Etorkizuneko osasungintza irudikatzeko ordua

Amaia Bacigalupe. Mikel Baza
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
No one knows what´s going to happen The New York Timesek argitaratu berri duen iritzi artikuluaren titularra da. Gizateriaren historia jakin-minaren pazientziarik ezaren historia dela dio, eta, hala dela aitortuz, hurrengo lerroetan etorkizuneko osasungintzaren aurreikuspen saiakera baino, mereziko lukeen etorkizunari buruzko irakurketa politiko bat eskaintzen saiatuko gara, xumeki.

EAEn, populazioaren %85ek inguruk osasun arazo garrantzitsu baten ardura osasungintza publikoari emango lioke, eta herritarren %90ek uste du zergen bidez finantzatu beharko litzatekeela, koordainketarik gabe. Osasun sistema publikoak, hortaz, COVID aurreko garaian gizarte zilegitasun handia zuela baiezta dezakegu, ezbairik gabe. Aitzitik, agerian geratu da COVIDaren krisialdiaren kudeaketa honetan, ez dutela behar besteko babes politikorik izan osasun sistema baten oinarrizko bi hankek: lehen mailako arretak eta osasun publikoko zerbitzuak.

Estoikoki eutsi behar zaio epika ospitalozentrikoari, koronabirusaren kasuen %80 eta %85 artean, lehen mailako arretak detektatu, jarraipena egin (bai etxeetan zein osasun zentroetan) eta balizko konplikazioak antzeman dituztela jakin nahi izateko. Gutxiagok jakingo dute, oraindik, lehen mailako arretako gastua, osasun gastu publiko osoaren portzentaje gisa, %14,1ekoa dela, ez bereziki baxua EAEn, estatuko bestelako erkidegoekin konparatuta, egia esan. Arreta espezializatuak teknologia eta azpiegitura garestien beharra duelako argudioaz azalduko liguke epika ospitalozentrikoak finantzaketa murritz horren jatorria.

Komunikabide, politikari eta osasun gestoreek ospitaleen kolapso egoera larrian jarri zuten fokua, gerra hizkuntzaz baliatuz. Hortaz, bizitzak salbatzea beste edozein jomugaren aurretik jartzen duen diskurtsoa gailendu da. Zaintza intentsiboetako unitateetako zenbat ohe izan, horretan zetzan gerra hau garaitu edo galdu. Bien bitartean, non geratu dira ezinbestekoak diren beste zaintzak? Bidean heriotza duin eta zaintza aringarrien beharrak ahaztu ditugu, COVIDaren garaian ere beharrezkoak, inoiz baino beharrezkoagoak, akaso. Zenbaitek izan dugu ospitale batean bakarrik egon behar izan duten gaixoen berri, eta, zoritxarrez, bertan heriotzak harrapatu eta maite dutenek behar bezala agurtzeko aukerarik ez izandakoak ere. Gizarte oso bat sufritzen egon den bitartean, pairamen horrek eragindako orbainei ez diegu behar bezalako arretarik jarri, gaixotasunaren edo heriotzaren aurrean sortutako mina artatzea osasun sistemaren ardura garrantzitsuenetarikoa bada ere. Zaintzak (intentsiboen aurretik aringarriak lehenetsiz) gizatasunez, berotasunez eta errukiz eskaini behar dira, eta horiek helmugan jarriko dituen arreta eredu bat sustatzeko premiazko beharra sumatu da gure osasun sisteman.

Bestalde, osasun publikoko behaketa epidemiologikoan aritu direnek zaintza-kolektiborako ezinbesteko lana egin dute, modu apalean, ia isilean, inor konturatu gabe, baina betiere arduratsu. Hala ere, babes politiko eskasa jaso duten adibide gisa azaleratu dira, teknikoki mespretxatuak barne, EAEko Osasun Saileko epidemiologiako profesional askok aitortu duten bezala krisialdi honetan zehar. Ohituak daude, nolanahi ere, lan erraldoi ikusezin hori osasun gastu publikoaren %2,5arekin egitera. Hori gutxi balitz, azkenengo urteetan bi saio izan ditugu EAEn osasun publikoko lege bat indarrean izateko, estatuko hainbat erkidegoren antzera. Bietan huts.

Krisialdi honek agerian utzi diguna ere, pandemia ez dela berdin zabaldu gizarte-taldeen artean. Aitzitik, maila sozioekonomiko apalagoko pertsonek infekzio-tasa handiagoa jasan dute, konplikazio handiagoak izan dituzte COVIDaren ondorioz, eta hilkortasunak gogorrago jo ditu gaixotasunaren ondorioz. Osasun arloko gizarte desberdintasunei buruz orain arte metatutako ikerketen emaitzek argi uzten dute lehen mailako arreta indartsu batek, osasun publikoko informazio eta ikerketa sistema egokiekin elkarlanean, asko dutela osasun kolektiboaren alde egiteko. Izan ere, krisialdi honetan etorriko diren hurrengo balizko olatuetan, kasuak identifikatzeko eta kontaktuak ikertzeko gaitasuna indartu beharra dago, ekitatea esplizituki txertatzen duen lan ikuspegi batetik. Horretarako, eta nazioarteko gomendioei jarraituz, lehen mailako arretaren aurrekontuak %20ra igo beharko luke, eta osasun publikoari dagokionak Europako herrialde aurreratuenekoen parera hurbildu, bederen.

Aurreko aspektu guztien gainetik, bada zerbait argi eta garbi krisi honek erakutsi diguna: pertsona guztion bizitzak zaurgarriak dira. Eta ezaugarri hori da, hain zuzen ere, besteekin lotzen gaituena, elkarrekiko mendekotasuna islatzen duena. Pandemia honen jatorria birus baten transmisio komunitarioan egon bada, osasun larrialdi honek utziko dizkigun ondorioak arintzeko irtenbideak ere kolektiboa eta komunitarioa izan beharko du. Ez dago munduan osasun aseguru pribatu bakar bat ere zaintza kolektiboen ardurari eutsiko dionik.

Pertsona guztiengana bermez iritsiko den eta ahalik eta orbain sozial gutxien sortuko dituen etorkizuneko osasungintza bat irudikatzeko ordua da. Ez dugu berrikuntza handiegirik behar; gure beharrei erantzungo dien ereduak badu izen eta abizena: Osasun sistema publikoa.

Zure etorkizuna gurea izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.