Hong Kong. Protesta mugimendua

Ikasi duen matxinada

Hong Kongen da Vicent Partal, 'Vilaweb.cat' komunikabideko zuzendaria. Gobernuaren kontrako protesta mugimendua zabaldu eta sendotu duten ezaugarriak azaldu ditu.

Protestarien bi ordezkari, gobernadorearen erabakiaren balorazioa egiten, atzo. JEON HEON-KYUN / EFE.
Vicent Partal.
Hong Kong
2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Bruce Leeren estatua bat dago Hong Kongen —bertan hil zen—. Arte martzialen izarra ezaguna da, besteak beste, esaldi batengatik: Be water, my friend (Izan zaitez ura, lagun). Esaldiak Wu wei edo ekintza natural ez-behartuaren printzipioa azaldu nahi zuen. Ondo baino hobeto laburtzen du Hong Kongeko gobernu autonomoa eta Txinako Gobernua ataka estuan jarri dituen estrategia. Mugimendu demokratikoak ikasi egin du 2014ko porrotetik, eta orain etengabe mugitzen da, ura bezala. Ahal dituzten eremu guztiak hartzen dituzte, ibai indartsu baten moduan, eta, funtzionatzen ez badu, azkar joaten dira. Beste lekuren batean agertzen.

Herenegun, Tamar parkean bat egin zuten protesta gehienek. Agintariek ez dakite zer espero. Gauean milaka manifestari agertu ziren alde guztietatik, arropa beltza eta maskarak soinean, kamerek ez identifikatzeko. Ekintza bukatuta, taldeetan joan ziren, ferryan, autobusean edo metroan. Herenegun ere istiluen aurkako poliziak garraio publikoan sartu ziren, guztiak erregistratzeko eta identifikatzeko. Eskuak garondoan jartzera behartu zituzten. Atentzioa ematen zuen haien bortizkeriak. Gazte talde batek protesta egin zuen geltokiaren aurrean, bideoak erakutsiz. «Onartezina da poliziak arrazoirik gabe guztiak jotzea», zioten, «Hong Kong estatu polizial bat bihurtzen ari da». Nabarmendu zuten protestek jarraituko dutela gobernuak jendeari entzuten ez dion bitartean.

Eskuorri beltz eta hori bat zebilen eskuz esku. Bost eskaera nagusiak laburbiltzen zituen: estradizio legea bertan behera uztea; gobernuak manifestariei emandako tratua zuzentzea; atxilotuak askatzea; ikerketa batzorde bat sortzea bortizkeria aztertzeko; eta hauteskunde libreak egitea. Eta esaldi bat, nabarmen: «Edo askatasuna ematen diguzu, edo heriotza ematen diguzu».

Zazpi milioi biztanleko megalopoli batean, oso zaila da nabarmentzea. Bizitzak aurrera jarraitzen du, bortizkeria handiko momentuetan edota protesta lekuetan salbu. Baina uda guztian protestak izateak eta protesten neurriak eta aniztasunak mentalitate aldaketa erakusten dute.

Ezberdintasunak

Bi ezberdintasun nagusi daude mugimendu honen eta 2014ko Aterkien Matxinadaren artean. Aterkienak hiriaren erdigunea hartu zuen 79 egunetan. Itxaropenez bete zuen aurrena, etsipenez gero.

Lehen ezberdintasun nagusia da orduan kanpaleku batek hartu zuela hiriaren erdia. Kanpalekuak nekatu egin zituen hiritarrak, eragindako arazo logistikoengatik. Zaila da halako hiri batean okupazio jendetsu bati eustea. Saihetsezina da jendeak protesta uztea, eta, nekea gailentzen denean, errazagoa da poliziaren gogortasun errepresiboarentzat: mugimendu nekatua, prozesu agortua.

Beste ezberdintasun nagusia egungo mugimenduaren lider falta da. Hobeto esanda, liderrek itxuraz ez dutela lider rolik jokatzen. Webgune baten bidez funtzionatzen dute: LIHKG. Bertan, guztiek egin dezakete proposamenen bat; minutu gutxitan interesgarrienak bozkatzen dituzte, eta antolatu egiten dira. Horrek, jakina, koordinazio falta eta porrotak ekartzen ditu, baina arrakastek guztia estaltzen dute. Uraren teoria da: leku batetik ondo ez badoa, beste bat aurkitzen du.

