urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Manifestazio independentista Glasgown

2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Dozenaka mila lagun elkartu ziren atzo Glasgown Eskoziako independentziaren alde, inoizko elkarretaratzerik handiena izateko deitutako manifestazioan. Bost urte beteko dira udazkenean 2014ko erreferendumetik. Brexit-aren data berria, urriaren 31, gainean izango du ordurako —Erresuma Batuan zenbait astetatik aurrera gertatuko dena iragartzea ausartegia izan arren; nor egongoden Downing Streeten udazkenean, esaterako—. Hamar punturen aldea izan zuen independentziaren aurkako botoak orduan;galdeketa adostu zuenean, esperobaino askoz estuago ibili zen David Cameron lehen ministroa: inkestetan independentismoa %50era hurbildu zela ikusita, sekula beteko ez zuen devo-max promesa egin zuen, iaburujabetza ematen zion aginte zabala.

Brexit-ak erakutsi du, horratik, autonomia promesen eta egiazko independentziaren aldeko tartea: Eskozian Europan gelditzearen aldekoak %62 izanda ere, ez dute inolako ahotsik izan ez Londresen eta Bruselaren negoziazioetan, ezta Westminsterren egondako eztabaida politikoan ere. Irlandako Errepublikak, berriz, erabateko protagonismoa izan du, eta Europako Batasunetik (EB) irteteko arazoetan gakorik garrantzitsuenbihurtu da.

Honaino iritsita, brexit-ak aukeren leiho berria zabaldu dio Eskoziari. Zein da errespetatu beharreko erabakia: Erresuma Batuan gelditzearen aldeko %55 horiek ala EBn jarraitu nahi duten boto emaileen %62 horiek? Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak eta Eskoziako Alderdi Nazionalak (SNP) badakite, Londresen baldarkeria guztiekin ere, independentismoak irabazi beharreko bide bat daukala aurretik. 2014ko lezioak ikastea da horietako bat. Duela aste batzuk zehaztu zuten orduko akatsetako bat: Eskozia independentean bere moneta propioa izango lukete. 2014an, libera esterlinari eustea proposatu zuten, baina horrek funtsean Londrestik politikoki bereiztea eta, era berean, Ingalaterrako Bankuaren menpe jarraitzea zekarren.

Eztabaida politikoan proposamen zehatz gehiago ere egin beharko dituzte aurrerago, ziur. Baina gobernuaren eta SNPren ekinek ezinbesteko dute aktibazio sozial garrantzitsua; Kataluniako lezioa, hala deitu gura baduzue —2014an eskoziar buruzagi politikoren batek gutxietsi zuen, manifestazio erraldoiak euren kultura politikotik kanpo zeudelakoan; iparraldeko nazio lasaia hegoaldeko kale aktibismoaren aldean—.

Independentismoak Glasgown izan zuen arrakasta, ez SNPren inguruan zeuden eskualde abertzale historikoetan, laborismoak kale egin zien eta etxez etxeko lanketa egin zuten langile barrutietan baizik. Egin kontu Ruth Davidson kontserbadoreen Eskoziako buruzagiak berak onartu behar izan duela egunotan, bera erreferendum berri baten aurka egon arren, Erresuma Batuko Gobernuak ez lukeela konstituzionalki blokeatu beharko galdeketa. Londresen baldarkeriari Holyroodetik bezainbat Glasgow, Edinburgo eta beste hainbat hiritako kaleetatik erantzutea oso garrantzitsua izango da.

Itxura guztien arabera, datozen hilabeteetan Eskozia berriz ere lerroburuetara etorriko da, brexit-aren epe berrira, urriaren amaierara hurbildu ahala. Irlandako mugak eta Ipar Irlandako egoerak ere emango du zer esanik. Baina Erresuma Batuko hirugarren nazioari erreparatzea ere komeniko da. Dena joan ohi da astiroago Galesen, beste bi nazio handiagoetan baino askoz indartsuagoa izan arren, hizkuntza mugimendu abertzale edo independentista beti ibili da apal; sekula ez ditu hauteskundeak irabazi edo herrialdeko gobernua lortu, esaterako. Gainera, brexit-aren aldekoek irabazi zuten 2016ko erreferenduma, Ingalaterran baino babes txikiagoa izan arren.

Horrek oso urrun dirudi, horratik, eta Galesen ere behetik gorako aktibazioan martxan dabiltza independentziaren aldeko mugimendu zabal batera bidean. Ziur aski, Ezingo da Glasgowko manifestazioarekin konparatu, baina Eskoziatik astebetera, datorren larunbatean, oso protesta garrantzitsura deitu dute Galesko hiriburu Cardiffen. Horrek bakarrik ez du lortuko berehala independentismoaren gorakada eta zabalkunde erraldoia, baina arrakasta txukuna badauka —etabrexit-aren nahasmena akuilu, beti—, independentziaren aldeko ikuskera berri bat abiarazteko mugarria izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.