Seaskak «mobilizazio erraldoia» iragarri du udaberrirako

Parisen «mespretxua» salatu du Jorajuriak, eta deitoratu du irailetik erantzunik gabe segitzen dutela. EEPren sinesgarritasuna jokoan dela uste du Kurutxarrik

Herri Urrats eta Seaskako ordezkariak, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Frantziako Hezkuntza Ministerioko ordezkariak hautetsiez «trufatu» zirela uste du Seaskak. «Hitz ederrekin lokartu» zituztela erran du Peio Jorajuria ikastolen lehendakariak, Baionan egin duten agerraldian. Irailaren 14an egin zuten bilkura, Parisen, EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko, besteak beste. «Pozik» atera ziren hautetsiak, jaso zuten harreragatik eta «epe laburrean» erantzun bat ukanen zutela erran zietelako. Baina lau hilabete baino gehiago pasatu dira ordutik, eta Parisek «mutu» segitzen du. «Mespretxu hutsa da», salatu du Jorajuriak. «Azterketen gaia ez da sinbolikoa bakarrik: haurren eskubidea da, hizkuntzen eskubidea da; eta eskubide horiei ez diete erantzun nahi Paristik».

Ez da Seaskak egoera salatzen duen lehen aldia. Iazko udaberrian mobilizazio andana antolatu zituzten, eta desobedientziara jo zuten ikasleek, irakasleek eta gurasoek. Ekainean, Pirinio Atlantikoetako Departamenduko akademia ikuskaritzak Baionan duen egoitza okupatu zuten zenbait egunez, eta kolegioko ikasleek euskaraz erantzundako brebetako azterketen zuzenketa alternatiboa antolatu zuten Euskal Hirigune Elkargoaren babespean, ikasleei zegokien nota emateko. Azaroan mobilizazioa antolatu zuten Bordelen dozenaka ikaslerekin, eta, abenduan, 2022. urtea bukatu aitzin erantzun bat jasoko zutela erran zuen Anne Bisagni-Faure errektoreak Ipar Euskal Herrira egin zuen bisita batean. Baina deus ez. Ez dute ezer jaso.

Horiek horrela, ondoko asteetan berriz ekintzak egiten hasiko direla segurtatu du Jorajuriak. Eta ekitaldi baten berri ere eman du: udaberrian «mobilizazio erraldoi bat» antolatuko dutela iragarri du, noiz zehaztu gabe. «Erakusteko ez garela bakarrik ikasleak, irakasleak eta gurasoak, baizik eta herri oso batek babesten duela aldarrikapen hau».

EEPren balioa, ezbaian

EEPren aldetik, Antton Kurutxarrik aitortu du «beharbada inozenteak» izan direla. «Optimistegiak atera ginen iraileko bilkuratik», adierazi du. «Biziki kexu gara, baina ez dugu fitsik. Ari gara aktibatzen parlamentarien bidez Parisi errateko huts politiko handi bat egiten ari direla». Frantziako Gobernua ez da EEP «errespetatzen» ari, bere hitzetan. «Zer sinesgarritasun da EEPrentzat? Ez badigute erantzuten, EEPk ez du zentzurik, eta Hezkuntza Ministerioak gatazkaren hautua egiten du», deitoratu du. Ondoko urratsa «eskapatuko» zaiela dio: sare publiko eta pribatu katolikoan euskara hutsezko klaseak irekitzeko eskaerak iritsiko dira laster, baina EEP «ez da gai izanen» erantzuteko. Eta azterketen gaian berdin: ezer trenkatu gabe iritsiko dira brebetako eta baxoko probak. «Gatazka sortuko da karrikan. Erakutsiko du denen aitzinean EEPren balioa. Zertarako balio du EEPk horrelako gaiak aztertu eta trenkatzeko etxe komuna ez bada? Zertarako balio du EEPk horrela tratatzen bagaituzte?», galdetu du.

Sei urtez behin egin ohi duten gisan, Euskararen Erakunde Publikoaren ebaluazioa eginen dute aurten Frantziako Gobernuko zerbitzuek; Barne Ministerioko, Kultura eta Komunikazio Ministerioko eta Hezkuntza Ministerioko ikuskariak arituko dira lanean. Interes Publikoko Elkargoa (IPE) da EEP, eta bere epe-mugara iritsia da. Estatus juridiko hori berritu ala ez erabaki beharko dute Parisen. «Epe berri bat eman beharko zaio edo epe-mugarik gabeko IPE bat sortzea ere aurreikusi liteke, erregularki egiten diren ikuskaritzarik gabe. EEPk frogak eman ditu ongi ibiltzen zela», esplikatu du Kurutxarrik. Beste estatus juridiko batera pasatzeko aukera aztertu litekeela ere uste du.

Baina aurrekontuan eman nahi du azpimarra. «Emendatzeko beharra azpimarratuko dugu, ez da dudarik. Euskalgintzako eragile franko behar gorrian dira. Egoera beharko dut biziki argiki aurkeztu: eragile bakoitzaren egoera, diren erronkak. EEP eraginkorra da, egiturak funtzionatzen du, baina beharrak biziki handiak dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.