Joseba Arregi

«Alternantzia» nahiago zuen jeltzale ohia

Joseba Arregi frankismo garaian sartu zen EAJn, baina 2004an utzi zuen alderdia, ildo estrategikoarekin «distantzia handia» zuela eta. Hamarkada bat eman zuen Jaurlaritzan. 75 urte zituela hil da.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
jon olano
2021eko irailaren 15a
00:00
Entzun
Joseba Arregi (Andoain, Gipuzkoa, 1946) politikari ohi eta idazlea hil da, 75 urte zituela. Nagusiki EAJn egin zuen bere ibilbide politikoa, baina pixkanaka alderditik aldenduz joan zen, eta gerora Euskal Herrian Espainiako unionismoak izandako ikurretako bat bilakatu zen.

Rikardo Arregi kazetariaren anaia zen Joseba, eta teologian eta soziologian doktorea zen. Alemanian egon zen Teologia ikasten, Joxe Azurmendirekin batera. Alemaniatik bueltan, Tolosako Laskorain Ikastolan jardun zuen irakasle 1978 eta 1979 bitartean, eta handik Tolosako Orixe institutu publikora igaro zen. Hortaz, lan politikoa arlo akademikoarekin uztartu zuen. Eusko Alderdi Jeltzalean, Gipuzko Buru Batzarreko presidente izan zen 1986ko eszisioaren aurretik. Carlos Garaikoetxearen gertukotzat jotzen zen orduan, baina, Gipuzkoako militanteek EBBren kontra eta Garaikoetxearen alde jo zutenean, kargua utzi zuen Arregik. GBBren presidentetzara itzuli zen alderdia lurralde horretan berregituratzeko, Garaikoetxearen jarraitzaileek EAJ utzi eta gero. Euzkadi Buru Batzarreko kide ere izan zen Arregi.

Hortik, kargu instituzionaletara egin zuen jauzi: 1987an aukeratu zuten lehenbiziko aldiz legebiltzarkide, eta gero 1990tik 2001era aritu zen parlamentari. Arregi Jaurlaritzako Kultura sailburu izan zen 1984-1985 eta 1987-1995 artean, eta Hizkuntz Politikako idazkari nagusi; baita Jaurlaritzako bozeramaile ere; lehenbizi, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakariak izendatuta, eta gero, Jose Antonio Ardanza lehendakariaren gobernuetan.

Kultur sailburu zela garatu zen Bilbon Guggenheim museoa eraikitzeko proiektua. Kargu horretan bertan, tirabirak izan zituen bere alderdiko sektore batzuekin hizkuntz politikaren inguruan. Besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-ren sorreraren aurrean, Arregik eman zion Jose Ramon Beloki kazetariari euskarazko beste egunkari baten proiektua garatzeko enkargua. Egunkaria-k aurrera egin zuen, baina hura diruz laguntzearen aurka egin izan zuen Arregik. «Kontziente izan behar dugu euskarazko egunkari bat ez dela sekula lehendabiziko egunkaria izango, hau da, jendeak ez dio utziko ohiko egunkaria erosteari, eta hori horrela, ez dauka zentzurik euskaraz egunkari konbentzional bat eskaintzeak», zioen 1991ko apirilean. Lau urte iraun zuen boikotak, 1994an eta Ardanzak hala aginduta Egunkaria-rekin akordioa egin zuen arte.

1998. urtean Lizarra-Garaziko akordioa sinatua zuen EAJk, eta alderdiaren norabidearekin kritiko ageri zen Arregi, Gernikako Estatutua alboratzen eta posizio subiranistagoak hartzen ari zelakoan. Prentsako artikulu nahiz liburu ugaritan utzi zuen idatzia bere ikuspegia; besteak beste, EAJ berritu zela «Espainiarekiko elkarlanaren aldeko proiektu demokratiko batean» parte hartu duenean, eta porrot egin izan duela «antisistemekin» elkartzean. Garai horretan idatzi zituen La nación vasca posible (Euskal nazio posiblea), Euskadi como pasi-ón (Euskadi pasio gisa), Euskadi invertebrada (Euskadi bizkarrezurrik gabe) edota Ser nacionalista (Nazionalista izatea).

Beraz, alderditik urrunduz joan zen; 2001ean politikagintza utzi zuen, Eusko Legebiltzarrerako zerrendetan aurkezteari uko eginda. Arregik autonomia eskatu zuen kargua noiz utzi erabaki ahal izateko, baina ezetz esan zion zuzendaritzak. EAJ 2004an utzi zuen. Orduan azaldu zuen «asko pentsatutako hausnarketa» baten ondorio izan zela erabakia, ez gertakari jakin bati lotua, eta «oinarrizko gaietan distantzia handia» zuela EAJren ildo estrategikoarekiko. 2001eko bozen aurretik, bere erabakiaren berri ematean, azaldu zuen gobernu egokiena EAJ-PSE-EE aliantza litzatekeela, eta, bestela, EAJ-PSE-EE-PP «kontzentrazio» gobernu bat.

PSE-EErantz mugituz joan zen urte horietan, eta, 2004ko azaroan, Aldaketa plataforma aurkeztu zuen, «euskal kultura politikoa birsortu» eta Jaurlaritzan «alternantzia» egon zedin babesteko. Basta Ya plataformaren inguruan ibili zen orduan, eta ETAk mehatxatuta bizi izan zen. Konponbide prozesuarekiko izandako jarrera kritikoaren erakusle, BERRIAk 2014an eginiko elkarrizketa batean adierazitakoa: presoen arloa ere konponduz joaten bazen,klima politikoa ere baretuz joango ote zen galdetuta, zera erantzun zuen: «Ez dakit zergatik. Zer dago konpontzeko presoen kasuan?».

Haatik, PPk proposatuta mintzatu zen Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean, 2014. urtean. Orduan, kritikatu zuen estatutuaren erreforma mahai gainean jarri zela «justu» ETAk jarduera armatua utzi zuenean. Bere ustez, abertzaleek bakarrik nahi dute erreforma hori, eta beraz, balizko erreforma batek «alde baten beharrak asetuko lituzke soilik». Azpimarratu zuen burujabetza kontzeptua «demokraziaren aurkakoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.