Irribarreak vs Pankartak

Berriz BHIko Zuzendaritza Taldea
2020ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Irribarre gutxi aurkitu omen dituzte zenbaitek berriro irekitako ikastetxeetan. Irribarre gutxi eta pankarta gehiegi nonbait. Desoreka hori adierazgarria iruditu zaio bere karguan estreinatu berri den Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari. Bada, irakasle garen legez, azalpenetan iaioak gara aspaldi, eta erraza zaigu pankarten atzeko haserrea eta samina argudiatzea:

Otsaila bukatzen ari da, martxoan SARS-CoV-2 birusaren lehen aztarnak ageri dira Euskal Herrian. Hedapena nabaria da, eta, ikastetxeetan, gizartean sorturiko kezka islatzen da. Ehunka izango dira EAE guztian garai hauetarako aurreikusitako ikasbidaiak. Tamalez hartu beharko dugun erabakia badakigu; ikasle eta irakasleen osasuna ezin da kolokan jarri. Hala ere, administraziora jotzen dugu, salbuespen egoera honetan afera hau aintzat hartuko baitute; ezin gaituzte noraezean utzi. Hainbat dei egin eta gero oker genbiltzala konturatzen gara; oraingoz, ezinezkoa omen dute erabaki hori hartzea, nahiz eta Gasteizeko ikastetxe guztiak itxiak egon. Berriz ere, guri bustitzea dagokigu, gurasoek jarritako diruarekin zer gertatuko den ez dakigularik. Eskerrak Hezkuntza Sailetik bidaia hauek antolatzearen garrantzia azpimarratzen diguten, zenbaitetan txalotu ere, dena esan beharra dago eta.

Bi egun geroago, prentsaz ohartzen gara ikastetxeetatik atera behar dugula. Korrika, presaka, ikastetxea hustu beharra daukagu. Ikasleei oporraldi bat ez dela barnerarazi, lasterka ordenagailurik izango ez luketen ikasleak detektatu eta abar luze bat, ordu frenetikoak.

Biharamunean, irakasleok ardura osoz ezagutzen ez dugun erronka berri batetan murgiltzeko indarrak metatzen ditugu. Plangintza telematiko bat adosten dugu, ikasgela birtualak guraso eta ikasleei helarazteko. Oraindik, neurrigabe hasiko diren pantaila aurreko orduez jabetzeko denborarik ez daukagu.

Jadanik apirila heldu da, bi aste daramatzagu gure mugikor eta ordenagailulagun banaezinekin, gau eta egun amaigabeak ikasleen hezkuntza eskubidea bermatu nahian. Bat-batean, berriz ere komunikabideen bitartez, Cristina Uriarte garaiko Hezkuntza sailburuak ikastetxeetako ordenagailuak bana ditzakegula adierazten digu. Antza denez, arrakala sozio-ekonomiko eta kulturalari arrakala digitala deitzen diote orain, ordenagailu batek dena konponduko balu bezala. Dena dela, beste behin berandu, dagoeneko ordenagailuak banatuta genituen ikasle horiek galduta egon ez daitezen.

Asteak badoaz eta administrazioa desagerturik daukagu. Bitartean, irakasleria, ikasleria eta gurasoak pantaila bati so; bideotutorialak, bideokonferentziak eguneroko ogia. Bat-batean, guztiak konfinatuta gaudela, telebistatik jasotzen ditugu aurtengo ebaluazio irizpide berriak. Ez gara horietaz eztabaidatzen hasiko gehiegi luza gaitezkeelako, baina uste dugu bestelako kanalak baditugula horretaz jabetzeko. Baina ez, beste behin ere antzezlan honetan ikusle huts izango bagina legez sentiarazten gaituzte.

Maiatza heltzen da, pantaila arteko bilera zein eztabaidek jarraitzen dute, inor atzean gera ez dadin ikasleen eboluzioa aztertzea da erronka nagusia. Norgehiagoka berriari heldu diogula uste dugunean, telebista eta prentsa amesgaizto bilakatzen dira. Cristina Uriartek eta Nekane Murgak ikastetxeak modu orokortu batean ireki behar ditugula adierazten digute.

Bat-bateko presak nabari dira edonon: ikasleak bueltatzea proposatzen dute, irakasleak bueltatu ez garenean. Nola bermatu segurtasun neurriak? Non dira EPIak? Nola uztartu klase presentziala eta telematikoa? Oraindik ez dugu ezta kontingentzia planik jaso, eta guri diseinatzea ez dagokigu, oro har ez gara adituak horretan.

Josu Erkorekak irtenbidea dauka honentzat guztiarentzat; aho betez dio ikastetxeek desinfekzio prozesu bat jasan dutela eta soluzio hidroalkoholikoa heltzear dagoela. Gure ikastetxea desinfektatua dago, bai, baina ditugun garbitzaile biek hartu dutelako bere gain ezinbesteko lan horren zama, inork helarazitako EPI eta baliabide berririk gabe, noski. Urteetan gutxietsitako eta gehienetan emakumezkoek egiten duten lan hau, bat-batean nahitaezko bilakatu den honetan, ez dituzue aintzat hartu. Martxoan greban bazeuden ere, bertan behera utzi zuten gu zaintzeko. Baina nor arduratzen da premiazko langile hauen zaintzaz?

