Bitartekari batekin bilduko dira gaur itunpekoetakoak

Sindikatuek LHKra deitu dituzte patronalak eta Jaurlaritza. Greba egingo dute gaur, bihar eta etzi. Kristau Eskola bileraren aurka dago

Sindikatuek deitutako manifestazioa, atzo, Bilbon. MONICA DEL VALLE / FOKU.
Donostia
2019ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Gaur bilduko dira LHK Lan Harremanetarako Kontseiluan sindikatuak, patronalak eta Hezkuntza Saila, Kristau Eskolako eta IZEAko lan gatazkaren harira. Sindikatuek egin dute deialdia, eta bitartekari bat tartean dela bilduko dira aurrerantzean. Manifestazioa egin zuten atzo goizean, Bilbon, sindikatuek deituta, eta greba deialdia egin dute gaurko eta datozen bi egunetarako. Maiatzeko bi egunetarako ere egin dute greba deialdia sindikatuek. Kristau Eskolak esan du ez dagoela beharrik LHK-k parte hartzeko.

«Guztiz onartezina litzateke Hezkuntza Sailak erabakiko balu bilerara ez joatea». Hala adierazi zuen atzo Miren Zubizarreta ELAko ordezkariak, manifestazioaren hasieran. Gehitu zuen Eusko Jaurlaritzak «inplikatu» egin behar duela, eta «aktiboki» hartu behar duela parte gatazkaren konponbidean.

Kristau Eskolak, bestalde, azaldu du bilera sindikatuek sortutako «maniobra bat» dela «iritzi publikoa nahasteko». Azpimarratu du ez duela begi onez ikusten LHK-k parte hartzea. Esan du negoziatzen jarraitzeko beharrezkoa dela greba deialdiak bertan behera uztea eta itunpeko eskolen «errealitatea onartzea».

Aurreko larunbatean, ehunka pertsonak manifestazio bat egin zuten Bilbon, itunpeko eskoletako guraso elkarteek eta FECAPP Bizkaiko Gurasoen Federazio Katolikoak deituta. Lan gatazkari«irtenbide bat» emateko eskatu zieten Eusko Jaurlaritzari, patronalei eta sindikatuei. Gaurkoarekin, 23 greba egun dituzte langileek 215 itunpeko ikastetxeetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.