Badago aldatu den beste gauza bat ere: bortizkeria maila. Gobernuaren ardura da manifestariena baino gehiago. Hong Kongen nolabaiteko eredu britaniarra zegoen indarrean 2014ra arte: poliziak ez zituen erabiltzen, egunotan egin duen moduan, negar gasak eta ur urdineko kanoiak. 2014an negar gasak erabiltzeak hiria astindu zuen. Amorru gehiago eragin dute, ordea, larunbateko irudiek, polizia metroko bagoietan sartzen eta protestetatik bueltan zihoazen gazteei jotzen. Hong Kongeko kazetari batek Twitter bidez laburbildu zidan egoera: «Akabo, ezinezkoa da berradiskidetzea».

Bortizkeriak eta autoritarismoaren hazkundeak protesta definitu dute herrialde bat, bi sistema proposamenean zehaztutako estatutuari eusteko ahalegin gisa.Proposamen horrek, funtsean, zera ezartzen zuen: 1997tik Hong Kong Txinaren parte izango bazen ere, Txinako Gobernuak errespetatu egingo zuela—ofizialki eta gutxienez 2047 arte— bi erregimen politiko eta ekonomiko ezberdin egotea, Hong Kongen eta Macaon alde batetik, eta Txinako Errepublikan, bestetik. Hong Kongeko konstituzioaren arabera, «sistema eta politika sozialistak ez dira indarrean jarriko Hong Kongeko Eskualde Administratiboan eta bere aurretiazko sistema kapitalista eta bizimodua ezingo dira aldatu 50 urtean».

Gertatzen ari den guztia gertatuta, sentipen argia da Txinak jada ez duela errespetatzen hitzarmena, eta, beraz, hiritarrek ezagutzen duten Hong Kong, bizi diren hiria, arriskuan dagoela. Badirudi 2047a 2019ra aurreratu dutela, gobernuak azkenaldian egin dituen aldaketa handiak ikusita.

Errepresioa

Agintarien bortizkeria eta autoritarismoa izan dira akuilu sozial nagusiak. Errepresioa oso gogorra izan da. Jende asko atxilotu dute: mila lagun lau hilabetean, ehun baino gehiago azken asteburuan. Alderdi independentista debekatu egin dute. Kazetari deserosoak kanporatu dituzte. Murriztu eta mehatxatu egin dituzte adierazpen eta katedra askatasunak. Buruzagi sozial ezagunak espetxeratu dituzte. Herritarrek aukeratutako diputatu batzuei kargua kendu diete, eta parlamentutik bota dituzte, Txinari fideltasuna ez hitzemateagatik. Horrek guztiak mugimendua gogortu du. 2014an jarrera bortitzak gaizki ikusiak bazeuden ere, gaur egun errespetatzen dituzte.

Protestak hasi zirenetik, azken egunak izan dira indartsuenak. Diotenez, gobernadoreak larunbatean zenbait enpresariri aitortu zienez, gatazkak «Hong Kong gainditu du, eta Txina guztiari eragiten dio».

Paradoxa da mugimendua elikatzen duen amorrua piztu duela poliziaren jarrera aldaketak, autoritarismoa indartzeak, oldarkortasunak eta material errepresiboa gero eta sarriago erabiltzeak. Gatazka nola hasi zen ahazteraino. Gatazkaren sorreran aitzakia formal bat baitago: Txinan edozein pertsona azkar eta bermerik gabe estraditatzeko legea onartzeko saiakera. Legea iragartzeak bi milioi lagun atera zituen kalera abuztuaren 18an: hiriaren historiako protestarik handiena. Aste batzuk geroago, ordea, arazoa jada ez da legea, Hong Kong baizik. Hong Kongen izatea, bere bizimodua mehatxuan jarrita.

Txinako eta Hong Kongeko gobernuek akats bat egin dute: 2014ko errepresioak mugimendu demokratikoa garaitu zuela pentsatzea. 2014aren ondoren, pentsaezina zen Txinaren kontrako aurrez aurreko borrokara bueltatzea: ez zegoen proiekturik, demokratak taldetan banatuta zeuden, etsipena zabalduta zegoen... Hala ere, gatazka bueltatu da, inoiz baino indartsuago eta irmoago, urteetan pilatutako amorruak eta errepresioak indartuta. Gero eta eskaera gehiago dituzte, eta arazoaren muinera jotzen dute. Hauteskunde demokratiko eta libreen eskaera oinarrizko puntua da protestetan. Hiritarrek nahi dute gobernadorea aukeratu, ez Pekingo agintariek izenda dezatela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.