Musikaren rol askatzailea

TNT elkartea El Salvadorko adin txikikoen zentroetan eta espetxeetan dauden andreekin aritzen da, musikaren bitartez, horiek birgizarteratzeko asmoz. Ensamble Liberarte taldea Euskal Herrian egon da.

Karina Ramirez, Brenda Garcia, Andrea Crisol, Mario Marroquin eta Omar Gonzalez, hilaren 25ean, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Musikak hainbat funtzio ditu, eta, zerrendatzen hasiz gero, zaila izango litzateke zehaztea. Hala ere, horietako bat bada askatzailea izatea, edo, horrela da, bederen, El Salvadorko espetxeetan eta adingabeen zentroetan askatasunik gabe dauden zenbait emakumerentzat. Hari instrumentuz osatutako talde bat da Ensamble Liberarte, TNT Tiempos Nuevos Teatro El Salvadorko elkarteak abian jarri zuena 2017an. Katalunian eta Euskal Herrian egon dira azken hilabete honetan proiektuaren berri ematen, Vamos caminando (Oinez goaz) biraren barruan, eta maiatzaren 25ean, Eusko Legebiltzarrean egon ziren. Txoriak txori abestia joz ekin zioten emanaldiari, bi biolontxelo, bi biolin eta teklatu bat lagun zutelarik.

Julio Cesar Monje TNT elkarteko kidea da. Euskal Herrikoa da, baina 1990eko hamarkadan iritsi zen El Salvadorrera. Elkarteak euskal jatorria duela adierazi du, hala nola egoitza nagusiak Jon Cortina euskal jesuita zenari egiten diolako erreferentzia. «Duela 30 urte sortu zen, eta, batez ere, arte komunitarioa egiten duen mugimendu bat gara, baina badira sei urte askatasunik gabeko zentroetan lan egiten ari garela, emakumeekin, espetxeetan eta adingabeak gizarteratzeko zentroetan». Hala ere, argi azaldu du komunitateak bizi duen egoera, kasu honetan, ezberdina dela: «Harresi altuz eta hesiz inguratuta daude, eta armatuta dauden gizonak dituzte alboan, ihes egin ez dezaten». Zentroetako batean zeuden Brenda Garcia eta Karina Ramirez taldekideak.

Txikitatik izan du gustuko musika Garciak, baina ez zuen inoiz harizko instrumenturik aurrez aurre ezagutu, zentroan ikasten hasi zen arte. «Telebistan baino ez nuen ikusita biolin bat, eta uste nuen ez nuela inoiz ikasiko, baina, pixkanaka, hasi nintzen urratsak egiten, eta jotzen nuenean, hainbat gauza ahaztu egiten zitzaizkidan, baita non nengoen ere». Hain zuzen, elkartearen helburuetako bat da biolinaren, biolaren, biolontxeloaren eta kontrabaxuaren irakaskuntza zentroetan dauden andreekin partekatzea, orkestra bat sortzeko asmoz, eta, era horretan, bizi proiektu bat garatzeko. «Hiru urtez egon ginen harizko orkestran buru-belarri, baina ohartu ginen bigarren zatia falta zela: askatasuna lortu ostean, andreei ez die inork laguntzen». Hala osatu zuten Ensamble Liberarte, eta Garciak taldeko kidea izateko gonbidapena onartu zuen.

Oztopoekin ere, aurrera

Monjek azaldu duenez, historikoki, El Salvadorren birgizarteratzea elizaren zeregina izan da, batik bat eliza ebanjelikoarena, baina aitortu du hori ez dela guztiz egia: «Gu horren adibide gara: gizarte zibileko gobernuz kanpoko erakunde laiko bat gara, gizarteratze eredu bat garatzea helburu duena, miraria egin, eta askatasunik gabe eta gazteen zigor legearekin gatazkan egon diren horiei laguntzeko». Garciak ere nabarmendu du elkarteak emandako laguntza «aukera handia» izan dela; besteak beste, herrialdean preso egon ostean «etiketak» jartzen dizkietelako. «Kontzeptu txarra du gizarteak, eta ez dute guregan eta gure gaitasunetan sinesten; bakarrik ere egin ahalko genuke aurrera, baina bidea zailagoa izango litzateke, eta, beraz, esperientzia honek pertsona giza hazten lagundu digu».

Etiketak jartzen dizkiete preso egondakoei, beraz, eta, horiek areagotu egiten dira andre izanda. «Gure herrialdean kultura oso matxista batean bizi gara, eta baztertzailean; sexu ahula garela uste dute, eta emakume izateagatik ez garela gauza asko lortzeko gai», nabarmendu du Garciak. Hala ere, Ramirezen arabera, «oso urrun» heldu daitezke, eta uste du beren bizipenak izan daitezkeela adibideetako bat. Pertsonalki, ez zuen zaletasunarengatik erabaki hari orkestran sartzea, baina, urratsak egin ahala, gustuko zuela jabetu zen, nahiz eta oztopoak ere egon. «Hasieran, zentroak soilik astean ordubetez uzten zigun instrumentua jotzen, eta ez genuen asko aurreratzen, baina elkarteak lortu zuen guk logeletan instrumentuak izatea». Garciak egin eran, zentrotik ateratakoan taldera batzeko hautua egin zuen.

Proiektuaren ekarpena

Egun, Garciarekin eta Ramirezekin batera, beste hamar andre inguruk osatzen dute taldea, baina bira honetan Andrea Crisol, Mario Marroquin eta Omar Gonzalez dituzte lagun. Emakumeen arabera, proiektuak lagundu die aurrerapausoak ematen askatasuna lortu geroztik. «Lehen ez nuen bizi proiekturik, baina musika ezagutu, eta nahi nuena proiektatzen hasi nintzen; prozesuan jarraitu nahi dut, baina hemendik kanpo ere aukerak bilatzen nabil», azaldu du Ramirezek. Hain zuzen, egun, musika ikasketak egiten dabil unibertsitatean, eta aitortu du horretarako elkartearen laguntza ere baduela, baina bere aldetik ere urratsak egin nahi ditu. «Babesa izan dut ikasketetarako, eta horrela hasi nintzen, baina orain nire kabuz ere lorpenak egiten nabil». Etorkizunera begira, gazteei laguntzea gustatuko litzaioke.

Haien emanaldietan, bizipen horiek dituzte kontakizun, haien esperientzietatik idatzitako Las Guapas liburuan jasoak. Istorio horiek musikatu dituzte. «Piezak aztertzen ditugu esanahia zein den ikusteko, eta horiek aditzera eman nahi dutenaren arabera kontakizun batekin edo bestekin uztartzen ditugu, istorio bat hasieratik bukaeraraino kontatzeko». Lau emakumek idatzitako liburua da, nahiz eta horietako bi jada ez izan taldearen parte. «Batzuk jada ez daude, baina, gutxienez, prozesuak lagundu die bizitza era ezberdin batean ikusten, eta egunerokoa gainditzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.