EAko primarioen auzia epaiaren zain da, bi aldeek ez baitute akordiorik lortu

Sektore ofizialak kritikoei leporatu die «gezurra» esatea eta «akusazio faltsuak» egitea. Kritikoek frogatutzat eman dituzte akusazioak

Iker Ruiz de Egino EAko bozeramailea, auzitegira sartzear. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maider Galardi
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Adostasunik gabe amaitu da EAko primarioei eta datu baseari buruzko epaiketa. Joan den asteartean hasi zen auzia, Gasteizko lehen auzialdiko epaitegian. Zehazki, sektore kritikoak jo zuen auzitara, argitzeko ea bidezkoa zen lurralde arduradunek afiliatuen datu baserako sarbidea ez edukitzea, eta primarioen prozesua legezkoa izan zen ala ez argitzeko. Guztira, hiru egunez luzatu dira saioak, eta launa lekukok hartu dute hitza. Epaiaren zain dago orain auzia, eta adostasunik ez dago bi aldeen artean; sektore ofizialak dio «araudia eskuetan» jokatu dutela beti; kritikoek, berriz, alderdiko zuzendaritzaren «arbitrariotasuna» salatu dute.

Afiliatuen datuen erabileran dago auziaren gakoa. Sektore kritikoak dio eguneratu gabe dagoela datu basea, eta, lurraldeetako koordinatzaileek datuak eskatu arren, zuzendaritzak ez dituela haien eskura utzi, alderdiaren «kontrola» ez galtzeko. Hori frogatzen ahalegindu dira epaiketan, eta ohar batean azaldu dute «frogatutzat» jotzen dutela aipatutakoa: «Auzitegietako bide zailak agerian utzi du zuzendaritzak denbora daramala EAko barne demokraziarako arauak urratzen». Gainera, primarioetan Maiorga Ramirezen hautagaitza oztopatzea eta nazio batzarraren akta bat faltsutzea egozten diete ildo ofizialekoei.

Sektore ofizialeko kideek, ordea, salatu dute kalumniak eta akusazio faltsuak egin dituztela sektore kritikokoek. Edonola ere, «gezur» horiek epaiketan «desegin» dituztelakoan daude, eta ukatu egin dute dokumentuak faltsutzea. Are, kritikoei eskatu diete publikoki gezurtatzeko.

Epaiketaren ostekoak

Auzitegietako bidea amaituta, bi aldeek espero dute egoera bideratzea. «Justiziak esango du ea alderdi baten zintzotasuna eta barne araudia lau kideren interesen gainetik dagoen ala ez», zehaztu dute ildo ofizialekoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.