Ibarrola, arrapaladan

Aurreko astean, Cristina Ibarrolak ehun egun bete zituen Iruñeko alkate gisa. Maiarekin alderatuta komunikazio estrategia aldatu badu ere, arazo bera du: ez da gai beste alderdiekin ados jartzeko.

Cristina Ibarrola Iruñeko alkatea, uztaileko agerraldi batean. JESUS DIGES/ EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Iraupen lasterketetan hobe izan ohi da hasieratik jakitea zer egin, nahiz eta nondik norakoek eta norbere gaitasunak bakoitza bere tokian utzi amaieran. Bere agintaldiko lehen ehun egunak beteta, Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak eta bere komunikazio taldeak ere oso argi izan dute hasieratik nola jokatu. Beharbada, Enrique Maiak ez bezala. Izan ere, aurreko alkatearen jarduna grisa izan zen, eta Ibarrolak lehen egunetik arrapalada betean ekin dio, eta inor axolagabe ez uztea izan da bere xedea. Alta, nonahi agertu nahi izatea eta gauza ugari egin nahi dituela erakustea baliteke kezka handiago baten sintoma izatea. Maiari gertatu bezala, beste taldeekin akordioetara iritsi ezin izateak baliteke bere agintaldia goitik behera baldintzatzea.

Ibarrolaren jardunak zerikusia du UPN barruko ekaitzarekin. Beste beste, Javier Esparzak amore eman du, Nafarroako Gobernura iristeko ahaleginean kale egin ostean, eta iragarri du ez dela izango hurrengo lehendakarigaia. Hurrengo hilabeteetan alderdia berritu beharko du UPNk, eta garaiotan nabigatzeko gai izango den lemazaina hautatu beharko du. Beharbada, hori izan da Esparzaren akatsa. Sanzen garaitik zetorren inertzia berarekin jokatu du, testuinguru politikoa aldatu ez balitz bezala jokatu du, eta ez du erakutsi aldaketara egokitzeko ahalmenik, eta, azkenean, arroken aurka talka egin du haren ontziak.

Alderdiak berak barneratu du gaur egun udalak direla bere gotorleku nagusia. Eta, horien artean, bi garaikur nabarmentzen dira: Tutera eta, nola ez, Iruñea. Erriberako hiriburuan, Alejandro Toquerok gehiengo osoa lortu zuen, ayusismoaren bertsio nafar bat eginez eta Iruñeko zentralismoaren aurkako mezu populista astinduz. Aldiz, Ibarrolak zailago izan du Iruñeko aginte makila eskuratzea: PSNren jarrerak baizik ez dio eman alkatetza lortzeko bidea. Orain bi alkate horiek direnez aktibo nagusiak, bata zein bestea nabarmentzen dira UPNko buruzagitza eskuratzeko hautagai gisa. Ibarrolak ukatu egin du horretarako asmoa duenik. Ezin da baztertu Esparzaren itzalean taldeko parlamentariren bat nabarmentzea.

Kosta ahala kosta, eutsi

Edozein kasutan, Iruñeko Udalari kosta ahala kosta eustea funtsezko zaio UPNri, eta esanguratsua da zenbateraino aldatu duen estrategia komunikatiboa. PSNk Nafarroako Gobernuan Maria Txibiteren irudia babesten eta nabarmentzen duen gisan, Ibarrolaren irudia zukutu nahi du UPNk, eta, horregatik, udalaren prentsa oharretan albisteak hala eskatzen duen guztietan nabarmentzen dute haren presentzia. Sare sozialetan, udalaren X eta Instagram kontuetan, aise nabaritu daiteke aldaketa: oharkabeago pasatu ohi da, Maiarekin alderatuta.

Pribilegioaren Batasunaren ospakizunetan agerian geratu zen estrategia. Espainiako errege-erreginaren bisitaldiari buruz Iruñeko Udalak prestatutako laburpen bideoan, adibidez, Ibarrola ageri da nonahi, eta, sotilki, Maria Txibite lehendakariaren presentzia lausotu egin dute.

