Eredu zarete, mila esker

Aitzpea Leizaola eta Fernando Armendariz
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Azaroaren 4an Nafarroako Parlamentuko hemizikloan, Rosa Lluch, Carmen Hernandez, Alberto Goñi eta Mikel Sotoren parte-hartzearekin, Foro Sozial Iraunkorrak amaitutzat eman zuen Entzunaz bizikidetza eraiki programa.

Guztira 23 topaketa izan dira, indarkerien zikloaren tipologia desberdinetako 67 biktima bildu dituztenak. ETAren, BVEren, GALen, espetxe-politikaren, torturaren eta abarren biktimen arteko elkar-entzutearen, elkarrizketaren eta enpatiaren lekuko izan dira ekitaldi horiek, eta indar eta emozio handiko uneak utzi dizkigute. Zuzenean ikusi dutenek edo Internet bidez jarraitu dutenek badakite zertaz ari garen.

Honen bidez, Foro Sozialak eskerrak eman nahi dizkie 2016. urteaz geroztik programa honetan parte hartu duten eta giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten 67 pertsonei. Eta esker ona bikoitza da, alde batetik, hain desberdinak diren pertsonen arteko topaketek duten berezko balioagatik, elkar aitortzeko ariketa diren heinean. Eta bestetik, programa hau tresna eraginkorra izan delako, bakea eraikitzeko prozesuan aurrera egiteko lehen mailako ekarpena.

Programa honekin hasi ginenean gure buruari jarritako bi helburuak aise gainditu ditugu. Lehen helburua zen indarkeria desberdinen biktimek elkar entzuteko eta elkarrekin hitz egiteko espazioak sortzea, gizarteari honako ideia helaraziz: «Beren artean hitz egiteko gai izan badira, nola ez dugu guk egingo gauza bera gure artean».

Bigarren helburua antolatu gabeko biktimei ahotsa ematea zen, biktima guztiak ezin baitira modu homogeneoan tratatu. Izan ere, kolektibo horiek osatzen dituzten pertsonen ikuspegi eta iritzien aniztasuna onartzea ezinbestekoa da, helburu alderdikoietarako erabili gabe.

Gisa honetako topaketak tresna eraginkorrak izan dira nazioarteko beste bake-prozesu batzuetan. Foro Sozialaren lan-metodologiaren arabera, dinamika berri batekin hasi aurretik,nazioarteko esperientzietatik ikasten dugu. Gure kasuan, gainera, bazegoen aurrekari garrantzitsu bat: 2007 eta 2012 artean garatu zen Glencree Ekimena; ekimen berritzaile horrek atea ireki zien gurea bezalako ekimenei. Hori guztia oinarri hartuta, geure eredua eraiki dugu, bakea eraikitzeko euskal prozesuari ekarpena egin dion espazio berri bat sortuz.

Entzunaz bizikidetza eraiki programako topaketetan parte hartu duten erakunde, elkarte eta komunikabideen aniztasuna ere azpimarratu nahi dugu: Nafarroako Parlamentua, Madrilgo Ateneoa, Deustuko Unibertsitatea, Kataluniako Kazetarien Kolegioa, Miramar Jauregia, Martin Ugalde parkea, etab. Eskerrik asko erakunde horiei guztiei programaren arrakastarako emandako ezinbesteko laguntzagatik.

Zalantzarik gabe, programa honek ekosistema egokiagoa sortzen lagundu du, indarkerien zikloaren ondorioen konponbidean aurrera egiteko eta bizikidetza demokratikoan urrats sendoak emateko.

Hala ere, puntu honetara iritsita, Foro Sozial Iraunkorrak uste du lan-programa hau amaitutzat emateko unea iritsi dela. 2020an, torturaren biktima ziren emakumeen arteko topaketekin amaitzea erabaki genuen, sufrimendu ikaragarria suposatzen zuelako haientzat. Zama hori guztia biktima horien bizkarrean jartzeari uzteko garaia iritsi da. Izan ere, ez dezagun ahaztu topaketa horietan parte hartzeak itzeleko zama emozionala suposatzen duela sufrimendu handia pairatu duten pertsonentzat.

Hori gutxi balitz, topaketetan parte hartu duten biktimak sare sozialetan iraindu dituzte, komunikabide jakin batzuek mespretxatu dituzte: torturaren biktimen kasuan Diputatuen Kongresuko tribunatik birbiktimizatu dituzte, edo, GALen biktimen kasuan, Barrionuevo ministro ohiari berriki argitaratutako elkarrizketan erakutsitako prepotentziaren bidez.

Askotan, topaketa hauetan euren eskuzabaltasuna eskertu diegunean, haiek erantzun digute bizikidetzaren eraikuntzarekin duten erantzukizunagatik egiten dutela.

Erantzukizun horretatik beretik, orain gizarte osoari dagokio, erakundeek gidatuta, pertsona horiek ireki duten bidean aurrera egitea eta eurek eraman duten motxila astuna jasotzea.

Orain, haiek babestu, erreparatu eta aitortu behar ditugu, diskriminazio-adierazpen oro gaindituz, dela ekintzazkoa, dela hitzezkoa.

Biktima guztiak guztienak, gizarte osoarenak, direla ulertzen badugu, biktima guztiak babestu behar baditugu, oraindik existitzen diren bereizkeria-dinamika gurutzatuak gainditzen jarraitu behar dugu. Eta, horretarako, beharrezkoa da biktima bakoitzak gertatutakoaz izan dezakeen sentimendua gizarte bezala gure egitea, beraiekin enpatizatuz eta errespetatuz.

Milesker: Agurtzane, Ainara, Aitziber, Alberto G., Alberto M., Amaia, Ana, Andoni, Ane, Axun, Begoña M., Begoña Z., Belen Z, Bixen, Carmen, Encarnación, Eneko, Etzozi, Fermín, Gloria, Gorka, Ibon, Idoia, Iñaki, Iñigo, Isidro, Izaskun I. Izaskun J., Javier, Jon Patxi, Jone, José Luis, José, Julia, Karmele, Karmen, Kristina, Leire, Lourdes, Maider, Maixabel, Josu, Margari, Mari Carmen, María, María Luisa, Marilo, Marina, Mertxe, Mikel A., Mikel S., Miren, Nagore, Naiara, Olatz D., Olatz E., Pablo, Peio, Peru, Petri, Robert, Rosa Ll., Rosa María, Rosa R., Tamara, Txema eta Xabier.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.