Uda bete aukera airean

Urtero Euskal Herrian uda igarotzen dute Ukrainako, Bielorrusiako eta Mendebaldeko Saharako haurrek. Koronabirusak, ordea, airean utzi ditu egonaldi horiek. Ume batzuk agian etorri ahalko dira, baina denbora gutxiago; beste batzuek garesti pagatuko dituzte albo kalteak.

Josika Salbide eta Iraia Garcia ama-alabak. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iñigo Satrustegi.
Gasteiz
2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Haur asko etortzen dira dira urtero Mendebaldeko Saharatik, Ukrainatik eta Bielorrusiatik harrera familia batekin uda pasatzera. Bi hilabete egiten dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan euren jatorrizko herrialdeetako baldintza gogorretatik aldendu, eta uda lasai bat pasatzeko asmoz. Aurten, koronabirusaren ondorioz harrera ekimen horietako batzuk bertan behera utzi dituzte elkarteek; beste elkarte batzuek, ordea, eginahalak eta bi egiten ari dira, umeek uda bete aukera izan dezaten.

«Erabakia ez da erraza izan, baina hartu beharrekoa da», azaldu du Carolina Garcia Sahararen Nafarroako Lagunak Elkarteko (ANAS) kideak. Izan ere, aurtengo Oporrak Bakean egitasmoaren kanpaina bertan behera uztea erabaki zuten elkarteek Mendebaldeko Saharako Fronte Polisarioarekin batera. Garciak azaldu duenez, Saharako kanpamentuetara ez da COVID-19a iritsi, eta «arrisku handia» hartuko lukete haurrrak Euskal Herrira ekarrita. «Kanpamentuetan ez daude birusari aurre egiteko prest».

Urtero 5.000 haur ateratzen dira Europako herrialdeetan uda pasatzera. Kanpaina bertan behera uztearekin, «5.000 aho gehiago elikatu beharko dituzte aurten», azaldu du ANASekoak. Uda «gogorra» izango dela iragarri du Garciak: «60 gradu arteko tenperaturak izaten dituzte. Gainera, elikagai eta ur urritasuna egongo da, mugak itxita daudelako, eta, ondorioz, laguntza humanitariorik ez da heltzen». Nafarroatik karabana bat prestatzen ari direla jakinarazi du mugak ireki orduko bertara bidaltzeko. Bestetik, Nafarroako Gobernuak diru laguntza bat jarri du elikagaiak erosi eta bidali ahal izateko.

Ekialdeko umeak, ezbaian

Bikarte eta Chernobil elkarteek Errusiako, Bielorrusiako eta Ukrainako umeen udako egonaldiak antolatzen dituzte. Ume gehienak Txernobylgo (Ukraina) zentralaren leherketak sortutako kutsaduraren biktima dira. «OMEren arabera, umeek kutsatutako eremuetatik kanpo 40 egun eman behar dituzte bizi itxaropena bi urte luzatzeko», azaldu du Amaia Aretxaga Bikarteko lehendakariak. Gomendio horri eutsita, oraingoz ez dute harrera egonaldia bertan behera utzi. «Gero eta egingarriago ikusten dugu, baina, egiten bada, osasun berme guztiekin izango da». Elkarteko Marian Izagirrek ere jakinarazi du «aurrera jarraitzeko» asmo osoa daukatela. Hala ere, familia batzuk, beldurragatik edo krisiak gogor jo dituelako, parte ez hartzea erabaki dute.

BIELORRUSIA

«Afektibitate arazo handiak izaten dituzte»

Itxaso Larrinagak bere familiarekin batera Bielorrusiatik datorren neskatila bat hartzen du etxean, Deban (Gipuzkoa). Orain dela zazpi urte hasi ziren beste haur batekin, eta, esperientzia «oso onak» izan dituztenez, urtero animatzen dira Bikarte elkarteak antolatzen dituen harrera egonaldietan parte hartzera.

Larrinagak aitortu du lehenengo urtean sentimendu aldetik gorabehera handia izan zuela: «Etorri aurretik emozio handia genuen etorriko zena ezagutzeko; baina iritsi zenean, ez zen espero genuena». Hain zuzen ere, azaldu du umezurtzak direla, eta ingurune erabat pobreetatik datozenak, eta, horrenbestez, kosta egiten zaie egokitzea; «bai haurrari, eta bai familiari ere». Gainera, Larrinagaren esanetan, «afektibitate arazo handiak izaten dituzte haurrek; hona etorri eta maitasuna ikusten dutenean, harritu egiten dira». Gaineratu du euren kasuan harremana lortu orduko aste batzuk pasatu behar izan zirela. Gero, dena «primeran joan zen» .