Alta, irudia ustiatu nahi horretan, hanka sartze esanguratsuak izan ditu Ibarrolak. Iruñeko harribitxi denda batek sare sozialetan Ibarrolaren argazki batzuk argitaratu zituen, ekitaldi publikoetan dendako bitxiak soinean zituelako. Kargu instituzionala interes pribatuekin nahastu nahi izatea leporatuta, oposizioko alderdiek azalpenak eskatu zizkioten. Ibarrolak arrapostu zuen kritikek «kutsu matxista» zutela, eta bere bizitza pribatuan sartu nahi izan dutela. Dena den, ez hark, ez dendak ez zuten argitu bitxiok pertsonalki erosi zituen edo oparitu egin zitzaizkion, bitxien publizitatea egiteko.

Iraganean, UPNk jakin izan du alkatearen figura instituzionalari etekina ateratzea errentagarria izan daitekeela oso. Horregatik, askori etorri zaie gogora Yolanda Barcina. Hark probokazioa eta konfrontazioa bilatzen zituen arerioen artean haserrea eta protestak eraginez, eta erantzun hori bere alde baliatuz. Estrategia horren oihartzunak antzeman zaizkio Ibarrolari: adibidez, irailean ospatzen diren San Fermin Txiki jaietan, egitekoak ziren hainbat kultur ekitaldi debekatu zituen.

Beste adibide esanguratsu bat Gurutzeko plazako aparkalekuarena da. Proiektu hori aurreko agintalditik badator ere, hasieratik epeak azkartzeko eta bere kudeaketaren ikur bihurtzeko asmoa antzeman zaio. Haatik, aparkaleku horrek kontrako erantzun asko izan ditu Bigarren Zabalgunean, non eta UPN nagusi den auzo batean: erdigunean natur ondare diren arbolak moztu nahi izan dituzte, udalak tramiteak azkartu nahi ditu, azpiegitura egiteko arrazoiak ez ditu behar bezala frogatu, eta bizilagunei eta saltoki txikiei kalte handia eragingo zitzaien.

Kontrakotasuna handitzen ari zen, eta, UPNko zenbait boto-emaile ere oso haserre zeudela ikusirik, abuztuan obren hasiera etetea erabaki zuen Ibarrolak. Ez dirudi, baina, proiektu hori kutxa batean gorde nahi duenik. Berriki azpimarratu du etenaldia «behin-behinekoa» dela. Oposizioak ohartarazi dio ez dutela nahi obra berrabiaraztea.

Maiak beste bi proiektu polemiko utzi zizkion ondare gisa. Bata, Sarasate pasealekuan, hiriaren bihotzean; bestea, hiriburuko mendebaldeko irteeran den biribilgune nagusian, Sanduzelai nagusian. Bi kasuetan, oposizioaren ekimenez, badira bi irtenbide mahai gainean, eta, gainera, finantzaketa onartua dute, baina UPNk ez die garaipen hori oparitu nahi arerioei. Horrek, baina, eskuak lotzen dizkio bere kontraesan nagusian. Izan ere, Ibarrolak esan arren «eskua luzatua» diola oposizioari hitz egiteko, egiazki ez du hori egiten.

Asiron: «Errealitatetik at»

Jokamolde hori gogor salatu du oposizioak. EH Bilduko Joseba Asironek UPNko presidentetza eskuratzeko lehian murgilduta egotea aurpegiratzen dio, «instituzioa erabiliz bere alderdiaren etorkizuneko gobernuko presidentegai izateko». Halaber, «errealitatetik kanpo» ikusten du, ez baitu onartzen gutxiengoan dagoela. «Ahaztu egin du guztientzat gobernatu behar duela».

Kritikei jaramonik egin gabe, alde bakartasunez jokatzen du oraindik ere. Bere azken proposamena Iruñeko erdigunea eraldatzeko hirigintza proiektu berri bat da: Merindadeen plazatik Lezkairu auzoraino. Ez du xehetasun handirik eman, baina nabari da proiektu handi bat saltzeko irrika duela, agintean lau urte baino gutxiago irauteko aukera eragotzi nahiko balu bezala. Zentsura mozioaren aukeraren beldur al da? PSNk ohartarazi du pazientzia agortzen ari zaiola, baina ezin da ahaztu sozialistei esker dela alkate Ibarrola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.