EH Bildu ez da «oztopo» izango Pedro Sanchezen inbestiduran

Erredakzioa
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Mertxe Aizpurua EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuak esan du indar subiranista ez dela «oztopoa izango» Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko behin-behineko presidente eta PSOEko presidentegaiaren inbestidurarako. Aizpuruak ez du zehaztu zer boto emango duen EH Bilduk, baina nabarmendu du ez direla «traba» izango, PSOEren eta Unidas Podemosen negoziazioen emaitza edozein dela ere: «Egokientzat jotzen dugun formula erabilita, ez gara oztopo izango», esan du Donostiako agerraldian; «Ezetz esateko arrazoi nahikoa dugu, baina Sanchezek aurre egin behar dio egoerari».

«Babes aktiborik» ez dutela emango ziurtatu du Aizpuruak, eta euskal herritarren eta kataluniarren erabakitzeko eskubideari «soluzio demokratiko bat» eskatu du. Ez du zehaztu abstentziora joko duten, baina iradoki du beren esku balego ahalbidetu ahalko luketela inbestidura.

EAJk ere ez du zehaztu oraindik bere jarrera.EBBk astelehenean egitekoa duen bileran hartuko dute erabakia Asteon, Aitor Esteban diputatu jeltzaleak Sanchezi eta Pablo Iglesiasi eskatu zien gobernu akordio bat zehazteko, baina ezkor agertu zen aukera horren inguruan: «Giro konplikatua sortu da».

Alderdi katalan subiranistek ere ez dute zehaztu beren jarrera. Erabakitzeko eskubidea errespetatzeko eskatu dio JxCATek Espainiako presidentegaiari. ERCk eta EH Bilduk esana dute jarrera bateratua hartuko dutela.

Pablo Iglesias, albo batera

Bestalde, PSOEk jarritako betoa onartzeko prest agertu da Pablo Iglesias. Sozialisten eta Podemosen arteko koalizio gobernu bat sortzeko oztoporik handiena Iglesias gobernuko kide izateko baldintza zela adierazi zuen, Sanchezek. Iglesiasek esan zuen ez duela «PSOEren aitzakia» izan nahi. Beraz, uko egin dio balizko koalizio gobernuko kide izateari. Sanchezek erantzun dio aztertuko duela eskaera, baina ez duela «inposiziorik» onartuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.