Zalaparta erdian, uztaila hauteskundeak egiteko une egokia izan daitekeela diosku Iñigo Urkulluk nonahi.

Zuzendaritzatik garbi daukagu; ikasleak bueltatuko badira, indartze saio batzuetarako edota ekaineko ezohiko azterketak egiteko izango da, oso era kontrolatu eta mailakatuan. Berdin da, Arantxa Tapia daukagu aurrez aurre lanera itzuli beharra daukagula esaten, gainontzeko sektoreek hala egin dute eta. Horrek ez omen daki martxotik aurrera gure etxeetako zenbait txoko ikasgela bilakatu ditugula. Egindako lan eskerga gutxiesteaz gain, iraingarria oso.

Ekaina heldu da, irakasleok ikastetxeetara itzultzen gara, eta tarteka ikasle gutxi batzuk artatu ditugu neurri guztiak bermatuz. Ematen du ikasturtea atera dezakegula, konfinamenduaren norgehiagoka honi eutsi diogun sentsazio xume bat ageri da. Hala ere, Zuzendaritzan antsietatea da nagusi, hurrengo ikasturtea helburu. Hezkuntza Saila desagertu da berriz ere, eta hauteskundeez mintzo dira komunikabideetan, baina irailean aurrez aurreko eskolak bermatzeko neurri, protokolo, baliabide eta jarraibide zehatzik ez datorkigu.

Uztaila heltzen da, eta gure beldur guztiak errealitate bilakatzen dira. Aurreko ikasturteak bezalaxe prestatu beharko dugu 2020-2021 ikasturtea; betiko baliabide berdinekin, eta erkidegoko ikastetxe guztietara (berdin haur, lehen zein bigarren hezkuntza izan) bidali den kontingentzia plan berarekin, non hiru agertoki desberdin diseinatu beharko ditugun. Egia ez balitz, parodia edo zientzia fikziozko pelikula batean koka genezake udako bi hilabeteotan bizi izandakoa.

Iraila heltzen da, zuzendaritzak diseinatutakoa martxan jartzeko unea. Urduritasuna eta egonezina edonon. Aurrez aurreko eskolan sinesten dugu, ez dugu gure jarduna pantailetan birbirtualizatu nahi, baina hezkuntza komunitate osoaren osasuna kolokan dago; osasuna, eta ikasleen hezkuntza eskubidea, halaber. Ikastetxera egokitutako plana nekez atera daiteke aurrera, baliabide urritasunagatik. Martxotik hona, ez da inongo aurreikuspenik egin eta ikastetxeei leporatu dizkiezue zuei dagozkizuen erantzukizunak.

Irakasleok prest egon gara eta prest gaude ahaleginetarako. Hala erakutsi izan dugu azken hilabeteotan, baina Hezkuntza Saila aparte ikusi dugu eta pausoren bat eman duenerako ikastetxeetako langilegoa aurreratu zaio. Lidergo falta, oro har. Suminduta gaude, itzulera adostu eta seguru bat baino ez dugu nahi. Eta oraingoan bai, aski da, grebara goaz.

Orduantxe, izendatu berri duten Urkullu lehendakariak honela dio: ikastetxeak udaran itxita egon dira; beraiek, aldiz, lanean. Falta zitzaiguna; gure lana behin eta berriz gutxietsia izan da, ikastetxeen gain jarri dituzue zeuei dagozkizuen erantzukizunak, ez gaituzue baliabideez hornitu; zer helbururekin egiten ditu lehendakariak adierazpen horiek?

Egun egiten ditugun aldarrikapenak ez dira birus batek sorrarazitakoak. Pandemia honek inoiz baino nabarmenago utzi ditu urteetan eginiko aldarrikapenak. Ratioak jaistea ezinbestekotzat jo izan dugu beti, maila pedagogikoan zein akademikoan ikasleen beharrizanei arreta egokiago bat ematekotan. Pandemiak garbi utzi duena zera da, osasunari erreparatuz ere, 40 metro karratutan 25 nerabe sartzea ez dela bideragarria. Jakin badakigu bat-batean OMEk proposatutako hamabost ikasleko ratioak bermatzea zeharo zaila izan daitekeela, bai azpiegitura bai irakasle eza dela eta. Baina konbentzituta gaude inoiz baino lehentasun handiagoz ekin behar diogula erronkari; adostasunak bilatuz herri honek behar duen zutabe garrantzitsuenetako bat indartu eta berreraiki beharra daukagu, etorkizun hurbilari anbizioz begiratuz.

Kalitatezko eskola publiko eta euskalduna dugu helburu, balio feministetan oinarritua, eta ikasleen beharrizanei ekitatez erantzungo diona, familien desoreka sozioekonomikoen gainetik ikasleen premiak aseko dituena oro har. Honetan irmoki sinisten dugu, Hezkuntza Saila bide bera egiten hastea besterik ez dugu behar; inbertsio publiko, aurreikuspen, proposamen eta ekintza zehatzekin, borondate politikoarekin alegia.

Has gaitezen, ba; hamarnaka urte galduak dira, baina bidea zein den badakigu behintzat. Soilik horrela elikatuko baititugu ikastetxeak irribarrez. Soilik orduan aldatuko da irribarre eta pankarten arteko korrelazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.