Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

EPPUR SI MUOVE

Aspaldiko lan bati so den egilea

Begoña del Teso -

2021eko azaroak 26

Bilbon. Bilboko Bilbo Zaharrean. Bilboko 5. barrutian. Bilboko auzo guztietan antzinakoena den horretan. San Frantzisko kalean, non planeta honetako mundu guztiak biltzen diren, non dendetan Latinoamerikako bandera guztiak zabalik eta salgai dauden. Non merkatuetan beste inon aurkiezinak diren jakiak eta edariak aurkitzen dituzun. Non Ava Gardnerrek sekula bisitatu ez zuen Chicote taberna dagoen. Non Aste Santuan balkoietatik euskaraz abesten dizkieten saetak Kalbariora doan Jesukristoari eta bere atzetik doan amari. Non, oraindik ere, kale baten izenak hemen Abandoko Errepublika existitu zela gogorarazten digun. Bilbo Zaharrean, Cortes kale ondoan. Non El Laterio tabernan Portugalen itsasoko fruituak latetan gordetzeko duten jakinduria eta abilezia dastagai den.

Bilbo Zaharreko aldapan gora eta behera. Bertan, joandako garaietan elizak ziren eraikinak rock and rollaren tenpluak bilakatu ziren aspaldian. Bilbo Zaharrean, non Guggenheim ez dagoen, non Arte Ederretako Museoa ez den. Non zutik, airos, irmo, nahiko aupari diharduen eta jarraitzen duen museo bakarra Berreginena den. Non San Frantziskoko Udaltegiko liburutegian, amoros mimatu horretan, beste inon ez diren lur, bide, xenda kamino ia guztien planoak eta mapak diren.

Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotza plazan, hiriko espazio publiko ireki handienetakoan, bada altxor ezkutu bat. Lurpean. Harrizkoa. Plazatik zenbait metroko sakonean, Euskadiko hiri-aztarnategi interesgarrienetakoa aurkitzen da. Hantxe, XV. mendeko komentu baten hareharrizko arrastoak. Baita XIX. mendeko Alfontso Printzearenak ere.

Bilbo Zaharreko garai bateko seinaleak, denbora-bidaia harrigarria.

Eta bertan, aurreko egun batean, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Zinemaldiaren eguerdi eguzkitsu batean, aurreko gaueko Itxitik izeneko programaren zinema pusken emanaldiaren oroipenek dir-dir egiten zigutela begietan, erakusketa bat zabaldu zen; maite-maite baina hertsiki ere zainduriko, gordetako iraganeko hondakinen artean zabaldu ere.

Gure iraganeko zeluloidezko aztarnak gure iraganeko harrizko, hareazko arrastoen ondoan. Elkarri sostengua emanez. Segoviako ihesa kontatu zuen, zigun, pelikularen filmazioan Jesus Uriartek egindako argazki zaharrak. Zuri-beltzak, garai haiek ziren bezala: grisak.

Donostian izandakoa da erakusketa. Baina Donostiako paisaia ez zen hain egokia, nahiz eta Errealeko estadioaren pega-pega dagoen Ernest Lluch Kultur Etxea izan. Ez, askoz hobeto egokitzen ziren argazki horiek Bilbo Zaharreko Mariaren Bihotzaren plazaren erraietan gordeta diren harri horien artean. Izan ere, ihesaldi bat ari baldin bagara gogoratzen (40 urte pasatu dira dagoeneko...!), non hobe denbora eta espazio tunel baten barruan baino?

Bildu ziren bertan Zinebiko arduradunak, agintari hainbat, zinemak zauritutako asko. Gehi Ramon Barea eta Mario Pardo aktoreak. Gehi bizirik irauteko borrokan amore ematen ez duen Angel Amigo gidoigile, ekoizle eta zinemagilea. Gehi, jakina, Zinebik omentzen zuen Imanol Uribe zuzendaria.

Argazki saio eta filmatze hartan erabilitako/ahazturiko objektu artean paseoan eta oroitzapenetan ibili ondoren, eseri ziren aspaldiko komentuaren patioan, lurpean eseri ere, eta berbetan hasi.

El proceso de Burgos, La muerte de Mikel, El rey pasmado zeluloidezko lanen egilearen hitzetan, nahiz eta lau hamarkada igaroak izan, filmak txukun, duin eta tinko defendatzen du bere burua pantailan. Oraindik ere. Imanolen esanetan, filmazio hura arras magikoa izan zen. Zorrotza ere bai. Latza. Oso.

Egun Kanarietako Lanzaroten duela mende bat gertatu zen pasadizo mingarri bat, belaunaldi askoren amesgaiztoak sorrarazi izan dituena, esku artean eta kamera aurrean dituen El Salvadorren jaiotako autore bizkaitarrak aitortu zuen, barre gazi-gozo batez zin egin ere, gaur beste era batez, beste modu batez, beste manera batzuetan egingo, filmatuko zuela Segoviako ihesa.

Bitxia da, bitxia oso, zer nolako harreman amodio-gorrotozkoak eratzen dituzten egileek beren lanekiko. Leialtasuna gordetzen diete batzuek. Urguiluz berrikusten besteek.

Bada beretzat ezagutzen ez duenik. Eta aspaldian egindakoaren aurrean mutu geratzen denik ere. Mutu edo... dardarizo bizian. Herrialde Katalanetako Molins de Rein omendu berri duten Ivan Zuluetak, kasurako, Donostiako Antzoki Zaharrean, bere film labur eta super 8ko pieza guztiak berreskuratzen ari zen maratoian, orroka, amorruz eta izuz eskatu zuen emanaldia bertan behera uzteko, berak ez egindakoak zirelakoan.

XXI. mendeko Ivan hark ez zituen ez bere burua ez bere kamera antzematen pantailan... Agian lana ez baita aldatzen. Autorea, ostera, bai. Garaiak, baliabideak, begiradak, ikusleak nola.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sinbolo bat baliatzeko moduak

Sinbolo bat baliatzeko moduak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

‘Gernika’ Gernikara plataformaren iritziz, Picassoren artelana "boterearen menpe" dago gaur egun. Madrilgo Reina Sofia museotik Gernikara lekualdatu dezatela nahi dute, memoria historikoa lantzeko, besteak beste. Mobilizazio bat egingo dute bihar, udalerriko Foruen plazatik, 13:00etan.

Garazi Ansa eta Haizea Barcenilla, atzo, San Telmo museoko <em>Baginen bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak</em> erakusketan. ©G. ARANBURU / FOKU

Ikusezintasunaren tripak

Itziar Ugarte Irizar

'Baginen, bagara. Emakume artistak: ikusgarritasun(ez)aren logikak' erakusketa jarri du ikusgai San Telmo museoak, martxoaren 13ra arte. Haizea Barcenilla eta Garazi Ansa izan dira komisarioak

 ©BERRIA

Hegaldiari berriz ekiteko prest

Aitor Biain

Liher taldeak 'Eta hutsa zen helmuga' diskoa argitaratu du. Izurriak eragindako «bidaia emozionala» kontatu dute, 11 kanturen bitartez. Ondarroan aurkeztuko dute lan berria bihar iluntzean

 ©GOTZON ARANBURU / @FOKU

Boterearen gezurraren ondorio zoritxarrekoa

Gorka Arrese

Lander Garrok 'Faith' aurkeztu du, Xabi Ugarte pertsonaiaren bigarren eleberria. Euskal Herriko giro politikotik aldendu nahi luke, baina ezingo du. Bartzelonan girotuta dago, mende hasieran

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.