Txapelaren bertsoak

Maialen Lujanbio txapeldunak 35 bertso kantatu zituen finalean; hamabost goizean, eta beste hogei arratsaldean. Hona hemen haren bertso puntuagarri guztiak.

JAIZKI FONTANDA / FOKU.
2022ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Transkripzioak: Izar Mendiguren, Idoia Granizo,Irati Brabo eta Xan Alkhat
Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

GOIZEKO SAIOA

Zortziko handia
Alaia Martin etaMaialen Lujanbio
Gaia: Denda duzue elkarrekin itsasertzean. Klima aldaketaren ondorioak geroz eta nabarmenagoak dira zuenean. Zuk, Alaia, denda lekuz aldatu nahi duzu. Zuk, Maialen, bertan jarraitu nahi duzu.
Doinua: Beste bateko inularretan

A. Martin

Hainbat urtetan hainbat kolore
oihal eta gogoeta
arorik aro mantendu dugu
tonu arteko oreka
zaindu nahi bada gure txapela
galtza luze ta txaketa
lehen olatua etorri aurretik
egin behar da aldaketa (bis)

M. Lujanbio

Esaten dute ia ez dagola
udara ta udazkenik
itsaso maila gora ta gora
ailegatuko ez denik
Alaia aldatzen joan gaitezke
mantendu gabe eskemik
orain oihalak, gero txankletak
flotagailuak azkenik. (bis)

A. Martin

Eta ondoren arrain txikiak
baino ez gure sarean
jeitsiera bat suma liteke
diru sarreren marean
onar dezagun gure egoera
aparra dago arean
ez dezagula bufanda jarri
gure begien parean. (bis)

M. Lujanbio

Biok bisio errealista
izango baldin bagendu
igual ezin da epe luzean
denda txiki hau mantendu
errez diozu Donostiako
portutik hobe da kendu
Alde Zaharrean orain lokal bat
edozeinek erosten du. (bis)

A. Martin

Egia esan Alde Zaharrak
salduta dauka arima
ta inbertitzeko egin behar da
bi patriketan kilima
pentsa dezagun denborarekin
non jarri behar den bitrina
bero ipini aurretik gero
gu bion arteko klima. (bis)

M. Lujanbio

Ez naiz zurekin haserretuko
beti izan zaitut begiko
hankak bustita biok freskatu
gaitezkeela nerekiko
ekonomia zirkular hori
hau baldin bada, ba kitto!
Lehenengo justu, ondoren pobre
ta azkenerako ito. (bis)

Zortziko txikia
Maialen Lujanbio etaBeñat Gaztelumendi

Gaia: Elkarrekin bazkaltzera joan diren bi lagun zarete. Maialen, Beñatek jaten hasi aurretik plater guztiei argazkia ateratzeko ohitura du. Postrea jaten hasi zaretenean, Beñatek kargu hartu dizu postrea jaten hasi zarelako berak argazkia atera aurretik.Doinua: Orioko balearena


M. Lujanbio

Bat enkuadre honekin
ta bat mugitua
Instagramen jartzeko
bere predikua
ba bai, jaten hasi naiz
ez da delitua!
Flana irtengo da oso
faborezitua! (bis)

B. Gaztelumendi

Maialen gauza beti
izan da oreka
flana irentsi eta
zenbat gogoeta
patxada pixkat izan
ezazu tarteka
beti irteten zara
ahoa beteta (bis)

M. Lujanbio

Ba zuk gauza berbera
Beñat, esan ezin!
Ze onak dauden kontatzen
zabiltza atsegin
herria ta globoa
enteratu dedin
eta probatu ere
ez dituzu egin! (bis)

B. Gaztelumendi

Probatu gabe hala
ipintzen da nota
mobila aterata
argazkiak bota
'Atsegin dut'-ak jaso
ditzadan zientoka
gero gustatzen zaidan
ez dio inporta (bis)

M. Lujanbio

Eta ni harrituta
geratzen natzaizu
gehien azkeneko hau
gustatuko zaizu
ekarri dute nota:
200€, aizu,
atera fotoa ta
pagatu ezazu! (bis)

B. Gaztelumendi

A ze sustoa eman
didan arranoa
bi orritako notak
dirudi planoa
200€ faktura?
Hau ez da sanoa
itxaron mugikorra
kargatzera noa (bis)

Lehen puntua emanda
Maialen Lujanbio
Gaia: Gabonetako argiak
Doinua: Orain hasi bihagu

Hilabete aurretik
argiak piztuta

Kalean gabiltzanak
ezin sinistuta
ekonomia dago
bastante estu ta
hobe luke elizak
hoiek pagatuta!

