urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Astearte Handia

2020ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Bernie Sandersek garaipen handia lortu zuen aurreko asteburuan Nevadan. Laugarren zita gaur dute asteburu honetan, Hego Karolinan, eta Joe Bidenek irabazi beharko lituzke primarioak: afroamerikarrak dira boto-emaileen erdiak, eta Barack Obamaren presidenteorde izandakoak tiradizo handia dauka oraindik. Baina Aisha Moodie-Mills analista politiko beltzak gogora zekarren legez, gaur egun afroamerikarrek ez dute komunitate itxi eta bakarra osatzen. Krisi finantzieroek gogor erasan diete, eta adinekoen artean Bidenen aldeko jarrera nagusi izango izan litekeen arren, Sandersen mezuak beltzen belaunaldi gazteetara ere iritsi dira. Osasun arloari dagokionez batez ere, mediku asegurua lortzeko zailtasun handienetakoak baitira.

Kontuak kontu, lehen lau primario hauen garrantzia ere ez da erabatekoa, ez behin betiko hautagai izateko behintzat. 100 ordezkari banatu dira Iowan, New Hampshiren eta Nevadan, eta beste 54 hautatu zituzten atzo Hego Karolinan. Etzi berriz, 1.344 ordezkari daude jokoan, horietatik 400 baino gehiago Kalifornian eta 200dik gora Texasen. Ekainean, primario eta caucusen prozesua amaitzean, ia lau mila ordezkari izango dira. Horiei superordezkariak gehitu behar zaizkie; duela lau urte Hillary Clintonen alde eginarazi zioten balantzari, eta neurriak hartu dira aurten primarioek esaten dutenetik hurbilago egon daitezen. Baina beti izango dira alderdi demokrataren aparatuaren tresna garrantzitsua. Otsaileko primarioek ez dute hautagaitzarik bermatzen (tira, errepublikanoei bai, Trumpen inguruan bilduta alderdia), baina sekulako garrantzia izan dute hurrengo hilabeteetan kanpainan segitzeko behar den diru-bilketarako.

Ezin gutxietsi Sanders iraultza, edozelan ere: lehen aldiz hautagai berak lortu ditu boto gehien lehen hiru primario edo caucusetan, bai Iowan (nahiz eta Paul Buttigiegek ordezkari gehiago eskuratu, bai New Hampshiren zein Nevadan). Asteartean orain artekoa errepikatu eta Bernie Sanders nagusituko balitz edo ordezkari asko lortuko balitu, oso urrats garrantzitsua emango luke hautagaitzara bidean. Baina badago orain arte distira handirik egin ez eta Super Tuesday edo Astearte Handian eta zehazki, Kalifornian erronka jarri duenik: Mike Bloomberg New Yorkeko alkatea bihur liteke establishment kontserbadoreenaren babesleku, Joe Bidenek espero bezalako emaitzarik lortu ezean.

Bizpahiru detaile: zortzi hautagai daude oraindik ere lehian. Astearte Handiaren ostean, litekeena da batzuen bidea amaitzea. Bigarrenik, Sandersek aurkari handienak alderdi demokrataren barruan dituen arren -Trumpi irabazteko behar dituzten boto moderatuetarako proposamen erradikalegiak dituelakoan—, inkesta batek baino gehiagok esan du Trumpen aurrean irabazle izateko aukera handiena daukala Sandersek. Ia bakarra, egia esan: ezin ahaztu AEBetan ohikoena bigarren agintaldirako aurkezten den presidenteak irabaztea dela. II. Mundu Gerratik hiru aldiz apurtu da araua: Watergate-k Nixon kanporatu eta gero irabazi zuen Jimmy Carterrek, 1976an, baina ez zuen errepikatzerik izan, besteak beste alderdi demokrataren barruan ere oso primario estuak izan zirelako 1980an. Ronald Reaganek sekulako garaipena lortu zuen. Hirugarren salbuespena haren hurrengoa da: George Bush aita. Erraz irabaziko zukeen, baina boto errepublikano asko eraman zituen hirugarren hautagai bat aurkeztu zen: Ross Perot. Horri esker, Bill Clinton nagusitu zen.

Aukera asko ditu, beraz, Donald Trumpek bigarren agintaldia irabazteko. 2016an errepublikanoak irabazi zituen estatu industrialetako (Wisconsin, Michigan, Pennsylvania) boto zurirako hautagai demokrata indartsuena Bernie Sanders dela diote inkestek. Zailago izango du beste swing estatu baten: Floridan. Baina komunitate afroamerikarrean legez, latinoek ere ez dute talde monolitikorik osatzen, ezta kubatar jatorrikoek ere (eta azken urteotan milaka lagun joan dira Puerto Ricotik Floridara). Nevadan, latinoen botoari esker gailendu zen Sanders duela zortzi egun.

Sanders buru duen iraultzak zein baino zein zailagoak diren hiru koxka gainditu behar ditu: primarioak eta uztaileko konbentzioan demokraten hautagaitza irabaztea lehendabizi, eta azaroan Donald Trumpi gailentzea hurrena. Bi horiek zailak badira, ez dira errazagoak izango Etxe Zurian izan ditzakeenak, Medicare for All edo horren bertsio urardoturik onartzeko ere oso uzkur egongo diren Ganberean aurrean. Baita Senatuan eta Kongresuan demokratak nagusi balira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.