Zirkularra, besterik ezean

Macronen legealdian konstituzioa aldatzea ezinezkoa izanen dela onartuta, Frantziako Gobernuaren zikularrak murgiltze irakaskuntzari sosegu ematea espero dute eragileek.

Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio bat, uztailean. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
«Momentuko ez dugu besterik». Hala laburbildu zuen Marie Andree Ouret Biga Bai guraso elkarteko lehendakariak Frantziako Gobernua hizkuntza gutxituen irakaskuntzari buruz prestatzen ari den zirkularra. Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak antolatu zituzten Jagon jardunaldietan izan zituen hitzok. Izan ere, duela bi aste aurkeztu zieten zirkularraren lehen zirriborroa Parisen, eta «baikor» agertu dira eragile gehienak, edukiz nahi baino «ahulago» izanen bada ere, aitzinamendu bat delakoan. Hartzen dutena eman, helmuga burutik kendu gabe: Frantziako Konstituzioa aldatzea, murgiltzea legezko bilakatzeko. Eta, horretarako, funtsezkoa izanen da udaberriko hauteskunde zikloan eragileak presioa ezartzeko gai izatea, ondoko legealdia baldintzatzeko. Zaila da, baina ez da ezinezkoa; eta, bereziki, ezinbestekoa da. «Badugu ohitura, badakigu egiten», adierazi dio Paul Molac Bretainiako diputatuak BERRIAri. Eragileen gain utzi du ekimena hartzeko ardura: «Bistan dena, guk [hautetsiek] segituko dugu».

Egoera zertan den ulertzeko, komeni da joan den maiatzetik hona iragandako gertakariak gogoan hartzea. Maiatzaren 21ean okertu zen dena, Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntzari legezko koadro bat ematea xede zuen Molac legea hustu zuenean. Frantziako Konstituzioaren 2. artikuluan oinarrituta, hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza konstituzioaren kontrakoa zela ebatzi zuen, bai irakaskuntza publikoan, bai itunpekoan. Beste gisan erranda, de facto antikonstituzional bilakatu zituen ikastolak, eta baita azken urteetan irakaskuntza publikoan abiatu diren euskara hutsezko esperimentazioak ere.

Hizkuntza gutxituak mintzo dituzten Frantziako Estatuaren meneko lurraldeetan erabakiak sortu zuen haserrea ikusirik, eta hauteskunde giroak motibatuta, afera bere gain hartu zuen Frantziako Gobernuak, Jean Castex lehen ministroaren eta Jean Michel Blanquer Hezkuntza ministroaren artean dauden desadostasunak agerian utzita. Erabakiaren ondorioak aztertu eta proposamenak egitea agindu zien Christophe Euzet eta Yannick Kerlogot diputatuei, eta uztailean publikatu zuten txostena.

Eneritz Zabaleta zuzenbide doktoreak aletu du bi diputatuen txostena. Harentzat argi da: «Ez dute aterabiderik proposatzen». Txostenean ez dute ontzat eman konstituzio aldaketaren bidea, «elkarbizitzaren printzipio handiak» ukitzen dituelakoan, ez delako «aukera onena». Aurki aztertuko duten deszentralizazio legean artikuluak txertatzea edo lege berri bat idaztea ere baztertu dute. Eskualdeetako kontseiluen eta tokiko eragileen arteko hitzarmenak egiteko aukera aipatzen dute, baina Hezkuntza Ministerioak idatziko lukeen zirkular bat hobetsi dute, jakinez ez duela Frantziako Konstituzio Kontseiluaren pisu bera: inork Frantziako Estatu Kontseiluaren aitzinean auzitan jarriko balu, maiatzeko ebazpena kontuan hartuta, zirkularra bertan behera geldituko litzateke. «Aterabide bakarra konstituzioa aldatzea da. Bestela, beti ziurgabetasun juridiko horretan egonen gara», Zabaletaren hitzetan.

Hala ere, zirkular bat prestatzeari ekin dio Parisek. «Gobernu honek ez du konstituzioa aldatu nahi. Eta denboraren borrokan irabazi du: materialki ez dut posible ikusten mandatua bukatu aitzin konstituzioa aldatzea». Konstituzio aldaketaren aukerak baztertzeko «jukutria luzagarrietan» aritu izana leporatu dio Molacek ere Frantziako Gobernuari.

