Lotsaren autobusak

AEBetako gobernadore errepublikano batzuek milaka migratzaile bidali dituzte demokratek gobernatutako estatuetara, gobernu federalaren migrazio politikak salatzeko.

Migratzaile talde bat Kamala Harris presidenteordearen etxe aurrean, Washingtonen, ostegunean. JIM LO SCALZO / EFE.
urtzirrutikoetxea
Washington
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Ehunka migratzaile iritsi dira asteburuan Washington eta New Yorkera, Texasko gobernadoreak bidalitako autobusetan. AEBetako hiriburuan Kamala Harris presidenteordearen egoitzaren parean jaitsarazi zituzten berriz ere etorkinak, bi egun lehenago egin zuten legez. Elkartasun taldeek eta udal zerbitzuek harrera egin diete bi hirietan, baina gogor kritikatu dute gobernadore errepublikanoen jarrera. Washingtongo alkateak larrialdi egoera ere izendatu du, udal baliabideekin ezinean ari direlako azken hilotan iritsi den jende kopuruarekin.

AEBetako Itsas Behategia Washington hiriburuko goialdean dago, Massachusetts eta Wisconsin etorbideen artean eratutako zirkulu erraldoi baten erdian. Horixe da, halaber, herrialdeko presidenteordearen egoitza. Joan den ostegunean lehen aldiz, eta larunbatean bigarrenez, zaintza handiko gune horren parean geratu ziren Texastik zetozen autobusak. Union Station geltoki nagusian zeuden SAMU larrialdi zerbitzuetako kideak eta etorkinen elkartasun taldeetako boluntarioak autobusen zain, baina Texasko gobernadore errepublikanoak, autobus bidaien antolatzaileak, Kamala Harrisen etxearen parera bidaltzea erabaki zuen.

Presidenteordea da immigrazio gaien arduraduna, eta autobus-bidaiak errepublikanoen joko politikoaren zati bihurtu dira. Larunbat goizean iritsi zen autobusean familia ugari zetozen umeekin. Tartean, hilabete bateko haurtxo bat, El Paso mugako hiritik AEBetako hiriburura dagoen 3.300 kilometroko bidea eginda. Bi egun ematen dituzte autobusean migratzaileek Washingtonera iritsi arte. «Izugarri gosetuta iritsi nintzen; geldialdia egin genuen janaria erosteko, baina askok ez genuen dolarrik», azaldu du autobus horietako batean iritsitako venezuelar batek.

Harrera taldeak

Udaberrian hasi ziren antolatzen boluntarioak, lehen autobusak iristean, eta, Union Stationera ailegatzean, harrera egin, aterpea eskaini eta janaria ematen diete. Hasieran, etxean bertan hartu zituzten batzuek; gerora, elkartasun sarea handitu, eta inguruko eliza batzuek eta hotelen batek ere eman diete laguntza. Duela bi aste, Muriel Bowser Washingtongo alkateak larrialdi egoera izendatu eta 10 milioi dolarreko aurrekontua izango zuen bulego bat iragarri zuen; gaur bertan espero da neurria onartzea. Elkartasun talde batzuek kritikatu egin dute, behin-behineko babesa soilik ematen duelako, gehienak hiritik kanpo beste norabait joango direlakoan.

Venezuelarrak dira Washingtonera ailegatu diren gehienak. Batzuek senideak dituzte hiriburuan edo inguruko hirietan, Marylanden eta Virginian. Beste batzuek ez dakite ondo zein izango duten hurrengo helmuga. Larunbat arratsaldean, hiriburu ondoko Bethesda herrian egindako harrera ekitaldi batean, halaxe zioen Cynthiak —ez da benetako izena—: «Ez dut argi zer den hurrena, baina nik lan egin nahi dut». Gurasoak Barquisimeto hirian ditu, eta haiei laguntzea du helburu. Oraingoz, hiriko eliza batean eman diete aterpe iritsi berri diren batzuei.

Cesar ere autobus batean iritsi zen duela aste batzuk. Senideak ditu Washingtonen, eta haiekin bizi izan da hasieratik. Pozik dago, Venezuelatik Kolonbiara eta Dariengo oihaneko pasabide arriskutsutik Erdialdeko Amerikara heldu eta gero AEBetarainoko bidea egin zuelako. Eraikuntzan hasi da lanean. «500 dolar inguru dira astero, gehiago batzuetan. Etxera zerbait bidaltzen hasi naiz, eta ingeles eskolak ere hartzen ditut», azaldu du. Esker oneko da Texastik Washingtoneraino etorri ahal izan zuelako, baina aitortzen du beste asko nora datozen jakin gabe igotzen direla autobusera, engainatuta.

Gehienak, venezuelarrak

Egunero mila lagun inguru iristen dira Mexikotik Texasko El Paso hirira; gehienak, venezuelarrak. Udako lehortearen ondorioz, Rio Grande ibaiaren emaria nabarmen murriztu da, eta oinez pasatu daiteke alde batetik bestera. Muga legez kanpo igarotzen badute ere, venezuelarren estatusa, gainerako latinoamerikarrena ez bezala, ez da legez kanpo migratzen duenarena: AEBetan sartu eta berehala asiloa eskatzeko eskubidea daukate, eta horrek, automatikoki, auzia ebatzi artean herrialdean egoteko aukera ematen die. Hala, lanerako baimena ere izaten dute. Venezuelar komunitatea bera ere beldur da, horregatik, hainbeste lagun etortzeak izan dezakeen eraginaz. «Ia guztiak bizitzea ezinezko den egoera batetik ihesi gatoz, lanerako eta bizimodu berri baterako gogoz, baina badago Venezuelan ere kriminalitatean ziharduen talde txiki bat. Gutxiengoa izan arren, kalte handia egiten digute beste guztioi ere hartu gaituen herrialde honen begiradan», esan du Cesarrek.

Apirilean hasi zen Greg Abbott gobernadorea Rio Grandetik Texasera iristen ziren migratzaileak autobusetan sartu eta Washingtonera bidaltzen. Abuztuan, New Yorkerantz ere bideratu zituen autobusak, eta berriki Chicagora iritsi dira. 12 milioi dolar gastatu dituzte orain arte. Arizona gauza bera egiten hasi da, baita Florida ere; lehengo astean, Martha's Vineyard luxuzko uharte turistikoan lurreratu ziren Ron de Santis Floridako gobernadoreak alokatutako bi hegazkin, dozenaka migratzailerekin.

Washington hiriburura bakarrik, 10.000 lagun baino gehiago iritsi dira hilabeteotan, eta gobernadore errepublikanoek bidaiak ugaritzeko asmoa dute. Donald Trumpek immigrazioaren aurkako neurri gogorrenak hartu zituenean, hainbat udalerrik santutegi izendatu zuten euren burua. Ondorioz, uko egiten diote AEBetako Gobernuari paperik gabe bizi direnen datuak pasatzeari. Errepublikanoak, joko politiko kalkulatua eginez, santutegi horietara ari dira bidaltzen asilo eskatzaileak. Demokratek eta elkartasun taldeek gogor kritikatu dute hautetsi errepublikanoen erabakia, eta pertsonen bizitzarekin kalkulu politikoak egitea leporatu diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.