urtzi urkizu
Donostiako 70. Zinemaldia. KURSAALEKO ZUBITIK

Amari gutuna, Zinemalditik

2022ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Urteak dira ez dizudala lerrorik idatzi. Aurreko batean, bi senide aipatzen ari ziren Zinemaldiarekin dudan zaletasuna zuregandik datorkidala. Ez diet kontra egingo.

Kontua da, ama, amekin lotutako film batzuk aipatu nahi dizkizudala. Carla Simon zinemagileak —Alcarràs-ekin Berlinen sari nagusia jaso ostean— Carta a mi madre para mi hijo film laburra aurkeztu du, Tabakaleran. Haurra zela galdu zuen ama Simonek. Haurdun ageri da zinemagilea irudietan, eta benetako eta alegiazko oroitzapenak nahasten ditu. Angela Molina ageri da amarena egiten: alabari mintzo zaio, amets batean bezala. Sentsibilitate bereziko harribitxia da, ohartxo eta ñabardura samurrez betetakoa. Youtuben ikus daiteke, doan eta osorik.

Youtuben bertan ikus daiteke Madre ere, 13 minutuko film labur zirraragarria. Rodrigo Sorogoyen da zuzendaria —egunotan As bestas filma aurkeztu du Perlak sailean, eta Movistar Pluseko Apagón telesaileko (Sail Ofiziala) atal bat ere harena da—. Plano sekuentzia aparta da film laburra.

Baina are hobea iruditzen zait, ama, 28 minutuko plano sekuentzia etenik gabekoan Hego Koreako Lee Chandong zinemagileak egin duen film laburra: Heartbeat (Zabaltegi). 8 urteko mutiko batek eskolatik ihes egingo du, aztoratuta, eta etxera joango da amaren bila, uste baitu zerbait larria gertatu zaiola. Amak depresioa du, eta agur gutun bat idatzi duela iruditu zaio mutikoari. Ez da nolanahikoa filmeko tentsioa.

Amatasunaz mintzo da, bestalde, La maternal, Pilar Palomeroren film berria —Sail Ofizialean lehian ari da—. 14 urteko neska bat haurdun geldituko da, eta nerabeen zentro batera eramango dute. Pelikulan agerian geldituko da neska horrentzat zein garrantzitsua den bere ama. Gustatzen zitzaizkizun filmen tankerakoa dela esango nizuke, ama.

Hego Koreako film laburrean, bestalde, eskolan irakasleak ikasleei eskatuko die munduko pertsonarik garrantzitsuak aipatzeko. Baten batek amak direla erantzungo du. «Zergatik dira amak hain garrantzitsuak?», irakaslearen galderarekin batera irteten da mutikoa bere amaren bila.

Zuri gogoratuko nizuke, ama, zu izan zinela kazetaritza ikasketak egiteko animatu ninduena. Eta hemen nabil, zure auzoan, Grosen, gutun hau idazten. Gogoratzen zein zinemazale sutsua zinen. Kapaz zinela Zinemaldiko egun bakar batean bost pelikula ikusteko. Orain, banoa Truebara, beste film bat ikustera.

Muxuak eta mila esker.

Ama: Maria Elena Adrian Torre (Donostia, 1952-2005).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.