Dioxinen eta metal astunen kutsadura, gero eta handiagoa Zubietan

Toxico Watchen arabera, azken urtean nabarmen handitu dira Zubietako erraustegiaren inguruko goroldioetako eta pinuen hostoetako dioxina kantitateak

inaki petxarroman
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun

Zubietako (Gipuzkoa) erraustegiaren inguruetan berriz handitu da gai toxikoen kantitatea, Toxico Watch fundazioko zientzialariek egindako ikerketaren arabera. 2022an jasotako laginetan eta datuen monitorizazioetan oinarritutako txostena ondu dute. Esanguratsua da, esate baterako, Arkaitzerrekako sedimentuetan atzemandako metal astunen hazkundea. Erraustegia martxan hasi aurretik, artseniko partikulak litroko 0,11 mikrogramo (mg) ziren, eta 2022an, berriz, 30,1 mg. Kobaltoa 0,1etik 61,3 mikrogramora igo da; beruna 0,05etik 21,8ra eta kromoa 0,05etik 32,2ra.

Metal astunak ez dira kantitate aldetik handitu diren gai toxiko bakarrak. Nabarmena da pinu hostoetan eta goroldioetan atzeman duten dioxina kantitatearen igoera ere. Instalazioetatik gertuko pinudietan hartutako laginetan, 0,05 pikogramo baliokide toxiko (pg-EQT) ziren dioxinak erraustegia martxan jarri aurretik. 2022ko txostenean, 0,64 pg-EQT ziren. Beraz, hamabi aldiz handiagoa da orain dioxina kantiatea. Are eta handiagoa da, baina, goroldioetan substantzia toxiko horiek izandako hazkundea: 0,05 pg-EQT jaso ziren lehen, eta 7,64 pg-EQT jaso dira orain. Hau da, 120 bider handiagoa da orain.

Toxico Watch 2019an hasi zen neurtzen erraustegiaren inguruko uren, lurren, elikagaien eta landareen poluzioa. Erraustegia martxan jarri aurretik egin zituzten lehen neurketak, eta, horrek aukera emango die instalazioa martxan jarri aurreko eta ondorengo egoerak konparatzeko. Europako oso leku bakanetan izan dute horretarako abagunea, eta, hori dela eta, garrantzitsutzat jo dute Toxico Watcheko arduradunek Zubietako bilakaera. Errausketaren Aurkako Mugimenduak eskatuta egiten dute lan hori.

Horri dagokionez, interes handia sortzen du inguruko etxaldeetako arrautzetan egiten dituzten neurketak. 2022ko txostenean, bi etxaldetan neurtu dute arrautzetako dioxina kantitatea, eta bietan jaitsi da aurreko neurketarekin alderatuta. Erraustegitik 3,5 kilometrora dagoen Andoaingo baserri bateko arrautzetan 4,7 pg-EQT baliokide toxiko aurkitu zituzten 2021ean, eta urtebete geroago 2,38 pg-EQT.

Dioxina gutxiago neurtu duten arren, Toxico Watchek gehiegizkotzat jo du arrautza horietan topatutako dioxina kantitatea. «Inondik inora ere ez litzateke dioxina arrastorik aurkitu behar. Bi etxalde horietako arrautzen dioxinaren (PCDD/F) emaitzak Dr. Calux biosaiakuntza aztertzeko EBko mugaren gainetik daude», azaldu du Abel Arkenbout Toxico Watcheko ikertzaileak.

Nabarmentzeko modukoa iruditu zaie substantzia perfluoroalkilatu eta polifluoroalkilatuen (PFAS) kutsadura ere. Izan ere, gai toxiko horien arrastoa topatu dute arrautzetan, goroldioan eta sedimentuetan. PFASak 4.700 gai kimiko eta sintetiko dira, produktu askotan erabiliak, eta ezagunak dira ingurumenean eta giza gorputzetan luzaro irauteko duten ahalmenarengatik. Zientzialariek frogatu dute gizakietan gaixotasun larriak eragin ditzaketela; besteak beste, minbizia, antzutasuna, tiroidearekin loturiko gaitzak, obesitatea eta gaixotasun hepatikoak.

Arkenboutek azpimarratu du PFASak topatu izanak duen garrantzia. «Orain, Herbehereetan onartzen ari dira erraustegiek ezin dituztela erabat ezabatu gure eguneroko produktuetako PFAS kantitate handiak, esaterako, ontzietako material ugarietan daudenak. Europa osoko erraustegien inguruetan aurki ditzakegu PFASak. Erraustegiak PFAS isurketen iturri direla ondorioztatzen bada, horrek eragin handia izango du hondakinen politiketan».

Bost urteko txostena

2019an hasi ziren Toxico Watcheko zientzialariak Zubietako kutsadurari buruzko neurketak egiten. Duela egun gutxi bukatu dituzte 2023ko laginketak, eta laborategiko emaitzen zain daude. Datu horiekin eta heldu den urtean egingo duten biomonitarizatzearekin, Zubietako erraustegiaren inguruko bost urteko (2019-2024) txostena osatuko dute. Zientzialarien ustez, azterketa zorrotzagoak egiteko aukera emango dute ikerketaren emaitzek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.