Batzuk haserre eta
besteak gustura

Bakoitzak defenditzen
sinisten dun hura
kontsumitzeko ere
badugu kultura
fedea kontsumoan
lurrera sartu da.

Eta zure etxean
piztuta al daude?
Bonbilla bakar bat det
hantxe parez pare
gabon argiekin ez
mila abildade
argi bakar horrekin
gozo-gozo gaude!

Seiko motza
Maialen Lujanbio -Sustrai Colina

Gaia: Ospitale bateko bi zerbitzu buru zarete. Ez zaudete ados zuen agintari politikoen kudeaketarekin. Maialen, Sustraik proposatu dizu elkarrekin dimisioa aurkeztea.
Doinua: Aresoarren bandera


M.Lujanbio

Gure jakintzaren menpe
hainbat paziente ta jente
ta gero eta murritzagoak
baldintza ta epe
murrizketak atertzeke
zure nahia nola bete
dimisioa eurek aurkeztu
beharko lukete (bis)

S. Colina

Dantza dezagun eztena
badena eta ez dena
hemen ardura ez baita beti
izaten besteena.
Erakutsi gaitzespena
ta hau dela antzezpena
ala ZIUra sartuko dute
osasun sistema (bis)

M.Lujanbio

Greba batek erreztua
du ala aldresbestua?
Osasungintza ZIUra doa
asko da aurreztua
bide murritza, estua
Jaurlaritzak babestua
ez dakit batzuk ondasungintzan
ez duten eskua (bis)

S. Colina

Beranduegi da jada
ta saiatuko al gara
bihotzekoa behingoz bihurtu
dadin bihotzkada?
Joan gaitezen grebara
nere dimisioa, hara,
Osakidetzan zita lortzeko
modu bakarra da. (bis)

M.Lujanbio

Dimisioan afera
ez da ideia ona, zera,
protestatzea ez al da hobe?
Ba goazen sartzera
pankarta baten atzera
ospitalean jartzera
ta ea herria noiz irteten den
gu defendatzera (bis)

S. Colina

Sakondu ezkero gaian
enkarteladen jarraian
dimisioak jarriko gaitu
protesten talaian
kapitalismo salbaian
jarri gaituzte salmahaian
nahiz eta txalo jotzen ziguten
pandemia garaian (bis)

Ganbarako lana
Maialen Lujanbio
Gaia: Irribarre konplizea egin diozue elkarri
Doinua: Norbere mundu intimo

Abandon metroko atea
zabaldu eta haizea
ta haizearekin batera
halako tipo klasea
sartu zaigu muskuluz ta
tatuaje fatxaz asea
hautatu du ate ondoan
mendekati geratzea
ta zu jaiki egin zara
ni jaiki naizen antzea
suertatu da beste denek
gonbita hau onartzea
tipoak bere burua
eroso ez topatzea
eta hala lortu dugu
bagoietik botatzea.

Isilkako protesta bat
dateke edukatzea
arrisku den gizonari
sarrera bat ukatzea
iseka zorian hasi
eta guk bi hitz trukatzea
aski izan da ez zen behar
guk malkoak xukatzea
ze jende eskuindar horrek
maite baitu juzkatzea
gu bezin bestelakoak
normala ez gustatzea
nahi baitute egi bakar
ta goren bat sustatzea
buru hautsi baino nahio
besterena puskatzea. (bis)

