Muskerrak Stuttgarten

'Obabakoak' obraren emanaldiak harrera ona izan du Stuttgarten: 300 lagunek baino gehiagok ikusi dute lana. Calixto Bieitoren eta Bernardo Atxagaren arteko solasaldiak ere dozenaka lagun bildu ditu.

Antzezlanaren une bat, larunbatean, Stuttgarteko antzoki nazionalean. E. MORENO ESQUIBEL.
aitor biain
Stuttgart
2019ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Fantasiazkoa dirudi errealitateak Stuttgarten: Obabakoak, Alemanian eta euskara hutsean. Literatur lanaren xehetasunak ematen ari da Bernardo Atxaga Antzoki Nazionalaren sarreran, dozenaka lagunen aurrean, antzezlana taularatu aurretik. Larunbat arratsaldea da, eta termometroak 30 graduko langaren gainetik dira: bero bolada Europa erdialdera ere iritsi da. Obabako fantasiazko mundua nola sortu zuen kontatzen ari da idazlea, mikrofonoa eskuan duela; alboan ditu Calixto Bieito antzezlanaren zuzendaria, Ingoh Brux antzerkigile alemaniarra eta Susanne Pfab-Groche itzultzailea. Solasaldia hasi bezain laster argitu du Atxagak Obabakoak-en sekreturik handiena: idazlearen hitzetan, orain 31 urte eleberria sortzeko osagai garrantzitsuenak haren haurtzaroa, Asteasu (Gipuzkoa) jaioterria, ume garaiko jolasak eta Ponpeiara (Italia) amarekin egindako bidaia bat izan ziren. «Hura izan zen liburuaren hasiera».

Spanisch hitzak behin eta berriz ihes egin dio itzultzaileari, baina inork ezer esan aurretik zuzendu ditu bere hitzak, eskua jaso eta burua beheraka makurtuz, barkamena eskatuko balu bezala: «Baskenland, Baskenland». Euskara, euskal kultura eta hizkuntza gutxituei buruz ere ari da Atxaga, eta euskal kulturaren eta Alemaniaren arteko loturaz, nola ez. Atxagak dio euskal kulturarentzat funtsezkoak izan zirela Alemaniako intelektualak, eta Wilhelm von Humboldt jarri du horren adibidetzat. «Hizkuntzalari eta politikaria izan zenak behin baino gehiagotan bisitatu zuen Euskal Herria, eta euskara ikasten ere hasi zen», erantzun dio entzule baten galderari.

Haren anaiari ere egin dio erreferentzia idazleak. Geografo eta natura ikerlari ezagun batek Amazoniara egindako bidaia bateko pasadizoa gogoratu du Atxagak, hizkuntza gutxituen harira egindako galdera batean. «Humboldtek Amazoniara egindako bidaia batean, loro bat hizketan entzun zuen: hiztunik ez zuen hizkuntza batean ari zen. Hori dela eta, esaten zuen agian hizkuntza gutxituek edota desagertutakoek loroen mokoetan bakarrik iraungo zutela», adierazi du Atxagak. Hari erantzunez amaitu du solasaldia: «Gure hizkuntza ez dago arriskuan momentuz; ez dago loroen mokoetan».

Calixto Bieitok loreak bota dizkio idazleari beste behin, baita haren liburuari ere: nazioarteko klasiko handienen parean jarri du Obabakoak. Irakurri zuenean haurtzaroa gogoratu ziola aipatu du. Stuttgartekin ere lotura handia duela aitortu du zuzendariak, hainbat obra taularatu baititu bertan; bada, eleberrian oinarritutako antzerkia han aurkeztea «berezia» dela esan dio.

Liburuak sinatzeari ekin dio idazleak solasaldia amaitu bezain laster. Lau minutu falta dira zazpi eta erdietarako, eta txirrina jo dute. Jendea aretora sartzen hasi da: hutsune batzuk badaude, baina ia beteta dago. Aretoak 600 eserlekutik gora ditu. Bost minutuko atzerapenarekin itzali dituzte argiak. Oihala igo dute: Obabakoak eszenan da.

