Albistea entzun

Etxe berri bat euskarari

Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak amaiera emango dio zortzi urteko ibilbideari. Elkarlana eta euskara ardatz hartuta, Arabako euskal sortzaileen akuilu izan da.
Oihaneder Euskararen Etxeak agur esango du zortzi urteko ibilbidearen ostean.
Oihaneder Euskararen Etxeak agur esango du zortzi urteko ibilbidearen ostean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Unai Etxenausia -

2022ko ekainak 28 - Gasteiz

Hasten den guztia amaitzen da, eta, ekaina amaitzearekin bat, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak agur esango dio bere zortzi urteko ibilbideari. Hutsune bat betetzeko abiatu zuen proiektua Lazarraga kultur elkarteak, eta hasierako helburuei eutsi die ordutik: ardatz izan dituzte, besteak beste, euskarazko sorkuntza eta erabilera suspertzea, elkarlan sareak sortzea, kultur erreferente bilakatzea, eta euskararen eta beste hizkuntza gutxituen azterketa egitea. Horri guztiari esker lortu dute euskara eta euskarazko sorkuntza hiriaren erdigunera eramatea. Bide horretan jarraituko dute aurrerantzean ere, baina etxe berri bat izango dute oinarri: Gasteizko kafe antzokia.

Amaia Kerexeta Oihanederreko komunikazio arduradunak argi dauka Gasteizko euskararen «ekosistemaren» parte garrantzitsua izan direla urte hauetan guztietan. «Duela zortzi urte, Araban oso gutxi sortzen zen euskaraz», aitortu du. Eta akuilu lan horretan aritu dira ordutik.

Iker Durana kudeaketa eta administrazio arduradunaren hitzetan, lan horrek izan du bere emaitza, eta euskarazko sorkuntza proiektuen kopuruak gora egin du hirian azken urteetan.

2014ko urriaren 15ean inauguratu zenetik 2022ko ekainera bitartean, 66.500 erabiltzaile baino gehiago izan dira Oihanederren antolatu diren 900 bat jardueretan: 10.000 pertsona urtean, gutxi gorabehera —konfinamendu garaian izan ezik—. Urteotan guztiotan euskal kulturaren erakusleiho izan da Oihaneder. Euskal sortzaile ugari izan dira hartan beren lanak erakusten: idazleak, musikariak, aktoreak...

Sorkuntza bultzatzeko proiektuak ere abiarazi dituzte, esaterako. TopAraba da haietako bat, eta haren bitartez, Arabako hainbat sortzailek aukera izan dute euren lanak euskaraz sortzeko. Eta halakoengatik dio Iñaki Lazkano produkzio arduradunak «komunitate txiki bat» eratu dutela: «Gasteizko euskal komunitatea gehiago indartzea dagokigu, eta denon artean egin behar dugu hori».

Askotarikoa izan da urteotako eskaintza, eta hainbat kultura diziplinatako lanak erakutsi dituzte. Halere, Duranak aitortu du hasiera ez zela hain errazak izan: «Bilakaera aberasgarria izan da. Baliabide gutxirekin hasi ginen orain dugunarekin alderatuta, eta hobetuz joan gara, ahuleziak indartuz». Lazkano ados dago: «Ardo onak bezala, hobetuz joan gara urteekin».

Erronka berri bat

Hainbat diziplinatako sortzaileak erakartzeaz gain, hartzaile talde espezifikoentzako jarduerak antolatzen ere saiatu dira. Kerexetak azaldu du ekintzak «publikoari egokitzen» saiatu direla aldi oro. «Hainbat lanketa egin ditugu; desorekak murriztuz joan gara, eta, esperientziarekin, Oihanederreko egitaraua fintzea eta eskaintza hobetzea lortu dugu».