Ikusteke dago hemendik aitzina zer bide eginen duen zirkularrak. Lehen zirriborroa aurkeztu diete eragileei, eta urte bukaerarako espero dute behin betiko bertsioa. Mugak baditu ere, edukia «bide onetik» doala diote gehienek, eta azken emaitza halakoa izanen dela espero dute. «Ezer baino hobeki da; beraz, hartuko dugu; baina ongi idatzia izan beharko da», adierazi du Molacek. Hau da, hizkuntza gutxituen murgiltze irakaskuntza argiki baimendu beharko du zirkularrak. Horrek kendu egingo lituzke azken urteetan administratiboki izan diren oztopoak. «Sosegua emateko» modua emango du, haren hitzetan, «baina prekarioa izanen da».

«Adi» egoteko abisua eman du, hala ere, Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak, ez baitira Parisen parean izan zituzten teknikariak erabakiak hartuko dituztenak. Eta Parisko mugimenduen berri duten gehienak bat datoz: Castexek zirkularra nahi du, Blanquerrek ez. Ikasturte hasieran ere nabaritu zen lehia hori. Hainbat iturriren arabera, Matignonek egin zuen presio Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren gainetik sare publikoko esperimentazioak egitea onartzeko. Gobernu bat bere konstituzioari desobeditzen... Zabaletak laburbildu du argien: «Flipantea da».

Aldaketa politikoa

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren hitzetan, egungo arazoa ez da juridikoa, politikoa baizik. «Molacen legeak eta Hiriburuko [Lapurdi] aferak gauza bera erakutsi dute: aldaketa politiko bat bada gizartean». Azken urteetan irakaskuntzako eragile guziak elkarrekin aritu dira, elkarlanean. «Batzuek galdetu digute ea zertan ari ginen Hiriburuko eskola publikoaren defentsan», esplikatu zuen Jagon jardunaldietan. «Parisen aritu gara Molac legea irabazteko borrokan... Guretzat ez zuen deus aldatzen, baina horren alde borrokatu gara». Beste eragileek ere hori egin dute, haren hitzetan, eta «eragina izan du». Gure Hizkuntzak Bizi Daitezen kolektiboaren garrantzia dago hor. «Denen artean eredu guziak defendatu ditugu. Hori izan da lehen aldaketa politikoa gure aldetik». Hautetsien aldaketa politikoa ere aipatu zuen: «Azken urteetan lanean aritu dira ikusteko zein ziren Parisek onartzen ahal zituen neurriak».

Eremu batzuetan tonua gogortu dutela ere baieztatu zuen. «Lehen aldiz ikusi dugu EEP salatzen Frantziako Hezkuntza Ministerioaren erabaki bat. Auzapezak ere ikusi ditugu erraten: 'Ez baduzue murgiltzea baimentzen, gure aldetik eginen dugu'». Horren guziaren ondorioz uste du hizkuntza gutxituen irakaskuntza Frantziako Gobernuarentzat arazo politiko bilakatu dela. «Parisen gauzak aitzinarazteko, behar dute eragileek eraman, eta behar dute hautetsiek defendatu». Hautetsiak «autozentsuratik» atera behar dira, haren ustez: «Badirelarik hautetsiak ausartzen direnak, sinesten dutenak, eta autozentsuratik ateratzen direnak, emaitzak ematen ditu. Arkatza Parisek du, berak idazten du, baina edukia gure esku da».

Eragileen elkarlana batetik, eta aldarriak Parisera eramateko zubi lana egiten duten hautetsiak bestetik; formula egokia izan daiteke gerora ere aitzinamendu gehiago lortzeko, eta asmo hori agertu dute bi aldeetatik. Urte bukaerarako espero den zirkularrak, aurreikusitako norabidean badoa, arnasa emanen die eragileei egunerokoan, baina arnasa hori udaberrirako presio indar bilakatzeko erakutsiko duten gaitasuna izanen da erabakigarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.