Musikari berrien lekua

Sei gaztek irabazi dute 'Egin Leku' deialdia. Epaimahaiak, besteak beste, euskararen erabilera izan du oinarri. Orain, sarituek kontzertu bana emango dute Gasteizko Oihaneder Etxean.

Deñe Garcia-Calvo gazte azpeitiarrak emango du lehen kontzertua. BERRIA.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2020ko irailaren 8a
00:00
Entzun

Musikari hasiberriei lekua egiteko asmoz, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak Egin leku deialdia aurkeztu zuen uztailaren lehenean, eta dagoeneko baditu irabazleak. Hain zuzen, hamahiru lan aurkeztu dira, eta horietatik sei hautatu ditu epaimahaiak: Deñe Garcia-Bravo, Aitor Regueiro, Lorea Zulaika, Iker Beñaran, Miren Peñagarikano eta Maialen Aristegi. Besteak beste, abestien originaltasuna, kalitatea eta euskararen erabilera izan dira hautatuak aukeratzeko irizpideetako batzuk. Horrez gain, lanak bakarka aurkeztu behar ziren, edo, gehienez, binaka. Diskorik ere ezin zezaketen kaleratua izan. Hemendik aurrera, irabazleek oholtza gainera igo, eta kontzertu bana eskaintzeko aukera izango dute bi hilabetetik behin. Lehen emanaldia ostegunean izango da, 20:15ean, euskararen etxeko klaustroan. Deñe bakarlariak emango du lehen kontzertua, eta gonbidapenak behar dira.

Iñaki Lazkano deialdiaren antolatzaileetako bat da, eta, jakinarazi duenez, bi arrazoi nagusirengatik erabaki zuten martxan jartzea: batetik, publiko gaztearengana iristeko nahia zuten euskararen etxeko kideek. Horretarako, ikerketa bat egin dute azken hilabeteotan, eta aztertu dute gazteen artean hutsik egiten ez duen kultur diziplina musika dela. «Gazte gehienei gustatzen zaie musika, eta hainbat dira instrumenturen bat ikasi eta zerbait egitera ausartzen direnak; asko animatzen dira musika euskaraz egitera». Lazkanok adierazi duenez, euskararen normalizazioaren alde lan egiten duen proiektu batentzat errealitate horren jakitun izatea «pozgarria» da, eta, beraz, egoera hori aprobetxatu zuten egitasmoa martxan jartzeko.

Bestalde, jabetu ziren musikari hasiberriek jendaurrera salto egiteko aukera gehiago behar zituztela. Izan ere, orain arte hilean behin eskaintzen zuten aukera hori: Eskailerapeko ahotsak egitasmoaren barruan, jada entzutetsua den musikari batekin batera oholtzan aritu daiteke musikari hasiberri bat.

Deialdiaren lehen aldia izan da aurtengoa, baina, hala ere, antolatzaileak emaitzarekin «pozik» daude. Hain zuzen, guztira, hamahiru lan aurkeztu dituzte, eta horietatik sei izan dira hautatuak: Gipuzkoatik sei proposamen jaso dituzte; Bizkaitik, lau, eta Arabatik, hiru. Lazkanok azaldu du Ipar Euskal Herritik eta Nafarroatik ez dutela proposamen bat bera ere jaso, eta balitekeela zailtasun gehiago izatea publizitatea bertako herritarrengana iristeko. Jasotako proposamenetatik zortzi —talde batean bi kide daude— emakumeenak dira, eta sei, gizonezkoenak. Adin tarteari dagokionez, berriz, 30 urte baino gutxiago dituzte denek. Halere, antolatzaileak gehitu du adin mugarik ez zutela parte hartzeko baldintza gisa ezarri, balitekeelako hasiberria den heldu batek ere aukera honetan parte hartu nahi izatea. Dena dela, epaimahaikideek aukeratutakoen erdiek, gutxienez, gazteak izan behar zuten.

Jon Basaguren, Miren Narbaiza eta Ander Sevilla musikariek osatu dute epaimahaia. Lehen biek badute musika munduan beren ibilbidea eta esperientzia. Sevilla ere musika talde anitzetan aritutakoa da, eta musika teknikaria ere bada. Hain zuzen, azken ikuspegi hori ere txertatu nahi zuten epaimahaian, eta horregatik jo zuten harengana. Hala, hirurek elkarrekin erabaki dute nortzuek irabazi duten deialdia, betiere gogoan izan beharreko hautaketa irizpideak oinarri hartuta.

Musikariak oholtzara

Deñe Garcia-Bravo gazte azpeitiarra izango da oholtza gainera igoko den lehen artista. Jakinarazi duenez, betidanik izan du musikarekin lotura. 8 urte zituela, musika eskolan izena eman, eta pianoa ikasten hasi zen. Urteek aurrera egin ahala, berriz, gitarra eskuetan hartu, eta ahotsa ere lagun zuela bertsioak egiten hasi zen. Areago, abesti propioak sortzeari ere ekin zion, eta 14 urte zituela egin zuen lehena: Azken agurra. «Eta horrela, gaur arte», adierazi du. Hala, bi aldiz pentsatu gabe erabaki zuen deialdian parte hartzea, «musikari gazteentzat» aukera ona dela iritzita.

Deialdian parte hartzeko, guztira, norberak sortutako hiru abesti aurkeztu behar ziren, eta, gutxienez, %75 euskaraz egindakoak. «Lagun batek aipatu zidan deialdi hau ireki zutela, eta pentsatu nuen parte hartzeagatik ez nuela ezer galtzen». Beraz, deialdira hiru abesti aurkeztu zituen: Azken agurra, Ametsetan aske eta Bidean aurrera. Gainera, azaldu du euskaraz gazteleraz idazteko baino erraztasun handiagoa duela. Kantetako hitzekin, berriz, munduaren ikuskera propioa zabaldu nahi du: «Munduko arazoen berri eman nahi dut abestiekin, eta mezu horiek jendeari helarazi kantuaren bitartez».

Kontzertua ordubete ingurukoa izango da, eta artistak azaldu du jada prestatzen hasia dela: «Lan dezente egin behar da, ordubete bakarlari batentzat denbora asko baita; ea nola irteten den, baina gogoz nago». Hain zuzen, Lazkanok gaineratu du musikariei jotzeko aukera ez ezik, horretarako baliabideak ere eskainiko dizkietela, eta baita 150 euro ere. «Inportantea iruditzen zaigu musikariei ordaintzea, lehen kontzertua badute ere». Are, gehitu du Musikari elkartean aholkularitza jasotzeko aukera ere izango dutela deialdia irabazi duten sei artistek.

Lehen kontzertuaren ostean, Aitor Regueiro oñatiarrak eskainiko du emanaldia, azaroaren 5ean. Gainontzeko kontzertuak ez dituzte zehaztu oraindik, baina jakinarazi dute laster emango dutela horien berri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.