inaki petxarroman
ANALISIA

Udalen semaforo gorria

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia erori osteko ingurumen hondamendiak areagotu egin ditu gizarteak proiektu kutsatzaile batzuen inguruan dauzkan zuhurtzia eta aurkakotasuna. Ez da kontu berria, eta ez da munduan kasu bakana. 1980ko hamarkadan hasi ziren erabiltzen AEBetan eta Erresuma Batuan Not In My Back Yard delako kontzeptua (NIMBY, nire atzeko patioan ez). Horrela esaten zitzaion kutsadura edo ingurumen kaltea eragiten zuten zenbait proiekturen inguruan bertako herritarrek zuten aurkakotasunari.

Verter Recycling 2002 S.M.ren zabortegia amildu zenetik, Jaurlaritzak arazo handiak izan ditu industria jatorriko hondakinentzako instalazioak irekitzeko. Zabortegi berriak zabaltzeko edo zeudenak handitzeko proiektuak aurkeztu dira Azkoitian, Lezaman, Bilbon eta Lemoan, besteak beste. Papergintzako hondakinen pirolisi planta baten egitasmo bat ere mahai gainean dago Bergaran. Udal horietako gehienak —zenbait kasutan, EAJkoak— proiektuen aurka azaldu dira, herritarren presioa handia da, eta hirigintza planetan bilatu dute udal korporazioek, sarritan, egitasmoak trabatzeko bidea.

Jaurlaritzaren arabera, hamarkada amaierarako bikoiztu egin beharko da industria jatorriko zaborrak jasotzeko planten edukiera, eta, hori bideratzeko nolako oztopoak dituen ikusita, jokoaren arauak aldatzea erabaki du, hondakinak sortzeko eta kudeatzeko egungo eredua errotik aldatzeko aukera baztertuta.

Egoera horretan heldu da, ezustean, Ingurumen Administrazio Legeari Jaurlaritzako alderdiek jarri dioten 61. zuzenketa, zeresan handia ematen ari dena. Tramitazioa ingurumen legean hasi badute ere, haren helburua beste esparru batean eragitea da, hau da, Lurraldea Antolatzeko Legean. Izan ere, figura berri bat sortuko luke aipatutako zuzenketak: Interes Publiko Goreneko Proiektua. Behin proiektu bati —ekimen publiko edo pribatukoa izan daiteke— izendapen hori emanez gero, lurraldea antolatzeko plangintza horretara egokitu beharko litzateke, eta udalek ezin izango lukete trabatu.

Nafarroan badago antzeko figura bat. Han, udalerriz gaindiko eragina duen plan (UGEP) izendapena erabiltzen du administrazioak azpiegiturak eta hirigintza proiektu liskartsuak aurrera ateratzeko. Figura hori sortu zenetik, 30 proiektu baino gehiago tramitatu dira modu horretan Nafarroan: besteak beste, Aroztegia hirigintza plana, zeinak Baztango Udala eta haran horretako herritar asko haserrearazi dituen.

Udalek eta tokiko erakundeek beti izan dute zail trabatzea goragoko administrazioek interes orokorrekotzat jotako proiektuak. Nolanahi ere, tresna batzuk bazituzten eskura haiek zangopilatzeko; batez ere, lurraldea antolatzeko plangintzaren barruan. Gipuzkoako erraustegia Urnietan jartzekoak ziren hasieran, eta herritarrek eta EAJko udalak aurkako jarrera sutsua erakutsi zuten. Azkenean, Zubietan jarri zuten, proiektuaren kontra zegoen Usurbilgo udal eremuan ez, baizik eta Donostiako lur zatian, hiriburuko gobernuaren elkarlana bermatua baitzuten. AHTaren kasuan, nahiz eta udalek ezer gutxi egiteko aukera izan, zenbaiten jarrera oztopatzaileak atzerapen handiak eragin ditu obretan: esate baterako, Atxondon (Bizkaia). Gasteizko Udalak ere aurre egin zion hirigunean gasa ustiatzeko Jaurlaritzaren asmoari, bere hirigintza plangintzarekin talka egiten zuelako.

Ate hori itxi egin nahi du Jaurlaritzak orain. Proiektuen tramitazioa azkartu eta oztopoak eragozteaz gain, EAJk eta PSE-EEk agintzen duten korporazioek herritarrengandik jasan dezaketen presioa arintzeko ere balio dezake neurriak, goitik datorren egitasmo bat dela argudiatu ahal izango dutelako alkateek protestarik izanez gero. Zaila dute inor konbentzitzea Zaldibarkoa bezalako zabortegi bati argi berdea emateko. Argi berdea, baina, gobernutik ekarriko du, eta herriko semaforo gorriak ez du balio izango hura geratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.