Udako inauteria

Florence + The Machine eta Childish Gambino nagusitu dira BBK Live jaialdiko lehen egunean. Urtero legez, jendetza bildu da Kobetamendin, musikaz beteriko hiru egunez gozatzeko.

Florence + The Machine izan zen BBK Live jaialdiko lehen eguneko protagonista nagusia. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Bilbo
2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Celia Cruz bizirik dago, eta BBK Live jaialdira joan da. Haren aldarririk ezagunena Bilboko jaialdiaren txoko guztietan antzeman zitekeen ostegunean: «Ez da negarrik egin behar, bizitza inauteri bat baita, eta penak kantatuz doaz». Inauteri itxura hartu baitzuen Kobetamendik jaialdiaren lehenengo egunean alkandora hawaiiar, purpurina, maskara eta babesleen txapel gorri eta laranja artean. Eta, noski, kolorez beteriko festa horren gainetik musika egon zen, estilo anitzekoa, azken urteetan jaialdiak hartu duen bilakaeraren erakusle; izan ere, aurten inoiz baino nabarmenagoa izan da aldaketa. Espainiako eta Portugalgo jaialdien lehia gero eta handiagoa da, eta, rock izarrak ezin erakarrita, inoiz baino presentzia handiagoa du elektronikak, bigarren oholtza eta guzti.

Halere, ostegunean behintzat ez ziren DJak edo elektronika taldeak nagusitu. Florence + The Machine zen erakarpen nagusietako bat, eta zaleak txunditu egin zituen Ingalaterrako taldeak. Ondo uztartzen dituzte jai giroko aldarri handinahiak —hit bikainak dira You Got The Love, Dog days are over eta What kind of man, esaterako— eta pop barrokoa. Florence Welch abeslariak ninfa baten itxura zuen oholtzan, zetazko soineko batekin eta hanka hutsik, Kobetamendiko parajearekin bat egin nahiko balu bezala. Welchek naturaltasuna transmititu zuen, gertutasuna, abesten zituen kantuak barrenetik sentituko balitu bezala, biluzita, iruzurrik gabe. Hunkituta zirudien, eta hunkiarazi egin zuen. High as Hope diskoa aurkeztu berri dute, baina ez zuten abesti berri gehiegi jo, eta zaleek eskertu zuten ezagutzen zituzten abestiak entzutea. Shake it Out ereserkiarekin amaitu zuten emanaldia, zale gehienak pozik utzita.

Desberdina izan zen Childish Gambinoren kontzertua. Welchenean naturaltasuna dena antzerkia da Donald Gloverrenean. Badaki zer egin behar duen, eta noiz eta nola egin behar dituen gauzak. Baina horrek ez du zertan txarra izan. Abeslari izatez gain, aktore ere bada, eta nabari da bateko eta besteko trikimailu guztiak menderatzen dituela. Etxeko sofan etzanda bezain eroso dago oholtza gainean. Haren izaera poliedrikoaren erakusle garbia da haren musika ere. Iturri askotatik edaten du, eta espero baino hobeto uztartzen ditu, gainera, nahasketa sinesgarri egiteraino. Gloverrek jolastu egiten du abestiekin: hasieran, James Brownen oinordeko fidela dirudi, soul eta funk doinuekin; gero, Drakeren erreinua dardarka jartzeko prest dago, trapa dotoreziaz jantzita. Childish Gambino gai izango litzake ura eta olioa nahasteko, hala beharko balu. This is America eta V. 3005 abestiekin egin da famatu, eta BBK Liven ere bi horiek izan ziren txalotuenak.

Festa-giro nahia

Egun berean 30 emanaldi baino gehiago daudenean, ia ezinezkoa da dezepziorik ez izatea. Itzal handiko taldea da Cigaretes After Sex, kritikaren eta zaleen loreak etengabe jaso dituzte, eta, noski, ikusmina sortu zuten. Baina Celia Cruzen mamua agertu zen Kobetamendin berriro. Ez da negarrik egin behar. Izan ere, normalean goibeltasunak ez du lekurik musika jaialdietan. Futbol partida bat 2-0 galtzen hastea bezala da, eta zama hori handiegia izan zen Brooklyngoentzat. Emanaldia linealegia izan zen; bazirudien abesti bera behin eta berriro errepikatzen ari zirela. Argi jokoek ere ez zuten asko lagundu. Sotiltasuna nahi zuten; foku zuri batek nabarmendu zuen Greg Gonzalez abeslaria, eta gainontzekoan iluntasuna zen nagusi. Areto batean ederra izango zena aspergarri bihurtu zen.

Baina Celia Cruz inoiz hezurmamitu bazen, Bomba Estereoren kontzertuan izan zen. Li Saumetek eta Simon Mejiak Kolonbiako sabrosura Euskal Herrira ekarri zuten. Bitxia da Bogotako taldearen kasua: herrialdean errotuta dauden doinu tropikalak —cumbia, champeta...— hartu, eta rockarekin, raparekin eta musika elektronikoarekin nahasten dituzte. Arcade Firerekin duten harreman estuak —elkarrekin biraren bat egin dute— mundu osoko musika jaialdietako ateak ireki dizkie. Espero bezala, festa giroa nagusitu zen Kolonbiakoen emanaldian, eta bat baino gehiago aldakak astintzera animatu zen Fuego, Soy yo eta Somos dos abestiekin. Dantzatuz, penak badoaz eta.

Ostegunak gehiagorako ere eman zuen: ordu berean jotzen zuten Alt-Jk eta Parquet Courtsek, eta, zale kopuruari erreparatuta lehenengoak irabazle izan baziren ere, karpa erdi betetzera iritsi zirenek disfrutatu egin zuten amerikarren rockarekin; Romy The XX taldeko abeslariak interesa piztu zuen. Lasai zegoen oholtzan —aurtengo berritasun nagusietako bat—, ordu erdi beranduago hasi arren; Basoa oihan bihurtu zen ordu txikietan, animalien maskara koloretsu eta guzti.

Aurretik, arratsalde partean, Temples izan zen zale dezente bildu zituen lehen taldea, baina horren aurretik Euskal Herriko hainbat taldek jo zuten. Inauteri guztietan bezala, lotsa desagertu aurretik lotsa dagoeneko hori da unerik zailena. Lehen orduetakoa. Lukiekek eta Rural Zombiesek jaialdia irekitzeko erronka zuten, besteak beste, eta, gogor saiatu arren, kostata astindu zituzten Kobetamendirako erromesaldiko goiztiarrenak. Gehienak tropelean igotzen ari ziren artean.

Gaur, jaialdiaren azkeneko egunean, Young Fathers, Noel Gallagher, Fischerspooner eta Gorillaz ariko dira, besteak beste. Bestalde, jaialdiko antolatzaileak hurrengo urterako lanean ari dira dagoeneko, eta han izango den lehenengo taldearen berri eman zuten atzo: Weezer.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.