Behingoan alderantzira
gertatu da gauza hara
jende xeheak indarra
tipo sendoak ikara
bizi espazioa zer den
argi behar baita laga
konplizea bagoi hontan
gu guztion begirada
bestelakorik horrela
pasatu ez dedin jada
behin egin izanak eman
behar digu berriz bulkada
zu ta biok bereziki
irria irrietara
gure poltsa ortzadardunez
poz-pozik atera gara (bis)

ARRATSALDEKO SAIOA

Hamarreko txikia

N. Ibarzabal - M Lujanbio

Gaia: Herri txiki bateko biztanleak zarete Nerea eta Maialen. Zuk Nerea, 80 urte dituzu. Maialenek, berriz, 20. Azken hamarkadetan, poliki-poliki, herrian geroz eta biztanle gutxiago zarete.
Doinua: Hamalu heriotzena


N. Ibarzabal

Itzaltzuko bazterrak
nahiz ederrez blaitu
ez ote da geroa
betiko amaitu?
Zuk ere nahiko duzu
lanerantz jarraitu
gazteak ere indar
nabaria baitu
zu ere hiriburuak
eramango zaitu.

M. Lujanbio

Jendea etortzen da
hartzera atseden
baina bizi izateko
Itzaltzu aspermen
anbulategirik ez
hamaika hasperen
eskolara Iruñera
pentsa 'zazu zer den!
Ni egoskorkeriak
mantentzen nau hemen.

N. Ibarzabal

Baina egin beharko da
gero nonbaiten lan
ta festa giroan ta
hamaika harreman
eraikitzen izango
duzu hainbeste lan
nahiz egoskorkeria
badagon zuregan
azkenean beharrak
baietz zu eraman.

M. Lujanbio

Ez al zaitu lasaitzen
Berrizko ezetzak?
Itzaltzun daude guztiz
dauzkadan ametsak
biziberritu behar
ditut teila beltzak
bihurtu ez daitezen
gure herri ertzak
aborigenen postal
turismoarentzat.

N. Ibarzabal

Onddo bila etorri
ohi dira ugari
horrenbeste turista
izaki herrari
baina amona honek
entzun zaitu adi
pozik nago ta segi
ari eta ari
beste esanahi bat eman
guztion lurrari.

M. Lujanbio

Nahiz lurra daramaten
ia galzorira
bateko kutsadura
besteko Covida
jende hiritarrak ere
kontua hori da
baietz bueltan etorri
gu gauden tokira
bizitza nun dagoen
ohartuko dira.

Zortziko txikia
Maialen Lujanbio - Aitor Mendiluze
Gaia: Maialan eta Aitor begiraleak zarete. Umeekin irteera bat egin duzue. Hamaiketakoaren ordua ailegatu denean, kafe bat hartzera joan dira umeak parkean utzita. Bueltatu zaretenean, parkea hutsik dago eta umeak ez dira inondik ageri.
Doinua: Ezagutu zuenak

M. Lujanbio: Benetan sentitu dut
pakea galanta
A. Mendiluze: Bai, behin etorri eta
arazoak falta
M. Lujanbio: Baina enteratzean
ama eta aita
A. Mendiluze: Igual egingo degu
sekulako marka!

A. Mendiluze: Gehienak kejan eta
batzuk agian ez
M. Lujanbio: Batzuk nahiko aspertuta
daude agidanez
A. Mendiluze: Eta gu haurrak bueltan
ezin eramanez
M. Lujanbio: Txintxo porta zitezen
milatan esanez.

M. Lujanbio: Nora alde egin dute?
Deabruak denak!
A. Mendiluze: Goxoki dendarantza
seguru gehienak
M. Lujanbio: Ba hustuko dituzte
bertako barrenak
A. Mendiluze: Errua du dirua
ekarri duenak.

A. Mendiluze: Guk ez al genien ba
dirua ukatu?
M. Lujanbio: Gominolengatik nahi
al dute trukatu?
A. Mendiluze: gurasoek eman ta
planak purrukatu
M. Lujanbio: Ia ba nun dauden
Aitor, oihukatu

M. Lujanbio: Oihu bat egin zazu
ahal duzun tokira
A. Mendiluze: e! Umeak non daude? ah, hortxe, begira
M. Lujanbio: haurrak askatasunezhezi behar dira.
A. Mendiluze: ume kuadrilla alua parrezka ari da.

