Noiz sortua: 2020-05-22 00:30:00

Euskal presoak borrokan, gu ere bai!

Patxi Ruiz presoaren alde Bilbon egindako elkarretaratzeko irudi bat.
Patxi Ruiz presoaren alde Bilbon egindako elkarretaratzeko irudi bat. ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Txantreako preso politiko ohiak -

2020ko maiatzak 22

Gure bizitzako etaparen batean Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kide izan garen guztiok, une honetan, Euskal Herriko kale askotan arnasten den amorru eta ezintasun sentsazioari gehitu beharreko elementuak ditugu. Patxi Ruizek kartzelan har daitekeen erabakirik zailenetako bat hartu du. Gose eta egarri greba aldi berean hastea ez da beste aukera bat; hori, itzulerarik gabeko bide bat izan daiteke.

Hartutako erabakiaren berri eman zuen unetik beretik, Patxik harresien kanpoaldera kontakizun bat jakinarazi du koronabirusarekin eta pandemia agertu eta azkar batean Murtzia II espetxeko 8. moduluan egindako mobilizazioekin hasten ez dena. 19 urte kartzelan denbora asko da. Nahikoa denbora da jakiteko espetxea eta espetxe erakundeak ez direla konformatzen euskal preso politiko guztiei aplikatzen zaizkien baldintza oso latzak betetzearekin. Uste osoa dugu Patxi espetxean etengabe estutzen dutela, aspaldiko urteetan obsesioa duen ankerkeriaz. Espetxeetako Zuzendaritzak FIES - 3 gisa sailkatutako presoei egiten dien banakako jarraipenari esker, mekanismo sorta oso bat martxan jar daiteke espetxean dauden militanteen bizitza etengabeko tentsioan mantentzeko. Patxi bezalako militante batzuen kasuan, mekanismo horiek krudelkeriaren eta ankerkeriaren mugara eraman dira. Ez da lehenengo aldia, eta ez da azkena izango, ikuspegi estrategikotik egiten diren hausnarketa guztiak gorabehera, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideak, agenda alde batera utzita, preso politikoei eta preso sozialei berdin eragiten dieten espetxe neurriei aurre egitea dakarten dinamika eta aldarrikapenetan inplikatzen direla.

Hori, eta ez besterik da Murtzia II presondegian, beste espetxe askotan bezala, hainbat ekimen arazo handirik gabe garatzearen arrazoia; neurri espezifikoak eskatzeko, COVID-19aren krisialdi betean, presoen kolektibo desberdinen eskubideak babesteko (adinekoak, 3. gradua betetzen duten pertsonak, gaixotasun larriak dituzten presoak...). Oinarrizko aldarrikapenak hauek dira: kutsatuak ez izateko babes materiala jasotzea edo senide baten heriotzaren aurrean ehorzketara edo tanatoriora joan ahal izatea. Koronabirusa agertu ondoren espetxeetan sortutako egoera, zalantzarik gabe, salbuespenezko egoera da. Patxiren jarrerak, bere moduluan 80 presok baino gehiagok garatzen zituzten ekimenekin bat eginez, gure aintzatespen eta babes osoa merezi du. Izan ere, guztiok aurrera eraman dugun praktika da. Presoei aholkuak ematea, ikusi ditugun eskubide urraketak salatzea, gure moduluetan garatutako aldarrikapenekin bat egitea, eta abar, ohiko jarrerak izan dira gure kartzelako militantzian. Murtzia II espetxeko 8. moduluan egindako mobilizazio horien ondorioa Espainiako espetxe-sistemak euskal preso politikoentzat diseinatua duen gerra eskuliburu baten aplikazioa izan da. Aurrez aurreko erasoa egin diote Patxiren pertsonari, eta ez 8. moduluan garatutako dinamikei. Kartzeleroen erabaki arbitrario bat justifikatzen saiatzeko ekimenetan duen zeregina manipulatu nahi izan dute. Gainera, modulu-buruak mehatxu zuzenak egin dizkio, hark baliabideak, gogoa eta inpunitatea baititu presoaren bizitza infernu handiago bihurtzeko. Espainiako estatuari berdin zaio Patxi Ruizen bizitza. Hala ez balitz, PSOEk eta Podemosek osatutako ustezko gobernu aurrerakoi horrek Murtzia II espetxeko zuzendaritzaren jarrera onartezintzat hartuko zukeen eta gaiari buruzko erabakiak egongo lirateke. Ez hori bakarrik, beren karguetatik kenduko zituzketen bata zuria janzteagatik mediku deitzerik badutela uste duten guztiak, nahiz eta beren praktikarekin jantzi hori uniformearen kolore berdea estaltzeko bakarrik erabiltzen dutela frogatu. PSOEk eta Podemosek egoera baten biktima gisa aurkeztu nahi dute euren burua, egoera lazgarri hau lehen minututik saihesteko ardura berea dutenean. Ezin dugu espero osasun arazo bati aurre egiteko kaleen birzentralizazioa eta militarizazioa aukeratu duten alderdien ekimen propiorik.

