Eskubideak

Borrokaren soka luzea

Giza eskubideen alde borrokan dabiltzan andreak ikusarazteko asmoz, Amnesty Internationalek 'Emakumeak borrokan' erakusketa jarri du Gasteizen. Uztailaren 10era arte egongo da.

Emakumeak borrokan erakusketa ikusgai dago Gasteizko Iparralde gizarte etxean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Hamabi emakumeren bizipenak, borrokak eta lorpenak, zortzi gunetan banatuta, baina, zeharka bada ere, baita beste hainbatenak ere. Natura, eskubideak, gerra eta norbere gorputzaren gaineko erabakiak hizpide hartuta; baina baita heriotzak, zigorrak eta kartzela aldiak ere. Eta debekuak. Ekuadorretik Filipinetaraino. Marielle Franco zenak ekin eta Maria Teresa Riverak jarraitu. Norbere eremutik, baina diskriminaziorik eta indarkeriarik gabeko biziaren alde borrokan, elkarrekin. Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak errealitate horiek jaso ditu Emakumeak borrokan erakusketan.

Egitasmoaren helburua giza eskubideen alde borrokan aritu diren eta dabiltzan «andre eredugarrien» historia azaltzea eta ikusaraztea da, eta baita haiek eginiko urratsak aitortzea ere, erakundearen arabera. Izan ere, ohartarazi du andreetako askok emandako pausoak «ezkutuan» egon direla urte luzez, baina, sarritan, «gizarte osoaren mesedetan» eginikoak izan direla. Hala, erakusketa ikusgai egongo da Gasteizko Iparralde gizarte etxean, bihar arte, baina gerora ere izango du jarraipena: ekainaren 22tik 30era bitartean Euskaltzaindia plazan egongo da, eta uztailaren 2tik 10era, Konstituzio plazan.

Erakusketako afixetan badira azalpenak, eta lehen geldiunea Ausartak da. Giza eskubideen alde borrokan aritu diren emakumeek jasandako mehatxuak eta erasoak ditu hizpide atalak, hala nola estatuen, erlijio taldeen, enpresen eta talde armatuen aldetik jasan ohi dituztenak. Marielle Franco ekintzaile feminista brasildarraren kasua ere gogora dakar erakusketak. Rio de Janeiroko zinegotzia izan zen; besteak beste, andre beltzen eskubideen alde egin zuen, eta Poliziak egindako hainbat exekuzio estrajudizial ere salatu zituen. 2018ko martxoan hil zuten, autoan zihoala, gidariarekin batera. Tiro bat, eta akabo.

Ez da heriotza bakarra. Berta Caceres hondurastarra 2016an hil zuten, komunitatearen lurrak mehatxatzen zituen proiektu hidroelektriko baten aurka egiteagatik. Bigarren geltokiak hori gogorarazten du, oraindik ere naturaren alde diharduten andreen borrokak aitortzearekin bat. Mariel Sumook filipinarra da egungo protagonistetako bat. Fridays for future mugimenduko kidea da, eta justizia klimatikoaren defendatzailea. Patricia Gualinga ekuadortarra, berriz, Amazoniako lurren alde dabil borrokan. Petrolio erauzketak, baso ustiapenak eta meatzaritza dituzte mehatxu, baina argi du zein den bidea: «Elkartuta gaude, eta ama lurra babesteko borrokan jarraituko dugu».

Eskubide urraketa

Desberdintasun ekonomikoa ere nabaria da gizartean, eta, oro har, emakumeengan duen eragina handiagoa da. Horrek zenbait ondorio dakartza, eta horietako bat da etxetik kaleratzea. Halako egoera batean egon zen Sandra Fillipen argentinarra Bartzelonan; Tep Vanny kanbodiarra, berriz, etxebizitza eskubidearen aldeko defendatzailea da. Biek aldarrikatu dute herri ekimenak eremu honetan duen garrantzia, eta uste dute bermatuta ez dagoen oinarrizko eskubide bat dela etxebizitzarena. Baina beste eremu batzuetan ere badira beste hainbeste adibide, oinarrizko eskubide izanagatik ere, debekatuta dauden aukerak.

Yasaman Aryani irandarrak beloa kendu zuen, eta loreak banatzen hasi zen metroan. Hamasei urteko espetxe zigorra ezarri zioten. «Ea egunen batean gu biok elkarren ondoan joan ahal garen, zu hijabarekin eta ni gabe», adierazi zion orduan bidaiarietako bati.

Lujain at-Hathloul saudiarabiarra ere atxilotu eta torturatu egin zuten, gidatzeagatik. Women to drive (emakumeak gidatzen) mugimenduko kidea zen, eta, beste andre batzuekin batera, deskarga elektrikoak eta sexu gehiegikeriak jasan zituen. Hogei urteko kartzela zigorra ezarri zioten.

Eta gerretan ere emakumeak dira kaltetuenak. Besteak beste, bortxatu eta esklabo bihurtzen dituzte. Halakoa da Nadia Murad yezidiaren kasua. 2014an bahitu zuen Estatu Islamikoak, eta sexu esklaboa izan zen. Lau urte geroago, 2018an, Bakearen Nobel Saria eman zioten Denis Mukwege ginekologoarekin batera. Baina badira gerratik ihes eginda ere esklabotza pairatzen dutenak. Halako gehiegikeriei aurre egin asmoz, beraz, Irakeko gerratik ihes egin eta Grezian errefuxiatuta dauden emakume yezidiek elkartzea eta elkarrekin guneak sortzea erabaki zuten.

Norberaren gorputza

Norbere gorputzaren gaineko erabakiak hartzeko eskubideak murriztuta daude, baina hori eragozteko borrokak bizirik daude. Hadiwa Bashir pakistandarrak haurren ezkontzen aurka egiten du: «Ikusi nuenean 7 urterekin ezkondu zuten nire lagun bat senarrak burdinazko alanbre batekin kolpatu zuela, esku hartzea erabaki nuen». Eta Kadiatu Massaquoi ere eremu berdinean dabil lanean, baina Sierra Leonan. Maria Teresa Riverak, berriz, abortua du gaitzat. El Salvadorren andreek espetxe zigorrak jasotzen dituzte abortatzeagatik, bat-batekoa bada ere. Riverari 40 urteko zigorra ezarri zioten, baina lau urteren buruan utzi zuten aske, mobilizazioei esker.

Halere, erakusketan azpimarratu bezala, honela zioen Nasrin Sotoudeh ekintzaileak: «Bidegabekerien aurrean isilik gelditzea ez da aukera bat». Eta horren adibide dira urteen poderioz erdietsitako lorpenak. «Ezerk eta inork ezin ditu gelditu emakumeak. Gero eta gehiago dira abortua despenalizatu duten herrialdeak, eta onespenik gabeko sexua bortxaketatzat jotzen dutenak», azaldu du Amnesty Internationalek, eta uste du giza eskubideen aldeko mugimendua «geldiezina» dela. «Lorpenak erdiesten jarrai dezagun!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.