A. Mendiluze: Itxoin, itxoin oraindik etxera joan arte
M. Lujanbio: orain autobusean pasa behar parte
A. Mendiluze: gaur ez motxila, ez ur
ez muxu, ez parke
M. Lujanbio: 15 hemen baina 2 dabiltz aparte

M. Lujanbio: Ta betiko bitxoak beti igualak
A. Mendiluze: eta gu bilatzaile fin ta zerbitzalak
M. Lujanbio: guraso txarren ume horiek beti balak
A. Mendiluze: alperrik dira bengak
alperrik ojalak

A. Mendiluze:
Ojala zintzoago izan bazinate
M. Lujanbio: gehio ez dugu egingo
guk txangorik bate
A. Mendiluze: Bueno ta galdu ta zer? eurentzako kalte
M. Lujanbio: hor konpon gu ja guazen hemendik aparte.

Bakarka
Maialen Lujanbio
Gaia: Egun osoa bertzeen etxeak garbitzen aritu ondotik, zure etxera ailegatu berri zara.
Doinua: Lurraren pean sar nindateke

Lan bat finkorik ez daukat eta
ordea, hiru lan orde
orduka egin eta indarrak
hurrengorako ere gorde
nere jabeen etxeak dira
mila klase ta kolore
dizdizka hantxe ipintzen ditut
euren zilar eta kobre
ezkertiarrak, aurrerakoiak
ta zenbait bikote progre
neri ordaintzat ematen dabiltz
beltzean pare bat sobre
ni nere lanaz harro banago
baina harro bezain pobre. (bis)

Gazteak eta emakumeak
ohi dituzte aukeratzen
ongizatea hola joan zaigu
atzeratzen, atzeratzen…
Ze garbiketa beste lanekin
ez baitute alderatzen
eta guretzat kontratu batik
ere ez dute eratzen
lan jardunetik zortzi t'erditan
gauean naiz ateratzen
errekaduak egin ta gero
neure etxea zeratzen
eskubideak borrokatzeko
astirik ez zait geratzen. (bis)

Goizean goizik neure umeen
motxilatxoen karraio
haiek utzita autobusa hartu
eta patxadari aio
autobusean nere gisako
zenbait kide ta tokaio
auzo aberatsak gu denentzako
zerbait izaten darraio
lan bat hobea diru gehiago
ai, izango banu nahio!
Baina garbitzen, erratz pasatzen
hauts kentzen… hor nabil iaio
gizarte zikin honi itxura
horrela txukuntzen zaio. (bis)

BURUZ BURUKOA
Iparragirre abila dela
Gaia: Gehiegizko lotsa lantzeko terapian ezagutu duzue elkar. Hitz egiten hasteko ordua da.

A. Arzallus

Ia berrogei urte beteak
ta edozerk nau lotsatzen
eta hemen zu ezagutzerik
ene, ez nuen pentsatzen!
Maitasun harremanak
sortzen dizkidan lanak
beti mutu naiz geratzen
ezpainetatik musua beste
gauzik ez zait ateratzen. (bis)

M. Lujanbio

Eta lurrera begira nengon
ni nere lotsa tarteko
zure ahotsa hor aditu det
ta ez horren aparteko
ta aipatu du musua
lehenengotikan sua
pentsatu ze danbateko
bai zu bastante ausarta zara
lotsatia izateko! (bis)

A. Arzallus

Halaxe bainaiz nunbait hala zen
neuk ikasi nuen era
maiz hitzek traba eiten didate
ta beste guztia fuera
halaxe naiz izatez
neure argi ta itzalpez
ta autortzea hobe da
batzutan lotsa fañta duenak
bestetan dauka sobera (bis)

M. Lujanbio

Beraz lotsaren bulimia horretan
ibilia zara lehendik
lotsati ustez nahiko ausarta
zinela uste nun lehenik
ba ni nauzu Maialen
hori esan al det lehen?
Begira nago hemendik
zure antiajutan nere isladak
ere lotsa ematen dit (bis)

