«Borroka historikoak» izan dituzten arloak babestuko dituzte sindikatuek

ELA, LAB, ESK eta Steilasek dei egin dute Espainiako Poliziak 1976an hildako bost langileak gogoratzeko manifestazioan parte hartzera

unai etxenausia
Gasteiz
2022ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Martxoaren 3ko mobilizazioak, justizia eta erreparazioa eskatzeaz gain, tartea emango die «azken urteotan borroka historikoak izan dituzten sektore guztiei [pentsiodunen mugimenduari eta mugimendu feministari]». ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek prentsaurrekoa egin zuten atzo Gasteizko martxoaren 3ko manifestazioaren harira. Iragarri zutenez, 18:30ean omenaldia egingo diete 1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak erail zituen bost langileei, eta, gero, manifestazioa hasiko da, 19:00etan.

Prentsaurrekoan, halaber, sindikatuek salatu zuten «patronalak langileen aurka eginiko erasoak» asko izan direla. «Enplegua erregulatzeko espediente basatiak, prekaritatea ohiko praktika bihurtua, lan istripuak, jazarpen sindikala, kaleratzeak, transfobia, generoagatiko soldata diskriminazioa» eta beste aipatu zituzten. Halere, gaineratu zuten langile mugimenduak erantzun egin diola horri: «Tubacexeko langileenaren moduko borroka eredugarriak ikusi ditugu, baina baita egoitzetako langileen, etxez etxeko laguntzakoen, garbiketakoen, hezkuntzakoen eta funtzio publikoetako langileen borrokak ere».

Era berean, adierazi zuten batzuek analisi sinplistak egiten dituztela, eta uste dutela borroka bakoitza independentea dela: «Ez dute euren hondar aletxoa ekartzen aldaketa globalago baten alde». Sindikatuek, ordea, uste dute «langileen erantzun bakoitzarekin kapitalaren urdailari emandako kolpe bat» dela borroka.

Metaleko langileak, egoitzetakoak, ikasleak, irakasleak... sindikatuek guztiei dei egin zieten. Eta azaldu zuten helburu bakar batekin bilduko direla datorren ostegunean: «1976ko martxoaren 3 hartan hasi zutenari amaiera emateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.