Albistea entzun

Sasiak garbituz, memoria berreraiki

Frankismoan eraikitako bunkerrak bistarazteko lanetan ari dira hainbat gazte. Nafarroako Gaztediaren Ikastetxeak antolatuta egiten ari diren udalekuetan dihardute lanean.
Nafarroako Gobernuko kontseilari Ollo eta Nicolas Zuazua arkeologoa, talde argazkian.
Nafarroako Gobernuko kontseilari Ollo eta Nicolas Zuazua arkeologoa, talde argazkian. NAFARROAKO GOBERNUA Tamaina handiagoan ikusi

Isabel Jaurena -

2022ko abuztuak 5 - Otsondo

Sasiak moztuta, baldeekin ura aterata eta aitzurka bidea irekita. Modu horretan ari dira bistaratzen frankismoan eraikitako bunkerrak, larrak janda zeudenak. Gazteak ari dira lan horretan Otsondoko mendietan, Baztanen, Nafarroan.

Hara hurbildu ziren atzo goizeko hamaiketarako kazetari andana. Egunak ilun jarraitzen zuen oraindik, lainopean. Baztandarrendako abuztuko egun arrunt bat zirudien arren, bisitariek biziki eskertzen zuten berotik urruntzea. Kazetariek errepide bazterrean zuten hitzordua Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako Kontseilariarekin. Ollo iritsi ahala, Nicolas Zuazua arkeologoaren atzetik abiatu ziren kazetari, argazkilari eta gobernuko kideak lurrezko bide batean gora. 50 metro izan baziren ere, arnasestuka iritsi ziren gehienak.

Ataka baten bertze aldean hogei gazte zeuden, 1945ean egindako bunker baten ondoan eserita. Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroakoakoak guztiak. Ordu pare batez lan egin ostean, hamaiketakoaz gozatzen ari ziren.

Nafarroako Gaztediaren Ikastetxeak antolatutako udalekuak dira, eta 15 eta 17 urte bitarteko neskek eta mutilek parte hartzen dute. Beraien zeregina sasiak moztea, bideak txukuntzea eta bunkerren barrenak garbitzea da, besteak beste. Aurten, hamabost egunez Otsondoko bideetan dauden bunkerrak garbitzeaz arduratuko dira. «Eskualde hau hautatu dugu bunker andana daudelako espazio txiki batean», azaldu zuen Nicolas Zuazua arkeologoak. Ana Ollo harro agertu zen gazteek egindako lana ikustean: «Udaleku berezia da, urte luzez ezkutuan egon den memoria argitara ekartzen duena».

Pirinioetako bunkerrak

Udalekuaren helburua Pirinioetan barrena eraikita dauden bunkerrak berritzea da, «memoria berreraikitzea», argitu zuen Ollok. Estruktura horiek 1939tik 1950eko hamarkada bitarte egin zituzten, bi fasetan. Lehenbizikoa 1939. eta 1940. urteetan izan zen, eta presoek egin zuten lan guztia. Bigarrena, berriz, 1945etik aurrera, eta sobera zeuden soldaduak arduratu ziren eraikuntzaz.

Zuazuak adierazi zuen bi faseetako bunkerrak daudela Otsondon (Baztan, Nafarroa). Haren arabera, Franco beldur zen Frantziatik Aliatuen eta Hitlerren erasoak jasanen zituela, hortaz, egitura horiek eraikitzeko agindua eman zuen. Hala ere, inoiz ez zen erasorik egon, eta soldaduek hartu beharrean, sasiek hartu zituzten bunkerrak.

Zuazua arkeologoaren azalpenak adi entzun ostean, Kontseilaria kazetariekin solasean egon zen denbora luzez. Berriketan zebiltzala, aurrerago kokatutako bunker batean zerbait mugitzen ikusi zuten: bost mutil ziren. Kameren beldur zirela zirudien, baina ez, keinuka zebiltzan eurei elkarrizketak eta argazkiak egiteko eskatuz. Erran eta egin. Bisitari taldea aldapan gora abiatu zen gazte taldearen testigantzen bila. Iritsi orduko, aurreko egunetan egindako lanaren berri hitz egiten hasi ziren, eta gonbita egin zieten Kontseilariari nahiz kazetariei barrura sartu eta euren maisulana ikusteko.