A. Arzallus

Ene, Maialen hain lotsatia
ta poemak nola trentza?
Zure hitz denei jarraitzen ere
baina ez zait hain erreza
baietz lotsak erantzi
ta traba denak ahantzi
eta josi hitzen ertza
gehiago kosta behar zaizu kentzen
zure begitarte beltza. (bis)

M. Lujanbio

Beltzak badauka gozotik ere
ta egon zaitez seguru
baina hortarako beharko ditut
ehun bat sesio inguru
berriz jantzi ta erantzi
baina ze atrebentzi
tipo honek ze helburu du?
Lehen eguna izateko ja
nahikoa hitz egin dugu! (bis)

Zortziko txikia
Gaia: Maialen, zuri buruzko pelikula biografiko bat egin behar dute. Amets da zure rola jokatuko duen aktorea.
Doinua: Gizona da zoroa

M. Lujanbio

Nik bai zerbait nuela
androgino kutsu
norbait aukeratuko
eta hautatu zu!
Kortxo puntari eman
metxeroakin su
betartea pixka bat
belztu beharko duzu! (bis)

A. Arzallus

Lasai, ni ere banaiz
mira beltzekoa
ta hemen sentitzen naiz
aski etxekoa
errea egiteko
zure antzekoa
nahita hautatu naute
Iparraldekoa. (bis)

M. Lujanbio

Bastante ona zara
errean kopian
nere kolorerik ez
dezu bekokian
burua nola jarri
pinta egokian
ilea dugu justu
kontrako tokian! (bis)

A. Arzallus

Bai gure lepo gainak
nolako kulunka!
Zu sotana bat zara
ni elur maluta
kostako da berditzen
zuk daukazun looka
ez dakit nork egin behar
didan ba peluka! (bis)

M. Lujanbio

Filmari aukera bat
emango diogu
gero beharko ditu
atrezzo ta koru
extra batzuk ere bai
eta hor gero gu
Amets Arzallusena
zeinek egingo du? (bis)

A. Arzallus

Ba doble baten bila
hor hasi naiz soaz
hautagai batzuk jo
ditut lehen pausoaz
Egaña, Mendiluze
aukeretan doaz
ta beste batzuk ere
bidean gogoaz (bis)

Ganbarako lana
M. Lujanbio

Hitza: Oreka
Doinua: Gaztalondo handian

Desorekatik bada
hamaika genero
prensan ikusten dugu
hori egunero
landun ta langabetu
ipar eta hego
etxedun ta etxegabe
hamaika endredo!
Zaudenean bero
ongizatez edo
dena bertan bego
gerokoak gero
zail da berreskuratzen
galdu ezkero! (bis)

Gaia: Ez dago B-planik.
Doinua: Loreak udan ihintza bezela

Ez dago planik, ez da B-planik
dagon plan bakarra A da
gure buruak ezagutzeko
garaia genuke jada
gure ustetan ondo bizi ohi
ai, Covidak ze zartada!
Errezelotsu jarri genion
auzoari begirada
ta galdu dugu lehengo arnasa
eta balizko patxada
eta ez gara saretu eta
protestan irten plazara
hobeak irten behar genuen
ta lehengo berberak gara! (bis)

Orain dena da pribatizatze
ezker-eskuin, dinbi-danba
osasungintza adibide bat
nola jeitsi duten langa
 
hezkuntzak ere latza pasa du
ta ai, gazteen demanda!
Bi urte luzez musuko hori
klaseetan eramanda
egin genuen elkar zaintza ta
auzo-zaintzen propaganda
baina aukera heldu denean
edo ekiteko txanda
komuna izan zitekeen dena
komun zulotik joan da! (bis)

Ez nago ziur agintaritzan
dagon jende arlotea
ez dakit zer den gauza hobea
Santxo ala Kixotea
ze amestea garai batzutan
ez da hain gauza torpea
mentalitate excel honekin
galdu baitugu zortea
eta aurrera begira dugu
apustu haundikotea
etorkizuna gure eskutan
dago bai, hala ote da?
Beldurgarria da etorkizuna
gure esku egotea! (bis)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.