Jarduna «garairik onenean» utzi dutela diote, eta, horregatik, zapore gazi-gozoa daukate. Halere, asmo handiko erronka dute aurretik, hasieratik baitzekiten «bi hankako proiektua» zela Oihaneder. Lazkano: «Bagenekin hau amaituko zela. Halere, Gasteizko kafe antzokia martxan jartzea dagokigu orain».

Kafe antzokiaren lehen zutabe gisa abiatu zuten Oihaneder proiektua, eta egitasmo berrirako oinarri sendoak eraikitzeko balio izan die.

Lazkanok aurreratu duenez, antzokia urtarrilean irekitzea espero dute. «Halere, ezin dugu ezer zehatzik esan, horrelako proiektuekin sekula ez baita jakiten. Udarako iragartzea espero dugu».

Gasteizko Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian egongo da kafe antzokia, eta Izaskun Arrue kulturunea izango da izen ofiziala, udalak hala erabakita. Antzokiak areto nagusi bat, gune eszeniko handi bat, ostalaritza zerbitzua, lan eremu bat —Gasteizko euskalgintzako beste taldeek ere erabil dezaten—, eta beste hainbat gune berri izango ditu.

Gasteizko Udalaren esku daude orain hurrengo pausoak. Eraikina egokitzeko obrak abuztuan amaituko dituztela iragarri dute, eta, ondoren, eraikina materialez hornitu eta atondu egin beharko da. Duranak espero du elkarteak autonomia izango duela lekua nahi bezala kudeatu ahal izateko, proiektua are gehiago hobetzeko. «Gasteizko kafe antzokiak sortzaileentzako eskaintza zabalagoa eta hobea izatea nahi dugu: formakuntza kurtsoak, familia jarduerak, tailerrak... Uste dugu Oihanederren jarraipena izan daitekeela, baina dena hobetuta eta egokituta». Lazkano: «Orain arteko proiektuaren eboluzio bat izango da».

Gazteak erakartzea

Kudeatzaileen hitzetan, nagusiki 35-65 urte bitarteko jendea ibili da Oihanederren. Horregatik, gazte jendea erakartzea da Lazarraga kultur elkarteko kideek antzokian izango dituzten erronka nagusietako bat. «Antzokiarekin gauza berri erakargarri asko antolatu ahal izango ditugu, jende gazte berria erakartzeko», esan du Lazkanok.

Oihanederreko kideek baikortasunez begiratzen diote amaiera batek berekin dakarren malenkoniari, ordea. Esker onekoak dira orain arte egindako bideagatik, eta ilusioz daude kafe antzokian bide horretan jarraitzeko aurrerantzean ere. «Orain bagoaz, baina laster bagatoz».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Mugan musika taldea, disko berria argitaratu baino lehenago. ©PABLO CLEMENTE

Indarrez jantzitako doinu eztiak

Miren Mujika Telleria

Mugan taldeak zazpi kanturekin osatu du 'Bizirik ez bagaude', bere ibilbideko lehen diskoa
Errealitatea eta alegiazko munduak nahasten dira <em>Itsasotik</em> ikuskizunean. ©DONOSTIAKO MUSIKA HAMABOSTALDIA
Michel Piccoli eta Romy Schneider aktoreak, Sauteten 'Les choses de la vie' filmean (1970). ©Donostiako Zinemaldia

Sauteten hamahiru film bildu ditu Zinemaldiak hari eskainitako zikloan

Leire Perlines Apalategi

Zinemagile eta gidoigile frantsesaren obra aztertuko du jaialdiak aurten, haren atzera begirakoan. Zikloaren osagarri, zuzendariari egindako elkarrizketekin osatutako liburu bat plazaratuko dute.

Olivia Newton-John Ikerketa Onkologikoen Institutuak antolatutako ekitaldi batean ©MICK TSIKAS / EFE

Olivia Newton-John hil da, 'Grease' filmeko aktorea

Lide Egizala Urteaga

Sandy Olsen pertsonaiari eman zion bizitza Grease pelikulan. 30 urte zeramatzan bularreko minbiziaren aurkako borrokan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.