Pastor
DARWIN ETA GU

Ukraina eta emakumeak

2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hausnartzeko modukoa da aste honetan Charlie Hebdo aldizkarian Yann Diener psikoanalista eta hedabide frantseseko erredaktoreak Ukrainako gerrari buruz argitaratutako testua. Haren ustez, kritikari ate eta leiho guztiak itxi zaizkio gatazka odoltsu honetan. «Putinek lehen erasoa Ukraina desnazifikatzeko aitzakiaz egin duelako ez gara ausartzen ukrainarrei Stepan Bandera eta nazien beste kolaboratzaile batzuei buruz galdetzera, zeinen izenak kale eta estadioei eman baitizkiete», adierazi du, zorrotz.

Dienerrek zehaztu duenez, Banderak etorbide bat du Kiev-en, eta etorbide hori Babi Yar sakaneraino iristen da. Babi Yar naziek sarraskiak egiteko erabiltzen zuten lekua dugu. Dienerrek krimen haien datuak eman ditu: «Bi egunean, 1941eko irailaren 29an eta 30ean, 33.771 judu hil eta Babi Yar aldean bota zituzten SSek eta haien laguntzaile ukrainarrek».

Oraingo ukrainarrak haien birraitona-amonen krimenen errudunak ez direla argudiatuko dute irakurle batek baino gehiagok. Alemaniarrak ere ez dira arbasoek eginiko krimenen erantzuleak. Bai, estereotipoak nonahi ditugu eta denboraren joanean iraun dezakete. Bada diferentzia bat, baina: Alemanian kaleei ez dizkiete gerra kriminalen izenak jarri. Ukrainan, bai.

Charlie Hebdo-ri zernahi deitu ahal diozu, baina ez Putin zalea. Hedabideak Kremlingo burua du jomugan, baina, hala izanda ere, Dienerrek argi du: inor ez da ausartzen Ukrainari kritikarik txikiena egitera. Adibide bat: Errusiak ez ezik, Ukrainak ere ekintza basatiak egin dituela salatu du Amnesty Internationalek. Ez pentsa Errusia eta Ukraina maila berean ipini dituenik, ezta gutxiago ere. Hala ere, astindu ederra eman diote mugimendu horri. Kubak eta Venezuelak giza eskubideak errespetatzen ez dituztela salatzen duenean, txalo egiten diogu AIri. Ukrainak ere gerra krimentzat jo litezkeen sarraskiak egin dituela jakinaraziz gero, akabo. Egurra.

Dienerrek gaitzetsi duen jokaera bete-betean ezkontzen da Pedro Sanchezek irailean New Yorken eginiko adierazpen manikeoekin: «Kalean gaude eta gizon bat emakume bat jotzen ikusten dugu. Noren alde egin behar dugu?». Espainiako presidentearen iritziz, Ukraina andre kolpatua da. Beraz, denak Ukrainarekin, aho batez. Zalantza eta ñabardurarik gabe. Feijook halakorik bota balu, duda egiten dut denok isilduko ote ginatekeen. Baina Sanchezen hitzak izan ziren.

Ukrainako inbasioa, gerra eta emakumeen aurkako indarkeria parekatzea ez da joko garbia. Tranpa egitea da. Argudio horrek blokeatu egiten zaitu. Desarmatu. Nolatan ausartuko zara Stepan Bandera gerra kriminal naziak gaur Kieven etorbide bat duela esatera —edo soldadu ukrainarrek sarraskiak egin dituztela— baldin eta aldez aurretik badakizu emakumeen aurkako indarkeria defendatzea egotziko dizutela?

Ukrainako gerrak noraino eraman gaituen frogatu du Sanchezen manikeismoak —bai, nire ustez, gerra eta inbasioa da, ez dut Putinen terminologia lausoa ontzat jotzen—. Errusiak inbasioa egin behar ez zuela esanda ere, larrutu egingo zaituzte Ukrainaren jokabidea apurtxo bat, besterik ez, kritikatzen baduzu. Sanchez jaunak emakume erasoaren alde ez egotea leporatuko dizu.

Utz dezagun emakumeen kontrako indarkeria gatazka honetatik kanpo. Ez dio mesederik egiten haien borrokari, edozein auzitan eztabaida mozteko tresna bihurtzen baitu. Nahiko zapalkuntza, indarkeria eta era guztietako erasoak jasaten dituzte emakumeek, gerran eta bakean. Errusian eta Ukrainan. Eta Euskal Herrian ere bai, zoritxarrez. Ez dezagun halako gai bat arma gisa erabil manipulazio merkea egiteko.

Bilbon bizi zen alemaniar batek eta bertoko neska batzuek ika-mika bat izan zuten behin, Bizkaiko hiriburuan presoen alde egindako manifestazio baten ondoren. Alemaniarra zela jakin, eta neska batek tupustean bota zion: «Orduan, zure aitona nazia zen, ezta?». Eric ez zen isildu: «Eta zure amona bere burua nazien soldaduen besoetan botatzen zuen neska gaztea zen, ezta?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.