Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Bada zer hobetzerik?

2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun

EAEko herritarron portaerak galdetegi baten bitartez aztertu ziren duela bost hilabete. Pandemiari aurre egiteko gomendioak bete ote genituen galderari, %37k erabat bete, %56,8k nahiko ondo, %3,9k zeozer, % 2k gutxi eta %0,3k ezer ez, erantzun ei genuen. Datu hauen irakurketa, adi, hauxe izan zen: herritarren %56,8k emandako gomendioak ez genituela behar bezala betetzen. Hura bai eskarnio publikoa. Gainera, garai berean zenbait gertaera lau haizeetara zabaldu ziren: nonbait jai ilegal bat antolatu zela, tabernetan deskontrol mota ezberdinak, arauei jaramon egiten ez zizkieten herritarrak nonahi zirela... Eta, noski, berri hauek irakurri, ikusi eta entzun genituela, jendartearen portaeretan hainbeste enfasi jartzea denok babestu genuen. Gutako bakoitzak sakrifizio handia egiten ari ginela, gure ingurukoen portaeretan hobekuntza bat bultzatuko zuelako horrek.

 

Baina, medikuntza munduan nagusienetarikoa den British Medical Journal aldizkarian berriki idatzitakoaren arabera, norbanokook perfektuak ez garela azpimarratzeak badu helburu zehatza. Zein? Ba zeozer sinple bezain makiabelikoa: gobernuen kudeaketa perfektu izatetik hain urrun dagoela nolabait estaltzea. Goian aipaturiko datuak argitaratze orduan «herritarren %93,8k emandako gomendioak ondo betetzen ditu» irakurri izan bagenu, olatuz olatu gabiltzan honetan jarraitzearen zergatia beste nonbaiten zegoela konturatzeko ez genituzke akaso azken hilabete hauek alferrik pasatzen utziko.

Baina, eguzkiaren distira hatzamar bakar batekin ezin da hain erraz estali. Eta bost hilabete beranduago argitaratutako galdetegian jasotakoaren arabera, herritarrok itsu, guztiz itsu, ez gabiltza, zorionez. Badirudi arlo ezberdinetako aunitz profesional partekatzen ibili diren hausnarketa bera, ikuspegi bera, gure herrikideek badutela ere inkesta honek agerian utzi duen modura. Eta datuak gogorrak dira. Oso. Iritzia eman duten hamarretik zazpik pandemiaren kudeaketa ezegokia egiten ari dela uste baitu. Hamarretik zazpik. Beraz, gure herrikideen %70en arabera bada zer hobeturik. Zoritxarrez, inkesta honek ez digu pistarik ematen zertan hobetu behar jakiteko, halako galderarik ez zelako egin.

Baina Eusko Jaurlaritzak berak duela aste gutxi egin zuen beste inkesta baten arabera, herritarrok neurriak besterik gabe malgutzea ez genuela inola ere egoki ikusten argitu zen, osasuna gure lehen ardura baita. Eta pandemiari aurre egiteko modu ezberdinak lehenetsi beharko liratekeela zioten askok galdetegi horretan. Berriro ere, pista zehatzik ez zen bilatu, baina ziur naiz osasun publikoko egiturak indartzea, kutsatuen kontaktuak hobeto identifikatzeko protokoloak, edota berrogeialdian geratu behar izatekotan babes ekonomiko edota logistikoak eskaintzea planteatuko balitz, herritarron oso portzentaje altuek babestuko lituzkela neurri hauek.

Azken finean, birusaren hedapenari aurre egiteko instrumentuak indartzea nahi dugulako denok, horrek osasuna babestu, baina baita ere ekonomia eta gure bizitza soziala berpiztuko dituelako. Jakina hori lortzeko ardura guztiona dela, noski; baina gure erakundeengan askoz gehiago espero genuen, eta oraindik itxaropena dugu egiten ari den kudeaketa eskasa hobetuko dutela.

Zeren jakin, badakigu denok, kudeaketa txarra egin bada, egiten ari bada, orain arte egindakoa aztertu beharko dela, bere osotasunean, zertan asmatzen ari garen eta zertan erratu garen jakiteko. Hori bait dela modu bakarra gauden sorgin-gurpiletik atera eta bidea zuzendu ahal izateko.

Garaia da, beraz, ikuspegi ezberdinetatik baina lankidetzan egindako hausnarketa orokor bat egiteko. Behin hori onartuta, eta gobernuak berak ez badu egiten, ez izan dudarik. Auzolanean egin beharko da arlo ezberdinetatik boluntario lanean aritu nahi duten guztiekin, errespetu osoz baina zintzoki. Eslogan bat izatetik, askoz haratago: Euskadi, auzolana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.