Japoniako udazken beltza

Prezioen igoerak markak hautsi ditu Japonian, eta urteak dira yena ez zela hain apal egon. Horrek bultzatuta, aurrezkiak dolarrekin edo atzerriko bonuekin trukatzen ari dira japoniarrak.

Kontsumitzaileak erosketak egiten, Japoniako supermerkatu batean. JOSEP SOLANO.
Josep Solano
Tokio
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Inflazioaren goraldiak mundu osoan piztu ditu finantza arazoak eta ziurgabetasuna, baina Japonian, non munduko ekonomiarik egonkorrenetako bat duten eta inflazio negatiboa izan duten azken urteetan, hondamendi kutsua hartu du egoerak. Munduko hirugarren ekonomia nagusian, bada ezinegona handitzen duen bertze faktore bat ere: yenaren balioa inoiz ez bezala apaldu da, eta horrek, batetik, are gehiago mugatu du kontsumitzaileen erosteko ahalmena, eta, bertzetik, azken berrogei urteotan ikusi gabeko ataka estuan sartu ditu aurreztaileak.

Azaro hasieran Japoniako Gobernuak jakinarazi zuenez, azpiko inflazioa %3,4 handitu zen Tokion urrian, iazko datuekin alderatuta; hala, marka historiko bat hautsi zen, berrogei urtean baino gehiagoan ez baitzen izan halako igoerarik. Inflazioak mundu guzian duen joerarekin aski ez, eta yenaren balioa apalagoa da lehengaien prezioaren garestitzea baino. Joera hori, baina, ez da berria: Tokioko KPI kontsumoko prezioen indizeak, elikagai freskoak kontuan hartu gabe, hamalaugarren hilabetez segidan egin du goiti, eta, gainera, nabarmen handitu da aitzineko hilabetearekin alderatuta, irailean %2,8 izan baitzen. Horiek hala, inflazioak bortz hilabete daramatza Japoniako Bankuak 2022rako ezarritako %2ren helburutik goiti.

Jakiak, berriz, %5,9 garestitu dira, eta energia, %24,2; elektrizitate fakturak %26,9 baino gehiago egin du goiti, eta gasarenak, berriz, %29,3 baino gehiago. Datu horiek guziak kolpe gogorra dira herritarrentzat, are gehiago jakinda oraindik ez dela izan soldata igoera nabarmenik. Gasolina ere garestitu da, baina motelxeago, otsailetik gobernuak diru laguntzak eman baitizkie handizkariei, kontsumitzaileentzako kostuak arindu ditzaten. Hala ere, espero da negua hurbildu ahala energia eskaria are gehiago handitzea, eta, beraz, litekeena da prezioak oraindik gehiago garestitzea.

Japoniako Bankua uzkur agertu da interes tasak handitzeko aukeraren inguruan, oinarritzat hartuta inflazioaren azkenaldiko goraldia aldi baterako kontua dela diotenen iritzia, eta jarrera horrek, hain zuzen ere, mugimenduak eragin ditu merkatuan, non bi bilioi yenen aurrezkiak biltzen baitziren. Japoniako Gobernuak familiei eta enpresei 29 bilioi yen baino gehiagoren laguntzak emateko asmoa duen arren, badirudi azken hilabeteetan yenak dolarrarekin alderatuta balioa galdu izanak kezka piztu diola jende andanari; izan ere, bankuek atzeman dute azkenaldian gehiago direla dirua atzerriko dibisetara aldatu duten bezeroak.

Aurten yenaren balioa izugarri apaldu denez dolarraren aldean—%30 baino gehiago orain arte, hau da, 35 yen baino gehiago—, eta gero eta arrakala handiagoa dagoenez Japoniako eta Mendebaldeko bertze herrialde batzuetako interes tasen artean, badirudi aurrezki guziak yenetan dituzten japoniarren kezka handitu egin dela.

Atzerriko dibisetara salto

Herrialdeko finantza erakunde nagusietako bat da Xinxei Bank—Tokion du egoitza—, eta, jakinarazi duenez, aurtengo irailean atzerriko diruarekin gordailu kontuak ireki dituzten bezeroak iazko irailean halako zazpi izan dira. Epe finkoko gordailuak ere kontuan hartuta; atzerriko diruz hornitutako kontu korronteen kopurua, berriz, lehen halako 2,6 izan da. Bakarrik Interneten jarduten den Sony Bank bankuak ere joera bera atzeman du: urrian, epe finkoko gordailu kontuetan sartutako atzerriko dirua otsailean halako 4,5 izan zen.

Xinxei Bank erakundeko zuzendaritzak igo egin ditu interes tasak atzerriko dibisetarako gordailuetan, eta, orain, urteko interes tasa hauek ezarri dizkiete epe finkoko gordailuei: hilabeteko epemuga dutenei, %8; urtebeteko epemuga dutenei, %4; eta bi urteko epemuga dutenei, %3,5. Kopuru horiek ez dute zerikusirik Japoniako bankuetako aurrezki kontuetako tasekin, zerotik pixka bat goitiago baino ez baitaude, Japoniako Bankuak diru politika malgutu duelako eta muzin egin diolako tasak goititzeari.

Dibisa salerosketan ere, inoiz ikusi gabeko kopuruetara ailegatu zen Xinxei Bank irailean, baina uko egin zion datu zehatzak argitaratzeari. Dena dela, yenak bertze dibisa garrantzitsuen aldean ere balioa galdu duen arren —hala nola euroaren eta dolar australiarraren aldean—, bankuak jakinarazi du bezero gehienek dolar estatubatuarra aukeratzen dutela atzerriko dibisen artean, segur aski hori baitute ezagunena. Japoniako Gobernuak hiru aldiz esku hartu du yena are gehiago apaldu zedin eragozteko, eta, hain zuzen, zenbait inbertitzailek baliatu egin dituzte esku hartze horien ondorioz sortutako goiti-beheitiak: hala, yenak goiti egitean, dolarrak erosi dituzte, eta dolarrak goiti egitean berriz saldu.

Zenbait aholkularitza enpresaren erranetan, Japoniako aurreztaileen pentsaera aldatzen hasia da, duela zenbait hilabetetatik honat interes handiagoa baitute atzerriko bonuetan inbertitzeko, etekin handiagoa ematen dutenez gero. Ikusita azken hamarkadetan zer-nolako deflazioa izan den Japonian, inbertitzaile askok ez zuten pentsatu ere egiten inflazioa hain goiti ailegatuko zela, ezta yenaren balioa hainbertze jaitsiko zela ere. Orain, ordea, aurrezkiak dituzten inbertitzaileek prestasun handiagoa dute atzerrian inbertitzeko eta, horrekin batera, interes tasa handiagoak eskuratzeko.

Printzipioz, ematen du ez dela izanen kapitalen ihes masiborik, baina inbertitzaileek aktiboen zorroa dibertsifikatzearen alde egin dute, Japoniako egitura demografikoak bultzatuta: izan ere, biztanleria zahartzen eta jaiotza tasa apaltzen ari denez gero, baliteke bolada luze batean herrialdearen lehiakortasunak beheiti egitea eta, hala, yena ahultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.