Euskaraz hezi ezinean

Izena emateko epea hasi berritan, Lanbide Heziketan euskaraz ikasteko aukera «oso urria» dela salatu du Behatokiak. Batez ere, oinarrizko zikloetan sumatu dute gabezia.

Irati Urdalleta Lete.
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz egiteko eskaintza «oso urria» da oraindik ere. Horixe da Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskaintza aztertuta atera duen ondorioa. Izena emateko epea ireki berritan, aukera zabala dute A ereduan —gazteleraz— ikasi nahi dutenek; ez, ordea, D ereduan —euskara hutsean— ikasi nahi dutenek. Hala dio Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak: «A eredua ia titulu guztietan bermatua dago, eta, B edo D ereduak daudenetan ere, normalean A eredukoek badute eskaintza».

Eskaintza aztertu besterik ez dago horretaz jabetzeko. Behatokiaren datuen arabera, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa da egoera kezkagarriena. Araban, 22 zentroren artean hamahiru titulu dituzte; bakarra da D eredukoa, eta ez dago B eredukorik —erdia euskaraz eta erdia gazteleraz—. Hau da, 21 zentrotako hamabi titulu gaztelera hutsean daude. Bizkaian, Zeanurin soilik eskaintzen dituzte euskara hutsez egin daitezkeen bi tituluak; beste bost zentrotako lau titulutan B eredua daukate, baina 85 eskolatako hamabi titulaziok gaztelera hutsezko eredua dute. Gipuzkoan, berriz, titulu bakarra dago euskaraz, eta hamar ikastetxek eskaintzen dituzte B ereduko ikasketak—hiru publikoak dira, eta zazpi, itunpekoak—.

Gaubekak hitz gutxitan laburtu du datu horiek adierazten dutena: «Euskarazko eskaintza, urria ez, oso urria da gaztelaniazkoaren aldean». Bi arazo dauzkate identifikatuta: «Zuzenean eskaintzarik ez dago, eta dagoen eskaintza urria ere eremu jakin batzuetan dago; zenbait eskualdetan, ez dago D ereduko inolako eskaintzarik Oinarrizko Lanbide Heziketan».

Eskaintza hori goitik behera aztertuta daukate Galder Larrazabalek eta Gaizkane Zugadik. Alaba DBH1en dute, curriculumaren egokitzapen batekin, baina ezin du bide horretatik jarraitu, Zugadik azaldu duenez: «Ez dauka beste biderik. Moldaketa hori hain handia denez, egokituta edukiko du DBH2ra arte. Ezin da DBH3ra pasatu, laguntza guztiak kenduko dizkiotelako». Hori horrela, Oinarrizko Lanbide Heziketara bideratzen dute. Hizkuntzak kezkatzen ditu, ordea: «Jada euskaraz ikasteko zailtasunak baditu —bere hizkuntza da, eta ondo moldatzen da—, erdaraz askoz gehiago izango lituzke». Euskarazko eskaintza hain urria izatea kritikatu du: «Ezin dugu ulertu egoera hau». Eta Larrazabalek euskararen aldeko apustu sendoagoa eskatu du: «Asko entzuten dugu urtero zenbat ume gehiago matrikulatzen diren euskaraz hasieran, baina, gero, DBH bukatzean edo lehenago, bat-batean bukatu egiten da. Hurrengo pausoa eman behar duzunean, zer egiten duzu? Erdarara pasatu behar al dugu?».

Erdi eta goi mailako Lanbide Heziketan, berriz, euskarazko eskaintza «zabalagoa» da, Behatokiaren hitzetan, baina ez nahikoa: «Ikusten dugu A eredua bermatuago dagoela herrialde eta titulazio gehienetan, eta bestela B ereduko aukerak ere badituztela». Datu zehatzei erreparatuz, oraindik hamasei titulutan ez dago D ereduko eskaintzarik, eta euskarazko eskaintza eremu jakin batzuetan dago pilatuta: gehienbat hezkuntzari edo mekanizazioari lotutako tituluetan eskaintzen dute; aldiz, turismoari, modari eta arrantzari lotutako zenbait ikasketatan ez dago D eredurik.

Gainera, Gaubekak azaldu duenez, batez ere Gipuzkoan dago euskaraz ikasteko aukera. Horrek ikasleak euskaraz ez ikastera bultzatzen dituela uste du Behatokiko zuzendariak: «Ikasle batek titulazio bat egin nahi badu, eta Gipuzkoan bakarrik badago D eredua, agian nahiago du bere herrialdean geratu eta beste eredu bat hautatu».

Horixe egitea tokatu zaio, esaterako, Aintzane Argaizen semeari. Gasteizen mekanizatua egitea erabaki zuen, D ereduan. Baina talderik osatu ez, eta B ereduan ikasi behar izan du. «Hori ez da txarrena; kontua da ez dutela ezer ematen euskaraz». Hori ikusita, pentsatzen ari dira bigarren maila bukatutakoan euskarazko eredua eskaintzen duen ikastetxe batera aldatzea, baina ez dago asebeteta: «Ez da konponbidea. Urte dezente pasatu dira euskara normalizatzen hasi zenetik, eta oraindik horrela egotea... Gainera, Eusko Jaurlaritzaren ikastetxe batean».

Eta ikasketetan nola, lanean hala. Behin ikasketak amaituta, lan munduan sartuko dira ikasle horietako gehienak. Gaubekak uste du ikasketetako hizkuntzak eragina izango duela laneko jardunean ere: «Ikasi dituzun kontzeptu guztiak gaztelaniaz ikasi badituzu, gero horiek lan munduan txertatzerakoan ere gaztelaniaz erabiliko dituzu». Batez ere, herritarrekiko zuzeneko tratuan aritu behar dutenek eragiten diote kezka: «Titulu hauetako asko gaztelaniaz daude, eta, gainera,gero enpresetan bezeroekin harreman zuzenekoa izango duten langileenak dira».

Eskaintza orokorra xede

Hori ikusita, Eusko Jaurlaritzaren aldetik apustu irmoago bat falta al da? «Hori uste dugu», erantzun du Gaubekak. 2018ko Lanbide Heziketako Legea aipatu du. «Lege horretako 27. artikuluak dio euskarazko Lanbide Heziketa bermatuko dela, betiere bi kontzepturen arabera: eskaeraren arabera eta eremu bakoitzeko egoera linguistikoaren arabera». Orduan, zergatik ez zaie ikasleei bermatzen eskubide hori? «Bi kontzeptu horiek izaten direlako kontuan, eta ez ikasleen hizkuntza eskubideak».

Gaubeka ez dago ados, eta bestelako eredu bat eskatu du: «Gure ustez, eskaintza ezin da egin eskaera eta egoera linguistikoaren arabera soilik; euskara sustatu, hizkuntza eskubideak bermatu eta egoera irauli nahi badugu, eskaintza bat egin behar da, eskaintza orokortua, unibertsala eta berdintasunean oinarritutakoa; bestela, erabat baldintzatzen ari gara ikasle horien hautua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.