Hezea eta hotza

Hezea eta hotza zen bunkerra. Zementuzko paretetako zirrikituetatik sartzen ziren argi izpiak ziren argiztapen bakarra. Kazetarien fokuei eta arkeologoen linternei esker, gazte taldearen txukuntze lana agerian gelditu zen laster. «Zoragarria», adierazi zuen Ollok. Hilabete bat lehenago Izabako bunkerrak bisitatzen egon bazen ere, zeharo txundituta zegoen. Gazteak sartu ziren gero eraikinera. Gogotsu azaldu zuten egindako lana: sasiak nola moztu zituzten, baldeekin ura nola atera zuten eta aitzurka bidea nola ireki zuten. Harro zeuden egindakoaz.

Baztango erranairu batek dio negua pausarako dela eta uda, berriz, lanerako. Esaldia buruan, gazteei hamaiketakoa jateko denbora akitu zitzaiela eta lanean hasi behar zutela erran zieten udalekuko arduradunek. Hortaz, bunkerretik atera bezain laster, gazte gehienak zeuden lekura abiatu ziren bisitariak, lanean nola aritzen ziren ikusteko. Aitzurrak eta eskularruak zituztela, iratze eta sasiek hartutako belardiak garbitzen hasi ziren batzuk. Bertzeak, bitartean, bunkerretako ura husten hasi ziren.

Talde argazkia egiteko momentua iritsi zen, Ollok propio eskatuta. Neska-mutilak txantxetan zebiltzan, famatuak izanen zirela erranez. Gazteak agurtu, eta goizeko bidera itzuli ziren bisitariak. Batzuk seinale bila hasi ziren; bertzeek, autoan sartu, eta Amaiur aldera jaisten den bidea hartu zuten. Eguerdia zen jada, eta egunak ilun jarraitzen bazuen ere, memoriak ez. Gazte talde horren lanari esker herritar gehiagok Euskal Herriko historiaren berri jakiteko aukera izanen baitute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Hondartzetako dutxetako ura guztiz moztu dute Urdaibain, lehorte garaian ura aurrezteko; irudian, Sukarrieta hondartza, atzo. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Urdaibai, ur premian

Iraia Vieira Gil

Aurtengo beroaldiek lehortea eragin dute, eta ur mozketak indarrean dira jada leku batzuetan. Urdaibain, herritarrek neurriak nabaritu dituzte: besteak beste, hondartzetako dutxetako hornidura moztu dute, eta gauez etxeko uraren presioa ere murriztu dute. Gainera, Bermeora ura itsasontziz garraiatzen hasi dira.

Industriaren efizientzia energetikorako foroa sortzeko eskatu du Txibitek

Iñaut Matauko Rada

Madrilek hartutako neurri energetikoak babestu ditu lehendakariak. Nafarroako Gobernuak ekarpenak egingo dituela iragarri du
40 bat jende ausiki zituen atzo oraindik identifikatu ez den arrain batek, Hendaiako hondartzan. ©Isabelle Miquerestorena

40 bat jende ausikiak izan dira Hendaiako uretan

Leire Casamajou Elkegarai

Oraindik segurtasunik ez da, baina uste dute balezta arrainak eragin dituela zauriak, eta baliteke zerikusia izatea itsasoko uraren tenperaturaren igoerarekin.

La Secako plaza (Valladolid, Espainia). ©La Secako Udala.

Bilboko bizilagun bat hil da entzierro batean, Valladoliden

Berria

Gizonezkoak lepoan jaso du adarkada, Valladolideko La Seca herrian (Gaztela eta Leon, Espainia).

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...