Hizkuntzari dagokionez, Larrinagaren familian traba izango zela pentsatu zuten, baina, aitzitik, uste baino errazagoa izan zela adierazi du, eta euskara hutsean egiteko apustua egin zuten: «Aukeratu egin behar da zein hizkuntzatan komunikatu, eta ez euskara ezta gaztelania ez zituenez ezagutzen, gure eguneroko hizkuntzaren alde egin genuen: euskara». Lehen urteko egonaldiaren amaierarako «nahiko ondo» menderatu ohi dutela gaineratu du.

Larrinagaren ustez, haurrei bi hilabetez elikadura on bat bermatzea da egonaldietako ekarpenik handiena; izan ere, Bielorrusiatik datozen umeek ere Txernobylgo zentralaren erradiazioaren ondorioak pairatzen dituzte: «Jaten dutena ez da txarra, baina, lurrean erradiazio maila altua dagoenez, janaria ere kutsatzen da». Hari horri eutsita, adibidea eman du: bi hilabeteren ondoren, erradiazio maila baxuago dute haurrek.

Koronabirusaren egoerarekin zalantzarik ez dutela esan du; izan ere, «beharrezkoak» dira egitasmo horiek haurrentzat, eta elkarteak hartzen duen erabakiarekin bat egingo dutela adierazi du Larrinagak. Hala ere, gogoz dira Deban haurrari ongietorria egiteko «ekainean ez bada, uztailean edo abuztuan». Bielorrusian duen egoeratik aldentzeko «ondo» etorriko zaielakoan dago, eta «are hobeto Deba bezalako herri txiki batean». Izan ere, haurra bere kabuz moldatzen dela adierazi du: «lagunekin elkartzeko, hondartzara joateko... Bera bakarrik moldatzen da».

«Garrantzitsua da gure semeek jakin dezatela normalizatuta duten egunerokoa ez dela normalena». Larrinagak harrera programaren aldebiko ekarpena azpimarratu du: bai hartutako umearentzat, baina baita familian egiten duten ikaspenagatik ere.

MENDEBALDEKO SAHARA

«Haiek 44 urte daramatzate konfinaturik»

Josika Salbide eta Iraia Garcia iruindarrak ama-alabak dira. Hamabi urte daramatzate familian Saharako haurrak hartzen, baina aurten ez dute aukerarik izango. Salbidek eta bere bikoteak aspalditik parte hartu nahi zuten elkartasun egitasmo batean, eta polita iruditu zitzaien ANASek antolatzen duen Oporrak Bakean programa: «Laguntzeko ekimenen baten parte izan nahi genuen, gure seme-alabek bizipen hori izan zezaten txikitatik». Orain arte, hiru haur ekarri dituzte, horietatik bi familia bereko anaiak: Bachri eta Emhamed. Aurten hirugarren anaia gazteago bat zen etortzekoa, baina egoerak uda zapuztu diela adierazi dute ama-alabek: «Pena handia ematen digu, ezin dugulako laguntzarik eskaini, eta aurreneko aldia izango litzatekeelako umearentzat».

Elikadura eta osasun zerbitzuak dira, Iruñeko familiaren ustez, haurrei eskaintzen dieten garrantzitsuena. «Elikagai freskoak jan ditzaten saiatzen gara, kanpamentuetara ez baita halakorik heltzen» esan du Salbidek. Era berean, gehitu du haurrei analisiak eta mediku azterketak egiteko eta txertoak jartzeko aprobetxatzen dutela egonaldia. «Umeek, berriz, gehiago eskertzen dute igerilekura, hondartzara eta ibaira joatea».

Garciak «anaia baten moduan» hartu izan ditu haur sahararrak. Baina bestetik ere aitortu du urteekin bere eta etorritako haurren arteko adin tartea handitu egin den heinean, «modu desberdinetara» bizi izan dituela esperientziak. «Hala ere, oso erraza izan da haurrak zaintzea, kuadrillan edo auzoan laguntzeko prest egon direlako». Salbidek, gainera, esan du seme-alaben eta Saharako haurren artean ez dutela tratuan bereizketarik egiten, errietarako edo planak egiteko, besteak beste.