Fantasiaren gordintasuna

Bizikleta banaren gainean jarrita dira antzeztaldeko hamar aktoreak. Joseba Apaolaza hasi da hizketan, edo Esteban Werfell irakaslea, hobe esanda. Haren hitzak irakur daitezke oholtzaren goiko partean, ezkerrean, alemanera itzulita. Publikoaren begirada gora eta behera dabil etengabe. Aurreneko hamar minutuetan, bat baino gehiago mugitu da lekuz; azpidatziak ongi irakurri ez eta haria galtzearen beldur.

«...123, 124, 125, 126, 127, Obaba!». Bizikletak zirkuluan jiraka;mikrofonoak sabaitik zintzilik; muskerrak belarriko zulotik garunera; eromena; basurdeak eta antzarak; gorputz eta arimak biluzik; «txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa...»; Bagdad; pantailak atzera, aurrera, ezkerrera eta eskuinera; buruak gora eta behera; «Ameriketara joan nintzen, xentimorik gabe...»; maitasuna; trenaren balazta hotsa ozen; bikote bat besaulkitik altxatu da ikara batean; bakarrizketak; tristura; alemanez kantuan eta dantzan; botila bat hustuta; kamerari begira; mina; bakardadea; bizikletak bata bestearen gainean oholtzaren erdian; «...123, 124, 125, 126, 127, Obaba!».

Bi orduren ostean, erabateko isiltasuna egin da aretoan. Argiak itzali dira, eta txalo egiten hasi da norbait jendartean; berehala jarraitu diote gainerakoek ere. Txistuak eta txaloak bakarrik entzun dira hiru minutu luzez. Antzeztaldeko kideak ere hiru aldiz atera dira oholtzara haien esker ona adieraztera. Bieito ere atera dute, eta hark Atxagari keinu egin dio igotzeko; honek nahiago izan du besaulkian geratu, ordea. Ez da Bilbo, ez da Arriaga antzokia. Aitzitik, Stuttgarteko Antzoki Nazionala da, Alemania, eta euskarazko antzezlan bat taularatu berri dute euskal aktoreek.

Aretotik irtetean, ikusle gehienak bat datoz: zaila da oholtzara begira egon eta aldi berean azpidatziak irakurtzea. Hala aitortu du Martinak; madrildarra da izatez, baina hamar urte dira Alemanian bizi dela. «Ezagutzen dut liburua, eta badakit zer kontatzen duen antzezlanak ere, baina zaila egin zait biak aldi berean jarraitzea». Ildo beretik hitz egin du haren lagun Manfredek ere; alemaniarra da hura. «Nik ez nuen ezagutzen, eta zaila egin zait».

Azpidatziekin jarraitzea «uste baino errazagoa» iruditu zaio, aldiz, Oleri. Istorioa ezagutu ez arren, gustatu zaio obra: «Esperientzia ederra izan da niretzat. Aktoreen maila azpimarragarria iruditu zait», erantsi du. Haren lagun Paulek, berriz. eszenografian jarri du arreta: «Lehen eszenaren estetika, bizikletena, asko gustatu zait. Harrigarria iruditu zait». Bertakoak dira bi gazteak.

Ansger eta Elisabeth Nell anai-arrebak euskaldunak dira, Alemanian jaio baziren ere; hangoa dute aita. Bi eta lau urte dira, hurrenez hurren, han bizi direla. Aitortu dute «berezia» dela euskarazko lan bat han ikusi ahal izatea: «Ez nekien zer espero, egia esan. Ezberdina, arraroa, batzuetan deserosoa ere egin zait, baina esperientzia polita izan da. Ederra da Alemanian bizi eta horrelako lan bat euskaraz bertan ikusi ahal izatea». Iritzi bera du Begoña Artolazabal haien amak ere: «Hunkitu egiten du». Zuzendariaren eskua nabarmendu du hark: «Obran gehiago ikusi dut Bieito Obabakoak baino. Baina oso lan ona egin dute».

Muskerraren bidea Stuttgarten amaitu da oraingoz, ez baitute beste emanaldirik aurreikusi. Obabakoak-ek, hala ere, bidea egiten jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.