langek Metropolis-en iradokitzen digun elkartasun askea. Gogora dezagun 2008ko krisian ere sistema osoa eraldatzeko ilusio utopikoa zabaldu zela... Alferrik. Ea oraingoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.