Haurrekin eta familiarekin izan duten harremanaz mintzo da Garcia: «Teknologiaren aurrerapenekin asko aldatu da komunikazioa, eta orain oso maiz hitz egiten dugu haiekin». Gainera, behin baino gehiagotan izan dira Iruñekoak Saharan, familia eta euren kultura ezagutzen: «Oso tratu ona izan dugu beti». Harremana, beraz, «estua» dela diote. «Konfinamenduan, ia egunero deitu gaituzte; oso arduratuta zeuden» erantsi du, eta haien animoak asko eskertu dituzte: «Haiek 44 urte daramatzate basamortuan konfinatuta, eta ez birus batengatik».

Aurten ez da Saharako umerik izango Garcia eta Salbideren etxean, baina espero dute, datorren urtean berriz parte hartu ahal izango dutela: «Urtero esaten dugu azken urtea izango dela, baina ezin ditugu nolanahi ere utzi. Oraingoz osasunez eta ekonomikoki ongi gaude». Garciak bukatzeko azaldu du halako programak «beharrezkoak» diren arren espero dutela halakoen «beharrik ez izatea», Sahara librea izango delakoan.

UKRAINA

«Pozik gaude izandako bizipenekin»

Arabako lautadako Bikuñan bizi dira Sonia Sanz eta Eduardo Eguren. Zortzi urtez hartu zuten etxean Sergei, Txernobylgo ume bat, eta aurten laugarrena izango litzateke Mixarekin. Chernobil elkarteko laguntzaileak dira, eta adierazi dute aurtengo harrera kanpainan parte hartuko dutela, egoerak ahalbidetzen badu: «Haurrak ekar baldin badaitezke, Mixak aurtengo uda gurekin pasatuko du». Kontrara, lehen aldiz Mendebaldeko Saharako haur bat ekarri behar zuten aurten. Asmo hori alde batera utzi behar izan dute, oraingoz.

Urte hauetan guztietan esperientzia errepikatu baldin badute, «oso positiboa» izan delako izan da, Sanzek azaldu duenez: «Oso pozik gaude izandako bizipenekin; aukera zoragarria da». Egurenek azpimarratu du bereziki «aberasgarria» dela euren seme-alabentzat, beste errealitate bat ezagutzeko balio dielako. «Gure seme zaharrena Sergei baino zertxobait zaharragoa zen etortzen hasi zenean. Oso ongi moldatu ziren hasieratik», esan du Sanzek. «Anai-arreben artean izan ohi diren liskarrak ere izaten zituzten elkarren artean».

Txernobylgo zentraletik oso gertu bizi diren haurrak ekartzen ditu elkarteak Euskal Herrira, eta, beraz, umeen osasuna hobetzea da helburu nagusia. Halaber, baliabide ekonomiko handirik gabeko familiak ere izaten direla azpimarratu du Egurenek, horrek berekin dakartzan ondorio guztiekin: «Familia desegituratuak izaten dira, gainera, eta normala da alkoholismoa duten familiako kideak egotea inguruan». Soniak azaldu du Sergeiren jatorrizko etxean urik ere ez zutela, eta gogoan du hartu zuen aurreneko bainua. «Osasunaz gain, erlazionatzeko eta bizitzeko beste modu bat badagoela ikasteko balio die Ukrainako haur eta gazteei».

«Guk ez dugu hara joateko aukerarik izan; familia apala gara.Gure udako oporren modukoa da haurrak hartzea», esan du Sanzek. Hala ere, urtean zehar Mixarekin harremana mantentzen saiatzen direla adierazi du bikoteak, batzuetan hizkuntza traba bat den arren. Bestetik, paketeak helarazten dizkietela gehitu dute: «Koronabirusarengatik elikagai urritasuna izan dute han. Guk gure esku zegoen zer edo zer bidali diegu».

Birusa Ukrainako landa eremura ere iritsi dela azaldu dute Arabako lautadako familiak, datuen eguneraketa jasotzen duten arren; «benetako datuak» jakiterik ez dela adierazi dute. Bikotea gogotsu dago uda honetan Mixarekin berriz elkartzeko: «Guregatik, baina batez ere Mixarengatik, ongi etorriko zaiolako». Bielorrusiako instituzioen erabakia dela uste dute, eta, ohiko datetan ez bada ere, dena ondo joango delako itxaropena dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.