Ehunmiliak. Javi Dominguez. Mendiko korrikalaria

«Irabazita, zalantzak uxatzea lortu dut»

ARIANE VIERBÜCHER / GOIERRIKO HITZA.
Unai Ugartemendia.
2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun

Ehunmilien historian hizki larriz idatzita dago Javi Dominguezen izena (Gasteiz, 1974). Larunbatean seigarrenez jantzi zuen txapela proba nagusian. Oraindik onenen artean dagoela erakutsi zuen.

Zer sentitu zenuen lasterketa seigarrenez irabazita?

Iaz Traveseran eta UTMBn izandako esperientzien ostean, ikusten nuen mantsoago nenbilela. Irabazteak hauspo handia eman dit, uste baino hobeto sentitu naizelako, gehienbat. Denbora ez da izan lasterketa errekorra egin nuenekoaren parekoa, baina oso gustura nago.

Denbora guztian bakarrik joan zinen. Nola kudeatu zenuen hori?

Beste modu batean kudeatu behar izan nuen lasterketa. Aurreko aldi askotan, 15-20 minutuko tartearekin ibili nintzen, baina, aurten, ordubete baino gehiagoko aldearekin. Ez da erraza. Besteetan baino luzeagoa egin zitzaidan lasterketa. Lasaitasuna ematen du abantaila horrekin joateak, baina arreta errazago galtzen da.

Seigarrenez irabazi duzu. Ez da nolanahiko garaipen kopurua.

Bai, egia da. Lehen aldian, 25 ordu egin nituen, eta gogoan daukat sinetsi ere ez nuela egiten. Urteen poderioz, esperientzia irabazi, eta gauza askotan hobetu dut.

Ehunmilien distantziak ez dauka sekreturik zuretzat.

Hainbeste proba egin eta gero, oso gustura nago distantzia honetan. Lehen urteetan, urduriago jartzen nintzen, baina ez dut inoiz arazorik izan urdailarekin. Orain, lasai joaten naiz horrelako probetara.

Aurtengo Ehunmiliak ezberdinak izan al dira?

Lasterketa ezberdina izaten da urtero. Beti ateratzen dira gauza berriak. Geldialdiarekin ere zalantzak nituen: bi urte zaharrago, aita ere izan nintzen... Egindako denborarekin harrituta gelditu nintzen ni ere. Ez daukat lehen neukan denbora guztia, eta, alde horretatik ere, zalantzak nituen. Orain zalantzak uxatu ditut.

Besteetan bezala prestatu al zenuen?

Beti prestatu izan dut antzeko. Ez dut entrenamendu jakinik egiten. Distantzia igoz joaten naiz, eta lasterketetan ere distantzia igotzen dut Ehunmilietara iritsi arte. Lehen, denbora gehiago nuenez, lasterketa gehiagotan lehiatzen nintzen, eta gehiago entrenatzen nintzen. Orain, gehiago gozatzen dut entrenatzen. Albo batera utzi ditut serieak eta gimnasioko lana.

Ematen du ez zoazela adinean aurrera.

30 urterekin hasi nintzen korrika, eta orduan esaten zuten maratoilari batentzako garairik onena 37 urteren inguruan izaten zela. Ia hamar urte pasatu dira, eta oraindik hemen jarraitzen dugu. Ez dut urteetan pentsatzen.

Geroz eta zailagoa al da Ehunmilietan lehiatzeko motibazioa aurkitzea?

Denbora gutxiago dudanez, askoz ere motibatuago irteten naiz entrenatzera. Lehen, askotan, gogorik gabe joaten nintzen.

Mont Blanceko Ultratrailean (Chamonix, Frantzia) izango al zara aurten ere?

Askotan lehiatu naiz han, baina ez joateko hautua egin dut. Denboraldia amaitzeko 8k lasterketa korrituko dut Tena bailaran [Aragoi, Espainia]. Ondoren, agian, Italiara joango naiz,Vibramek antolatzen duen lasterketa batera. Vibram nire babeslea da.

Ikusi gehiago:Elena Calvillo: «Gutxien espero nuenean iritsi da garaipena»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.