Hala ere, Patxi hiltzen uzteko prest dagoen Murtzia II kartzelako zuzendaritza Patxiren osasunarentzat eta bizitzarentzat gerta daitekeen edozein ondorioren erantzule egin behar dugu. PSOEk eta Podemosek, Espainiako Gobernuaren arduradun nagusiak diren heinean, gure herriaren mezu irmo eta sendoa jaso behar dute, beren erantzukizunari heltzeko. Denborak gauzak konpontzen uztea aurreko gobernuaren praktika txarra zen, muturreko egoeretara bakarrik eramaten duena. Egunetik egunera, preso gehiagok Patxiren aldeko dinamikarekin bat egiten dute, eta, aldi berean, borrokaldi horrek Espainiako kartzela sistemaren bidegabekerien aurrean militante aktibo gisa berresteko balio die.

Kalean, berriz, salaketa ekimenek herrietako eta auzoetako kaleak zipriztintzen dituzte. Guztiok dugu gure zeregina, eta gure gain hartzen ari gara, oso testuinguru zailean. Hori konpontzeko, herri gisa jardun behar da, eta ahalegin guztiak batu behar dira Patxirentzako eta kartzeletatik iristen diren aldarrikapenentzako egokia den amaiera lortzeko. Gobernu zentralak eta autonomikoek erantzukizuna beren gain hartzea lortu behar dugu. Estatu mailako alderdiek eta haien sukurtsalek mugitu egin behar dute, ustekabeko ondorioak izan ez daitezen. Patxi Ruiz Kapota, gure kidea, egoera gogor honetatik osorik irtetea Patxik berak hartzen dituen erabakien mende egongo da neurri handi batean, eta noski, guri errespetatu eta babestea besterik ez zaigu geratzen.

Patxiren eta gure herriaren interesen alde egitea ahalbidetzen duten bi egoerek gu guztion ahaleginak eta inplikazioa areagotzea eskatzen dute, haien egoera salatzeko eta konponbideak eskatzeko. PSOEk eta Podemosek beste alde batera begiratzeari uztea eta arduraz jokatzea lehentasunezkoa da. Patxiri mezu bat helaraztea hil ala bizikoa da, alegia, kalea antolatuta dagoela edozein erasoren aurrean preso guztien eskubideak defendatzeko, eta, beraz, prest gaudela haren lekukoa hartzeko. Beraz, bi helburu horietarako euskal preso politikoen eskubideen alde beti lan egin dugun pertsona guztion presentzia behar dugu. Ez dago arrazoirik urtarrilero Bilboko kaleak askatasun irrikaz betetzen ditugun milaka eta milaka pertsonetako bakar bat ere orain etxean egoteko. Funtsezkoa da lehendik dauden hitzorduetara joatea, ekimen berriak proposatzea eta antolatzea, eta, azken batean, gure hurbileneko espazioetan antolatzea. Orain edo inoiz ez. Patxiren osotasun fisikoa arriskuan dago, baina askoz gehiago da jokoan dagoena.

Gauzak horrela, gure egiten ditugu Patxiren aldarrikapen nagusiak, eta jada bizi duen muturreko egoera zein den jakinda, Patxiren alde zein gainontzeko euskal preso politikoen alde egiten ari den lan itzelari indarrak gehitzeko asmoz, mobilizazio egutegi batekin ari gara lanean. Gure lehen urratsa Txantreako preso ohien multzo zabal baten izenean sinatutako idatzi honen jendarteratzea izan da. Jarraian, egungo eszenatokian ekarpena egin dezakegula uste duten euskal preso politiko ohiei atxikitzeko aukera zabaldu nahi diegu. Euskal preso politiko guztien egoerari konponbide integralari ekarpena eginez, eta orain, bereziki, Patxik bizi duen muturreko egoerari irteera emateko. Presoak borrokan, gu ere bai! Gora euskal preso politikoak! Gora Patxi!

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK SINATZEN DUTE: Fidel Oses, Arturo Fernandez, Tomas Intxausti, Oscar Sanz, Cesar Barbarin, Ibai Mateo, Ugaitz Astiz, Josu Jimenez, Joseba Esparza, Oier Ardanaz, Mikel Pardo, Mikel Zudaire, Izaskun Juarez, Karmele Fernandez, Iker Esparza, Iosu Esparza, Iñaki Aristu, Mikel Pardo, Joseba Pavon, Oscar Bizkai, David Soto, Felipe Castell eta Iñaki Pidal.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna