Irailaren 1etik aurrera %50 merkeagoa izango da Mugi txartelarekin bidaiatzea

Arabak eta Bizkaiak bezala, Gipuzkoak ere adierazi du garraio publikoa erdi prezioan jarriko duela. Nafarroan %30ekoa izango da beherapena

Lurraldebuseko autobus bat, Tolosan. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
GGLA Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak atzo jakinarazi zuen %50eko deskontua izango dela garraio publikoan Mugi txartelarekin. Espainiako Gobernuak ekainean iragarri zuen garraio publikoa %30 merkatuko zuela inflazioari aurre egiteko, eta autonomia erkidego, aldundi eta udalen esku utzi zuen deskontua %50era handitzea. Eusko Jaurlaritzak hasieratik erakutsi zuen beherapena %50era hedatzeko borondatea. Arabako eta Bizkaiko agintariek jada erabaki zuten prezioak erdira jaistea, eta Gipuzkoa izan da neurria onartu duen azken herrialdea. Irailaren 1ean sartuko da indarrean krisiari aurre egiteko neurria, eta abenduaren 31ra arte aplikatuko da.

Rafaela Romero GGLAko presidenteak adierazi du botere publikoek «premiazko neurriak» hartu behar dituztela krisiari aurre egiteko, eta Gipuzkoak abenduaren 31tik aurrera ere «justizia sozialaren eta ekitatearen alde» lanean jarraituko duela gehitu du.

Hala, neurri horrekin Ekialdebus, Lurraldebus eta tankerako zerbitzuetan Mugi txartelaz egindako bidaietan %50eko deskontua egongo da. Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren arabera, Alavabuseko hemeretzi zerbitzutan eta eskualdeetako 28 lineetan jaitsiko dituzte prezioak, Bilbo eta Iruñeko bidaia luzeetan izan ezik. Bizkaiko Garraio Partzuergoak ere adierazi du garraio publikoaren zerbitzu guztietan erdira jaitsiko dituztela prezioak. Hala ere, hiru herrialdeetan, joan-etorriko ohiko bidaiek ez dute deskontua izango, eta Bat, Barik eta Mugi txartelen bidez ordaindutako bidaiei bakarrik aplikatuko zaie.

Jabetza publikoko beste zerbitzu batzuek ere adierazi zuten %50 merkatuko zutela garraio publikoa. Madrilek hasieratik esan zuen Renfen prezioak erdira jaitsiko zirela, eta gauza bera iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak uztailean Euskotrenen zerbitzuen inguruan.

Nafarroan, gutxiago

Iruñerriko Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak adierazi dute Madrilek esandako %30eko deskontua besterik ez dutela aplikatuko garraio publikoan. Berta Miranda Garraioaren eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiaren arabera, %50era handitzeko aukera dago, baina Nafarroan erabaki dute ez handitzea. Ondorengo zerbitzu hauetan egingo da deskontua: Iruñeko Garraio Hirian, Iruñea-Donostia ibilbidean, Iruñea-Zaragoza ibilbidean, Iruñea-Gasteiz ibilbidean, Iruñea-Hondarribia ibilbidean, Otsagabian, Tierra Estella-Busen eta Ubarmin klinikarako zerbitzuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.