Herriaren nahia nagusitu zen

Hogei urte pasatu dira Ekialdeko Timorrek Indonesiatik bereizteko erreferenduma egin zuenetik. Egun horietan, biolentzia nagusitu zen; paramilitarrek ehunka lagun hil zituzten.
Herritarrak independentzia ospatzen, atzo, Dili hiriburuan.
Herritarrak independentzia ospatzen, atzo, Dili hiriburuan. LUKAS COCH / EFE

Ane Hurtado Uranga -

2019ko abuztuak 31
Hogeita lau urteko indarkeriaren ondoren, adiskidetze nazionala lortu dugu, eta harreman normalak ditugu Indonesiarekin». Jose Ramos Horta Ekialdeko Timorreko presidente ohiak independentziari buruzko balorazio positiboa egin du. Atzokoa egun berezia izan zen timortarrentzat, hogei urte bete baitziren Indonesiatik bereizteko erreferenduma egin zutenetik. Egun zailak izan ziren, indarkeria olatu handi bati aurre egin behar izan baitzion herrialdeak. «Aurrerapen handiak egin ditugu».

Indonesiak 1975. urteko abenduan inbaditu zuen, Portugalek uhartearen ekialdetik alde egin eta gero. Indonesiako diktadura bukatu zenean, independentziari buruzko galdeketa egin zuten, 1999an, eta herritarren %78 alde agertu ziren. Baina erreferendumaren ondorengo hilabeteak ez ziren errazak izan. Izan ere, biolentzia nagusitu zen herrialdean, eta Indonesiaren aldeko indar paramilitarrek 1.500 timortar baino gehiago hil zituzten. Nazioarteko presioen ondorioz, erreferenduma egin eta hilabetera Indonesiak armada erretiratu zuen, eta Ekialdeko Timorren independentzia deklaratu zuten, 2002. urtean.

Nahiz eta aurrerapenak egin diren, «oraindik asko dago egiteke», Hortak Efe agentziari esan dionez. Izan ere, populazioaren %40 pobrezian bizi da. Hortak adierazi duenez, tuberkulosi kasu «asko» daude, eta umeen heriotza tasa «oso handia» da. Ekialdeko Timorrek petrolio eta gas erreserba ugari ditu.

Zenbait herrialdek baliabide natural horien gaineko interesa agertu dute. Txinako bankuak, adibidez, Ekialdeko Timorreko hainbat azpiegitura finantzatzeko prest agertu dira, eta Australiak bi herrialdeen arteko itsasoko muga finkatzeko akordio bat berretsi du. Scott Morrison Australiako lehen ministroa Dilin egon zen atzo, Ekialdeko Timorren erreferendumaren 20. urteurrena ospatzeko.

Papua, aukeraren zain

Ekialdeko Timorrek erreferenduma egin eta hogei urtera, beste gatazka nazional bat berpiztu da Indonesian. Papuako manifestari independentista talde batek probintziako gobernuaren egoitza okupatu zuen atzo. Victor Yeimo protestarien buruetako batek azaldu zuenez, bandera independentista altxatzea lortu zuten. Benny Wenda aktibista ezagunak, berriz, laguntza eskatu die giza eskubideak defendatzen dituzten taldeei,«sarraski bat saihesteko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna