KRITIKA. Dantza

Neoklasiko berritua

Agus Perez.
2020ko irailaren 22a
00:00
Entzun

Les Ballets de Monte-Carlo eta Ballet du Capitol konpainiak



Obrak eta koreografoak: Altro canto eta Vers un pays sage (Jean-Christophe Maillot), Liens de table eta À nos amours (Kader Belarbi), Faun(e) (David Dawson) eta Fugaz (Cayetano Soto). Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia eta Kasinoko aretoa. Eguna: Irailak 19.

Aurtengo Dantza Maitaldiaren bigarren asteburuan ballet klasikoan ondo sustraituta baina aurrera begira dauden bi konpainia ikusi ditugu, eta bietan ikusi dugu dantzarien prestakuntza klasikoa molde estetiko aurreratuetarantz eramateko ahalegina.

Monakoko Printzerriko balletak bi pieza ekarri zituen Miarritzeko Gare du Midira, eta bietan izan zen Jean-Christophe Maillot koreografoa. Maillot Rosella Hightower dantzari eta koreografo estatubatuarraren ikasle aurreratua izan zen, eta esku-programan irakurri dugunez, [Maillot] «ez da ez klasikoa ez garaikidea, eta ezin dugu esan bien arteko zerbait denik (...). [Berarentzat] Dantza solasaldi bat da, non puntetan dantzatzearen tradizioa ez baitago abangoardiarekin haserre».

Muntaketa kontuak direla eta —igandean errepikatu zuten emanaldia—, Altro canto izan zen lehendabiziko pieza. Bigarren lekuan etorri zen Vers un pays sage, eta bietan egiaztatu ziren arestian esandako ezaugarriak. Altro canto giro ia liturgikoan igaro zen, argizarien koloreko argien pean, Karl Lagerfelden jantzi miresgarriekin eta Monteverdiren musikarekin nagusiki, eta Antzinaroaren estiloko irudi atletikoak, ispilu eran diseinaturiko bikoteak, besoekin sortutako uhinak eta magia itxurako jolas magnetiko ikusgarriak izan ziren haren elementu nagusiak.

Vers un pays sage koreografoaren aitaren Jean Maillot margolan batean oinarritu da, eta John Adamsen musikaren gidaritzapean —George Gershwin eta Philip Glassen arteko zerbait iruditu zaigu— Modern Danceren eta West Side History-ren aro arkaikora eraman gaitu ezinbestean, jantzien, musikaren eta dantzaren diseinuagatik.

Okzitaniako Tolosako Ballet du Capitol konpainiak, aldiz, egitarau aurreratuagoa eta bariatuagoa ekarri du Kasinoko aretora. Zalantzarik gabe, Liens de table izan da lau lanetan onena, mahai baten inguruan, azpian eta gainean ibili diren lau dantzariek —bi emakume eta bi gizon misterio giro artegagarria sortu dutelako Xostakovitxen 8. quator-ek lagunduta. Kader Belarbi koreografoak Pina Bauschen antzerki-dantza paregabea ekarri digu gogora maite-gar gatazkatsu bezain abstraktuei buruzko maisulan honetan, eta aurreko konpainiarekin alderatuta, maila bikaina erakutsi dute une oro dantzariek.

Ordea, Belarbiren bigarren pieza —À nos amours— konbentzionalismo betean murgildu da, bikote baten gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa irudikatuz, eta sei dantzarien maila bikainak ezin izan du proposamenaren pinpirinkeria salbatu.

Azkenik, David Dawsonen Faun(e) —Debussyren L'après-midi d'un faune-ren musikan oinarritua— eta Cayetano Sotoren Fugaz izan dira gaualdiko beste lanak. Fugaz miresgarri hura 2012an egon zen gurean eta, Faun(e)-rekin batera, dantzarien bikaintasuna eta neoklasiko berrituaren interesa berretsi du, ikusleen txalo beroak merezimendu osoz irabaziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.