Gastronomia, bidaien gida

Bi astetik behin helmuga baten berri ematen dute Gasteizko Eatyjet proiektukoek sare sozialetan, eta hiru platereko menu bat osatzen dute. Etxez etxeko zerbitzuari ekingo diote berriro.

RAUL BOGAJO / @FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun
Hainbat esperientzia bizi daitezke gastronomiarekin, eta horietako bat da bidaiatzea, Amira Lemhaouliren (Tanger, Maroko, 1995) eta Alejandro Salcedoren (Gasteiz, 1994) arabera. Haien ustez, gastronomia ez da soilik mahaian jarritakoa jatea, baizik eta haren bitartez bestelako esperientziak bizitzea, hala nola beste herrialde eta hiri batzuetara bidaiatzea, eta, etxean egonda ere, eremu horietako bakoitza bertatik bertara ezagutzea. Hori kontuan izanik, Eatyjet izeneko proiektua abiatu zuten iazko urtearen amaieran.

COVID-19ak eragindako egoera dago proiektu horren sorreraren oinarrian. Ostalaritzaren sektorean egiten zuten lan aurrez ere Lemhaoulik eta Salcedok, baina izurriteak eragin zuzena izan zuen haiengan. «Nik lana utzi nuen, eta Alejandro autonomoa zen, baina egoera ez zen erraza, eta aukera bakarra zegoen: hil edo berrasmatu», adierazi du Lemhaoulik. Bezeroari zer eskaini erabakitzen aritu ziren, zerbait «ezberdina» egin nahian, eta, azkenean, proiektu honen aldeko hautua egin zuten: «Nazioarteko gastronomiaren zalea naiz ni, eta Amirak munduko kulturak ditu gustuko; bi zati horiek batzea eta afari esperimentalak martxan jartzea erabaki genuen, horien bidez bezeroa eremu ezberdinetara eramateko». Hala, bi astean behin helmuga berri baten berri ematen dute, eta gastronomia bera da bidaia horietako gida.

Egun, Gasteizko Abastos merkatuan dabiltza lanean, bertan dute pop-up jatetxea; abuztuaz geroztik, hor ematen dituzte afariak, aurrez erreserba eginda, baina datorren asteburuan emango diote amaiera eredu horri, hasieran bezalaxe, etxez etxeko zerbitzuari ekiteko beste behin. «Funtzionamenduari dagokionez, helmuga baten berri ematen dugu bi astetik behin sare sozialetan, eta menu itxi baten azalpenak ere argitaratzen dira; leku bakoitzeko hiru plater izaten dira, eta bezeroei zuzenean iristen zaie etxera, Eraman kooperatibaren bitartez». Janari hori eginda bidaltzen dute normalean, nahiz eta batzuetan bezeroak esku hartu behar izaten duen azken ukituren bat emateko; besteak beste, labean sartu berotzeko.

Bidaiak, intuizioz

Kaxetan bidaltzen dute menua, baina, janariaz gain, sorpresaren bat edo beste ere ematen saiatzen dira proiektuko kideak, aste horretako herrialdeko edo hiriko kulturarekin uztartuz. «Brasil landu genuenean, adibidez, sanba eskolak egin genituen Internet bidez, tokiko artista batekin eta bezeroekin, caipirinha hartzeko orduan», adierazi du Salcedok. Eta Lemhaoulik, barre konplizez, ondotik erantsi du ez duela sekula ahaztuko bere proiektuko kideak dantza mota hori egiteko izan zuen modua. «Saiatu nintzen, bederen!», erantzun dio.

Indonesiara izan zen eginiko lehen bidaia, eta ostean etorri ziren, besteak beste, Kuba, Japonia, New York, Sizilia, Maroko, Txina, Herbehereak, Grezia, Nepal eta Islandia. Guztira, hogei herrialde ingurutara egin dituzte bidaia gastronomikoak, eta, aldi berean, kulturalak, bertakoaz gozatzeko asmoz. Hala ere, Salcedok azaldu du antolaketa ez dela berbera etxez etxeko zerbitzuan aritu edo azken hilabeteotan egon diren pop-up jatetxean. «Leku fisiko batean egonda, saiatu gara hirietako kale merkatu indartsuetara bidaiatzen, street food kontzeptura jauzi egiten, baina etxez etxekoan nahiaren arabera erabakitzen dugu zer egin, intuizioak aginduta, sarritan». Orain, esate baterako, Vietnamen dute geldiunea, eta hala izango da datorren astera arte. «Helmuga ezberdinen zaku bat dugu, eta, saiatzen gara horietako bakoitzaren onena ateratzen guk eskaini dezakegunaren arabera», zehaztu du Lemhaoulik.

Menu horiek, ordea, ez dituzte kale merkatu batean prestatzen. Hasieran, Dulantziko (Araba) sukalde handi batzuetan aritzen ziren lanean, etxez etxeko zerbitzuak egin bitartean; ondoren, Abastos merkatura lekualdatu ziren pop-up jatetxearekin batera, baina, orain, berriro ere sukaldeetara bueltatzea tokatzen zaie. Hala ere, Gasteizera lekualdatu nahi dute, batez ere «logistika arazoak» saihesteko.

Erantzunarekin «gustura»

Ia igaro da urtebete proiektua martxan jarri zutenetik, eta kideek azaldu dute «gustura» daudela ordutik jendeak izandako erantzunarekin. «Ez geunden ezeren esperoan, soilik gure nahien araberako proiektu bat egin nahi genuelako, baina pixkanaka jarraitzaileak izaten hasi ginen Instagram kontuan, eta lehen bidaian plaza guztiak agortu ziren hiru egunetan», nabarmendu du Lemhaoulik. Haren ustez, bazirudien unerik eskasena izan zitekeela konfinamendu garaia horrelako proiektu bati ekiteko, baina erantsi du uste hori okerra dela. «Jendea gauza berriak probatzeko gogoz zegoen, zereginak nahi zituzten».

Egun ere plaza guztiak bete ohi dituzte, eta jendeak erreserbak egiten jarraitzen du. Are, Salcedok jakinarazi du azkenaldian erreserbak egiteko sistemarekin arazoak izaten dabiltzala. «Igandeetan zabaltzen dugu horretarako aukera, 21:00etan, baina, bezero guztiak batera sartzen direnez erreserba egitera, plataforma kolapsatu egiten da». Hala ere, aitortu du erantzuna «sekulakoa» dela eta jendeak «harritzeko» nahia duela. «Badirudi Gasteizen beti izan behar dela eskaintza berbera, baina ez da horrela; merkatuan bezero ezberdinak daude».

Beraz, orain, etxez etxeko zerbitzuei berrekingo diete, asteburuetarako menuekin, baina beste zenbait proiektu ere badituzte buruan. Hala ere, azaldu dute «pausoz pauso» joango direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.